Ali Khameneiren arabera, «Iranen etsaiak» ari dira protestak hauspotzen

Mobilizazioetan hogeitik gora pertsona hil dituzte. Atxilotutakoei zigor «gogorrak» ezarriko dizkietela ohartarazi die epaile batek manifestariei
Ali Khamenei Irango lider gorena atzo, Ruhola Khomeini 1979ko iraultza islamikoaren liderraren argazki bat atzean duela.
Ali Khamenei Irango lider gorena atzo, Ruhola Khomeini 1979ko iraultza islamikoaren liderraren argazki bat atzean duela. EFE

Igor Susaeta -

2018ko urtarrilak 3
Segurtasun indarren eta manifestarien arteko borrokak gertatu ziren Irango Isfahan eskualdean herenegun gauean, eta bederatzi pertsona hil zituzten. Pairatzen ari diren egoera ekonomikoa salatzeko asmoarekin, herritarrak mobilizatzen hasi ziren joan den ostegunean, eta orduz geroztik hogei lagunetik gora hil dituzte Iranen eta Irango Kurdistanen gertatutako istiluetan, eta atxilo hartu dituztenak mila dira gutxienez. Ali Khamenei Irango Errepublika Islamikoko lider gorenaren esanetan, «Iranen etsaiak» dira gertatzen ari den horren erantzuleak, eta haiek hauspotu dituzte protestak. Eta Musa Ghazanfarabadi Teherango Auzitegi Iraultzaileko presidenteak ohartarazpen bat egin die manifestariei: «Egunak pasatu ahala, ezarritako zigorra gogortuko diete atxilotutakoei. Guretzat jada ez dira beren eskubideengatik protestatzen ari direnak, erregimenari kalte egin nahi diotenak baizik».

Izan ere, hasierako mobilizazioak Hassan Rohaniren gobernuaren kontrakoak izan ziren —agindutako erreforma ekonomiko eta sozialak betetzeko eskatzen diote 2013tik presidente denari—, baina egunak pasatu ahala errepublika islamikoa, hau da, sistema bera ari dira zalantzan jartzen manifestariak, eta, esaterako, lau meskita erre dituzte Savadkuh eskualdean, herrialdearen iparraldean.

Khameneiren beraren kontrako leloak ere oihukatu dituzte manifestazioetan, baina aiatolak, zeina Ruhola Khomeini 1979ko iraultza islamikoaren liderraren ordezkoa den 1989tik, kanpora begiratu du, ez barrura. «Errepublika islamikoaren barrenean arazoak sortzeko asmoarekin, Iranen etsaiak hainbat tresna erabiltzen ari dira azken egunotan: dirua, armak, politikariak eta inteligentzia zerbitzuak», adierazi zuen atzo bere webgune ofizialean. Halere, oraindik ez zaie mintzatu herritarrei berei, «egoki denean» hitzegingo baitie.

Trump, gasolina botatzen

Rohanik ere kanpora begiratu zuen bezperan, eta iradoki AEBak eta Israel ari direla protestak sustatzen. Ali Xamkhani Segurtasun Nazionalarerako Kontseilu Goreneko idazkaria, baina, areago joan da, eta atzo nabarmendu zuen AEBetako, Erresuma Batuko eta Saudi Arabiako administrazioak daudela mobilizazioen atzean. Donald Trump AEBetako presidenteak jarraitzen du suari su ematen, eta, Twitter bidez, adierazi du Iranen «jateko gutxi» dutela, «giza eskubideak» ez dituztela errespetatzen, eta AEBak gertatzen ari dena «zaintzen» ari direla. Irango Atzerri Ministerioak erantzun dio arduratu dadila «AEBetan etxerik ez dutenez eta gose direnez». Hossein Zolfaghari Barne ministroaren esanetan, 25 urtetik beherakoak dira atxilotutakoen %90. Irango gazteen %30 inguru langabezian zeuden joan den urtean.

Barruan, bien bitartean, herritarrei sare sozialen erabilera murriztu die administrazioak, eta, Barne Ministerioaren baimenarekin soilik antola daitezke manifestazioak. Ghazanfarabadik argitu zuenez, segurtasun nazionalari «eraso» egitea leporatu ahal izango diete manifestariei, baita moharebeh delakoa ere, «jainkoarenganako etsaitasuna», alegia. Bi delitu horiengatik heriotza zigorra ezar dezakete Iranen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna