AEBek Damaskoren aldeko dozenaka miliziano hil dituzte, Siria ekialdean

2011n gerra hasi zenetik Washingtonek egindako erasoaldirik handiena da. Errusiak esan du ez duela zerikusirik miliziano horien jardunarekin

Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
2011n Sirian gerra hasi zenetik Damaskoren aldeko indarren aurka AEBek egindako erasorik handiena izan zen herenegun iluntzekoa. Ikhbariya Siriako telebista publikoaren arabera, dozenaka dira hildakoak, eta Washingtonek dio «ehun borrokalari baino gehiago» hil dituela. AEBetako armadak adierazi du SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioak Siria ekialdean, Deir ez-Zor eskualdean kontrolpean duen eremua inbaditu nahi izan zutela Siriako Gobernuaren aldeko 500 bat milizianok; horiek «eraso egin» zietela koalizioko kideei, eta, hortaz, «defendatzeko asmoz», airez bonbardatuz erantzun zuela.

Deir ez-Zor ia eskualde osoa EI Estatu Islamikoaren menpe egon zen hiru bat urtez, SDF iparraldetik eta Siriako armada mendebaldetik sartu ziren arte. Eufrates ibaiak banatzen du probintzia, eta Damaskoren aldeko indarrek kontrolpean dute eskualdearen mendebaldea, eta SDFk ekialdea. Hain zuzen, ekialdeko lurretan gertatu da erasoa.

Pentagonoak zehaztu du SDFk EIri irabazitako posizioak bereganatu nahi zituztela Baxar al-Assad Siriako presidentearen aldeko milizianoek, «susmo» hori duela. Areago joan da, ordea: «Ziurrenik, Khuxamgo petrolio putzuak hartu nahi zituzten». AEBentzat, 2014 eta 2017 artean EIren «diru iturri» nagusietakoak izan ziren putzu horiek.

Iranekin batera Damasko babesten duen beste herrialdea Errusia da, eta hango Defentsa Ministerioak esan du AEBek Sirian duten helburua ez dela EIren kontra borrokatzea, baizik eta «etekin ekonomikoa ateratzea». Halere, Moskuk zehaztu du ez duela zerikusirik miliziano horien jardunarekin.

Eta, hain zuzen, EIren kontra egiteko AEBak buru dituen nazioarteko koalizioko informazio publikoko bulegoko zuzendariaren esanetan, koalizioko erantzuleek Moskurekin hitz egin zuten, «erasoa hasi baino lehen, gertatzen ari zen bitartean, baita ondoren ere».Thomas F. Veale koronelak Efe berri agentziari posta elektronikoz helarazitako mezuaren arabera, Errusiak koalizioari adierazi zion Siriako armadak ez ziela erantzungo eskualdean gertatutako erasoei. Vealeren hitzetan, azken egunetan ikusten ari ziren milizianoak «prestatzen»ari zirela, eta artilleria erasoekin ekin ziotela herenegun.

Ordu bakan batzuk iraun zuen AEBen erasoak. «Borrokak eten dira», azpimarratu zuen, atzo goizean, Lilwa Ani SDFren bozeramaileak. «Gure milizianoek aurre egin zioten erasoari, eta koalizioak erregimenaren hainbat baseri eraso egin zion, eta zenbait ibilgailu suntsitu». Zehaztu zuen, gainera, SDFko kide bakar bat ere ez zutela hil.

Bestelako kontakizuna egin dute Siriako hedabide publikoek. Haiek zabaldu dutenez, SDFren eta EIren kontra borrokan ari diren «bertako herritarrak» bonbardatu ditu AEBetako armadak. «Erasoa» salatu dute, eta gaineratu «terrorismoa babesteko saiakera bat» dela.

Erdoganen proposamena

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa telefonoz mintzatu ziren atzo. Bi herrialdeek Sirian dituzten tropen koordinazioa indartzea zuen helburu elkarrizketak. Erdoganek, gainera, Istanbulen Siriari buruzko batzar bat egitea proposatu dio Putini. Turkiako Gobernuko iturrien arabera, Errusiako presidentea ados dago, eta bilera horretan Hassan Rohani Irango presidenteak ere parte hartuko luke. Antzeko bilkura bat egin zuten hirurek Sotxin (Errusia), joan den azaroan.

AFPk kaleratu duenez, Siria barneko Kurdistango Afrin barruti autonomoan Turkia egiten ari den erasoaldia ere izan zuten hizpide Erdoganek eta Putinek. Moskun badira arduratuta dauden buruzagiak, baina hainbat analistak ondorioztatu dute eraso horiek ez zirela gertatuko Errusiak, aipatu gabe izan arren, baimenik eman izan ez balu. Joan den urtarrilaren 20an hasi zuen erasoaldia Turkiak, eta, gutxienez, 148 zibil dituzte Afrinen, hango Osasun Sailaren arabera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.