Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Londresek EBrekin lanean jarraitu nahi du defentsa eta atzerri politika arloetan

Publizitatea

Mundua

Londresek EBrekin lanean jarraitu nahi du defentsa eta atzerri politika arloetan

'Brexit'-a gauzatu ondorenerako ere, Bruselak lankidetza bultzatzen du. EBtik ateratzea ahalbidetzen duen legea onartu du Erresuma Batuak

2017-09-13 / Igor Susaeta

Berez, 2019ko martxoaren 29an da Erresuma Batua brexit-a gauzatzekoa. Dena den, EB Europako Batasunetik alde eginda ere, Londresek ez dauka Bruselarekiko harremanak guztiz hausteko asmorik. Atzo goizean, EBtik ateratzeko modua ematen duen lege proiektua Komunen Ganberan onartu eta ordu batzuetara, Londresek jakinarazi zuen, dokumentu batean, defentsa eta atzerri politika arloetan Bruselarekin lanean jarraitu nahi duela, hori «ezinbestekoa» baita herritarren interesentzat. Eta Brusela ados dago, lankidetzari eutsi nahi dio bi urte barru ere, nahiz eta Europako Batzordeari iruditzen zaion etorkizuneko harremanari heldu baino lehenago lehentasunezko gaietan aurrerapausoak eman behar direla.

Brexit-ari buruzko negoziazioak duela hiru hilabete hasi zituzten bi aldeek. Orduz geroztik, hiru elkarrizketa sail eduki dituzte, eta Bruselak Londresi leporatzen dio ez dituela nahikoa aurrerapauso ematen. Bilera horietan, hiru dira lehentasunezko gaiak: herritarren eskubideak, akordio finantzarioa eta Irlanda. «Oinarri hori kontuan hartuta, EBk Erresuma Batuarekin duen harremanari eutsi nahi dio komertzioarekin lotuta ez dauden gaietan ere; bereziki,terrorismoaren kontrako borrokan, nazioarteko delituetan, segurtasunean, eta defentsan eta atzerri politikan», nabarmendu zuen Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileburuak atzo.

Eta Londres prest. Atzo kaleratutako dokumentuaren arabera, Londresek segitu nahi du bere ekarpena egiten, tropekin, ekipamendu militarrekin, eta funtsekin. Erresuma Batuak dio komeni dela «estuki» kolaboratzea, «desafioei» aurre egiteko ahaleginean: «Terrorismoa, eraso zibernetikoak, immigrazioa, Errusia, eta Ipar Korea moduko huts eginiko estatuak».

Zazpi laborista, alde

Komunen Ganberan atzo goizaldean hartutako erabakia «historikoa» da, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren esanetan. Brexit-aren ondoren lege hutsunerik egon ez dadin, proiektu legeak asmo du EBren legedia Erresuma Batukora egokitzea. Baietz bozkatu zuten 326 diputatuk, eta kontra 290ek. Alde bozkatu zutenen artean zeuden gobernu koaliziokoak, Alderdi Kontserbadorekoak etaDUPekoak, baina baita Alderdi Laboristako zazpi kide euroeszeptiko ere.

Publizitatea

Sortu kontua
Igor Susaeta Igor Susaeta

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak