Nafarroako soldata arrakala estatuko handiena dela salatu du LABek

Nafarroan emakumeek gizonek baino 8.164 euro gutxiago irabazten dute. Jaurlaritza patronalarekin eta sindikatuekin bilduko da gaur

Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Soldata berdintasunaren aldeko nazioarteko eguna da bihar, eta ugari dira emakumeen eta gizonezkoen soldata arraila salatu dutenak. LABeko emakume afiliatuak Nafarroako CEN enpresaburuen elkartearen egoitza parean elkartu ziren atzo goizean, Iruñean. Patronalari soldata arrakalaren inguruko azterketa bat egiteko eskatu zioten, eta Nafarroako emakume langileek bizi duten egoera salatu zuten.

Hego Euskal Herrian, emakume batek, batez beste, gizon batek baino 7.680 euro gutxiago irabazten du. Nafarroaren kasuan, ordea, aldea handiagoa da, 8.164 eurokoa, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. LABek azaldu duenez, Nafarroak «Espainiako estatuko soldata arrakalarik handiena du», eta Europako Batasuneko batezbestekotik gora dago. Euroestaten arabera, arrakala %13,9 da Hego Euskal Herrian, %18 Nafarroan, eta %16,3 EBn.

LABek salatu du erakundeak«oso urrun» dabiltzala aipatzen duten berdintasuna lortzetik: «Gizonek eta emakumeek ez dituzte oraindik eskubide berberak». Soldata arrakala «kroniko» bihurtu dela adierazi du, eta horrek «berdintasun politika publikoen porrota» erakusten duela. Halere, sindikatuko Iruñerria-Pirinioak eskualdeko arduradun Rosa Iriartek esan du arrakala ez dela lan eremuan gertatzen den diskriminazio bakarra, «argiena» den arren. Horregatik, bazterketa hori aztertzeko eskatu die administrazio publikoari eta CEN patronalari. CENi berdintasuna sustatzea «bere agendaren erdigunean» kokatzeko ere exijitu dio: «Neurri eraginkorrak hartu ahal izateko, errealitatea ezagutu behar dugu». Ordezkaritza sindikala duten hainbat enpresatan ere soldata arrakalaren azterketa egin dezatela eskatuko dute.

Egungo egoerari aurre egiteko kalera irten beharra defendatu du sindikatuak, eta horregatik dei egin du martxoaren 8ko manifestazioetan parte hartzera: «Sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka borrokatzeko».

Podemosen proposamenak

Soldata arrakalaren gaia Madrilgo Diputatuen Kongresura ere iritsi da, eta gardentasuna eta berdintasun planak sustatzeko Podemosen lege proposamena tramitatzearenalde bozkatu zuen parlamentarien gehiengoak, atzo. PSOE eta Ciudadanos alderdien babesa izan zuen Podemosek, baita EH Bilduko eta EAJko diputatuena ere, biek adierazizuten arren ez daudela proposamenarekin «guztiz ados».

Proposamenak hainbat puntu ditu; tartean, 250 langile baino gehiago dituzten enpresek berdintasun planak sustatzeko betebeharra izatea, enpresek soldaten berri ematea, sexuka banatuta, eta lan ikuskaritzako unitate berezituak sortzea.

Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari ere egin zizkion hainbat eskakizun, eta Eusko Legebiltzarreko alderdi guztien babesa izan zuen orduan. Proposamen haren harira, Lan eta Justizia Sailak Confebask patronala eta ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuak deitu zituen bilerara, gaur goizerako. ELAk uko egin dio bileran parte hartzeari, eta soldata arrakalaren kontura «propaganda» egin nahi izatea leporatu dio Jaurlaritzari. Parte hartuko ez duen sindikatu bakarra izango da, LABek baietza eman baitzion bileran egoteko gonbidapenari. Halere, kritiko agertu da, eta kontzentrazio batera deitu du Bilbon, bilera hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.