Susperraldia «atzeratzea» egotzi die SEA patronalak ELA eta LAB sindikatuei

Araban egoera ekonomikoa hobetu dela azpimarratu dute.Enpresa gehienek ez dute beharrezko ikusten lan erreforman sakontzea

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Sei urte gogorren ondoren, argi izpi batzuk iritsi dira Arabako ekonomiara. Hori uste du, behintzat, herrialdeko SEA patronalak. Orain susperraldia egonkortzeko garaia dela uste du enpresaburu elkarteak. Bide horretan, sindikatu abertzaleen lana zuzenean kritikatu du: «ELA eta LAB krisiaren amaiera atzeratzen ari dira; Araba eta Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala trabatzen ari dira», Pascal Gomez SEAko presidentearen hitzetan.

Urteko batzar nagusia du bihar SEAk, Gasteizen. Atzo, balantzea eta herrialdeko enpresei egindako azken inkestaren emaitzak aurkeztu zituen. Mezu baikorra ematen saiatu zen Gomez, baina baita baldintzapekoa ere. «Krisitik ateratzeko dena dugu eskura; ados jartzeko gai izatea falta bakarrik zaigu».

Puntu horretan «bake soziala» bermatzeko eskatu zien sindikatuei. Zeharka, ELAk gizarte elkarrizketan ez parte hartzeko hartu duen erabakia gaitzetsi zuen. «Ekarpenak egiteko ardura dute, parte hartzekoa, eta ez dute geratu behar elkarrizketa foroetatik kanpo». Enpresen lehiakortasunerako laguntzeko exijitu zien sindikatuei patronaleko buruak.

Baikortasuna industria barometroaren emaitzetan oinarritu du SEAk. Lehen aldiz krisia hasi zenetik, enpresa gehiago dira eskaerak eta inbertsioak handituko dituztenak, jaitsiko dituztenekin alderatuta. Joera aldaketa hori urtarrilean hasi ziren ikusten, eta orain indartu egin da.

Enpleguari eutsi

Inkestari erantzun dioten enpresa gehienek enpleguari eusteko asmoa dute. Hala, soilik %11k espero dute lantaldea txikitzea aurki. Datozen hilabeteotarako iritziaz galdetuta, lantaldea txikituko dutenen kopurua %18ra igotzen da. Hala ere, SEAk ziurtatu du aurrera begira ez direla murrizketa handiak espero.

Edonola ere, Gomezek ziurtatu zuen enplegu sorrera garbia oso txikia izango dela aurten, eta gogoratu zuen herrialdeko enpresen %67k galerak izan dituztela. SEAren aburuz, 2013. urtea «inoizko txarrena» izan zen herrialdeko ekonomiarentzat. 2014. urtean hobetu egin dira aurreikuspenak: enpresen %38k emaitza hobeak espero dituzte, eta %42k antzera jarraituko dute. Soilik bost enpresatik batek, %20k, uste du okerrera egingo duela. Kopuru hori %43 da eraikuntzan, alde handiz aurreikuspen txarrenak dituen sektorean.

Lan erreforma ez da kezka

Enpresaburuek administrazioei egiten dizkieten eskaera nagusiak ere bildu nahi izan ditu inkestak. Deigarria da %40k baino gutxiagok uste dutela beharrezkoa dela lan erreforman are gehiago sakontzea, beste patronal batzuek, eta bereziki CEOEk, behin eta berriro eskatzen duten arren.

Enpresaburuen bi herenek, hori bai, zerga gutxiago ordaintzeko eskatu dute. Enpresei jarduera ekonomikoen zerga handitzeko Gasteizko Udalaren asmoa kritikatu du SEAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.