Barkamena eskatu du

Pello Gibelaldek adierazi du ez zuela asmatu «enpresa bokazioaren» jaitsieraz duen kezka azaltzen: «Nire asmoa ez zen inor mintzea»

Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Barkamena eskatu nahi diet nire hitzengatik mindu diren guztiei. Benetan, ez zen hori nire asmoa». Pello Gibelalde Adegiko presidenteak gazteen «gose falta» kritikatu eta bost egunera barkamena eskatu behar izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak belarritik tira ondoren, komunikatu labur bat atera du patronaleko buruak. Bertan argudiatu du joan den ostiraleko prentsaurrekoan «enpresa bokazioaren» jaitsieraz duen kezka plazaratu nahi zuela, horrek «lurraldearen etorkizunean» izan dezakeen eraginarengatik, baina kezka hori ez zuela «modu egokienean» plazaratu.

Diputazioaren eta Jaurlaritzaren errietaren ondoren etorri da zuzenketa. Denis Itxaso Kultura eta Gazteria diputatuak «bidegabetzat» jo zituen Gibelalderen hitzak. Hala ere, gaineratu zuen garaiz zegoela atzera egin eta barkamena eskatzeko. Angel Toña Enplegu sailburuak ere «neurriz» jokatzera deitu zuen eta esan zuen ez dela zuzena gazteen enpleguari buruz orokortzea. Bien ustez, gazteak «oso ondo prestatuta» daude, baina ez dituzte «behar bezalako» aukerak.

CCOOk eta UGTk ere gaitzetsi dituzte Gibelalderen hitzak. Lan Duinaren Nazioarteko Egunaren harira, Bilbon elkarretaratzea egin zuten atzo, eta bi sindikatuetako idazkari nagusiek izan zituzten hizpide Adegiko presidentearen adierazpenak. CCOOko Sordoren arabera, «arinkeriak» utzi eta enpresek langile gehiago kontrata ditzaten egin behar du lan Gibelaldek. Ekonomiaren hazkunde nabarmena iragarri arren, «gazte askok» kanpora joan behar dutela salatu du Sordok: «Arazo horri erantzun behar dio patronal bateko arduradunak». UGTko Raul Arzak nabarmendu zuen gazteen %80k behin-behineko kontratuak dituztela, eta horietako askok «huskeria» kobratzen dutela. Hortaz, uste du «iraina» dela gazteek ahaleginik ez dutela egin nahi esatea.

EH Bildu «gustura» agertu da «presio sozialaren ondorioz» Gibelaldek barkamena eskatu duelako, baina uste du ez dela «nahikoa». Hori dela eta, aurrera segituko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztutako ebazpen proposamenarekin. Sei puntutatik bat aldatuko duela jakinarazi du, ordea; Gibelalderi bere hitzak erretiratzeko eskatzen ziona. LABek, berriz, elkarretaratzea egingo du gaur 11:00etan, Adegiren egoitzaren aurrean. GibelALDE esplotatzailea! Bagoaz etorkizuna irabaztera! izango da leloa. Ernai gazte antolakundearekin batera antolatu du protesta.

Alde biko eskaera Toñak

Toña sailburuak lan harremanak izan zituen hizpide Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Enpresariei «ausardia» eskatu die, eta «bidezko soldata igoera batzuk» onartzeko. Eskaera, baina, ez zen norabide bakarrekoa izan, bikoa baizik. Sindikatuei ere malgutasuna «gogo hobez» onartzeko eskatu die, haren ustez malgutasuna onartzeak ez duelako esan nahi langileen interesak defendatzen ez direnik.

Negoziazio kolektiboaren egoera «prekarioa eta txarra» dela aitortu du Toñak, ez direlako lortzen «elkargunerako gutxieneko eremuak». Haren ustez, enpresariek malgutasuna «behar dute eta eskatzen dute» hitzarmenetan, eta sindikatuek «oso ezkor» erantzuten diote eskakizun horri.

Aldi berean, sailburuak esan du beharginek «lan baldintzak hobetzeko» beharra daukatela, «urte dezentetan geldirik dauzkatelako». Enpresarien aldetik lan baldintza batzuk hobetzeko «erresistentzia» ikusten du Toñak, eta kasu batzuetan ulergarria dela aitortu arren, uste du beste batzuetan ez dela horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.