Amelia Jauregi. Baserritarra

«Ez da gauza bera baserritik bizi edo baserrian bizi»

Gogorra egin zaio urteetako lanbidea alabaren eskuetan uztea, erretiratu arren sasoiko baitago. Hiru belaunalditako emakumeak izan dira Gabiriako Baztarrika baserriaren titular.

2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Erretiratu arren, lanean jarraitzen du Amelia Jauregik (Gabiria, Gipuzkoa, 1949) Baztarrika baserrian. «Beti dago zerbait egiteko; baratzean ez bada, gazta egiten laguntzeko, edo, bestela, feriara joateko». Zaila da Jauregi geldirik ikustea. Ia bizi oso bat eman du artzaintzan eta gaztagintzan, eta,orain, alabari profesioaren sekretu txikienak erakutsi ostean, lekukoa pasatu du.

Baztarrika baserria alabak gobernatzen du orain.

Alaba eta suhia arduratzen dira orain ardiez eta gaztaren produkzioaz. Gogorra da, nahiz eta etxekoa izan, zure bizi osoko lanbidea beste baten eskuetan uztea. Oraindik sasoi onean nago, egin ditzaket gauza asko, baina kontzientziatu beharra dago, ondorengoari utzi behar diozula, eta ahalik eta baldintza onenetan. Eurek erabaki behar dute nola funtzionatu behar duen denak. Hori oso garrantzitsua da. Ez da komeni gainean egotea; hau ez duzu ondo egin, hori horrela egin...

Titularra ere bera da, ezta?

Gure ama baserri honen jabea zen. Gero nik hartu nuen, eta orain alabak hartu du. Hiru belaunalditako emakumeak izan gara titularrak.

Ez da oso ohikoa.

Gure belaunaldian, ez. Lehenagokoan, mutilak izan behar zuen jabe. Zaharrenak, gainera. Normalean, hala izaten zen, baita baserria gustatzen ez bazitzaion ere. Berak izan behar zuen maiorazkoa. Gure etxean ez da hori gertatu. Gure ama ez zen zaharrena, eta emakumea zen. Nire kasuan ere ez nintzen zaharrena, eta emakume batek hartu zuen. Berdin, alabarekin.

Emakume askok egiten al du lan baserrian?

Baserri guztietan daude emakumeak lanean, nahiz eta ez ikusi. Okerrena hori da. Gure zenbait amona, ama, joan egin dira, bizi guztian baserrian lan eginda. Eta sekula ez dituzte langiletzat kontsideratu. Ez dutelako kotizatu.

Derrigorrez gustatu behar zaizu baserria, ezta?

Bokaziozkoa da. Gaur egun, badago jende asko baserrietan bizi dena. Baina baserritik bizi al dira? Ez da gauza bera baserritik bizi edo baserrian bizi. Baserritik bizitzeko bizipen asko igaro behar dira. Gure gurasoek pasatu behar izan zuten guztia... Niri, behintzat, horrek asko eragin dit. Gure gurasoak kapazak izan baziren baserri bat aurrera ateratzeko eta hortik bizitzeko, ahalegindu naiz aurrera egiten eta hurrengoei legatu bat uzten.

Zertaz arduratzen zinen baserrian?

Neu nintzen artzaina; gazta produkzioaz ere neu bakarrik arduratzen nintzen. Gizonak kanpoan lana egiten zuen. Umeak nituen garaian ere, haiek hazi bitartean, neuk gobernatzen nituen ardiak. Goizean ardiak jetzi, larreratu, jaten eman, zaindu, gazta egin, umeak eskola eraman... Ia dena.

Nola moldatzen zinen hainbesteko lanarekin?

Ondo. Neguarekin itomena iristen zen, ardiekin lan gehiago egin behar delako. Baina artzaintzan ibiltzen nintzen garaian ama sasoiko zegoen, eta berak egiten zituen etxeko jatorduak.

Oporrik izaten al zenuten?

Nire gurasoak hemen bizi ziren. Lau belaunaldi bizi izan gara baserri honetan. Guk besteei laguntzen diegun bezala, eurek ere laguntzen ziguten gazteak ginenean. Udan ardiek hainbeste lanik ematen ez dutenez, egun batzuk izaten genituen libre.

Zer egiten duzu orain?

Lasai jaikitzen naiz, 08:00etan. Etxeko lanak egin, eta, bileraren bat edo badago, hara joan. Gainerakoan, laguntzatxo bat eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.