CUPek ohartarazi du Masen aldeko botoa behartzeak prozesua ahulduko lukeela

Presidentearen izendapena negoziazio amaierarako utzi dute bi aldeek.Prozesua hondatu aurretik Mas babestuko luketela esan du Arrufatek

Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Katalunian presio ikaragarria ari da jasaten CUP, I-27ko hauteskundeek utzi duten jokalekuan erabakigarria bihurtu baita Artur Mas presidente izendatu edo ez erabakitzeko orduan. Eta, Junts Pel Si zerrenda osatzean CDCk eta ERCk hitzartu zuten hautagaia babesteko presioa «muturreraino» eramanez gero, azkenean, «prozesua hondatu aurretik», CUPek Masen aldeko botoa eman emango lukeela onartu du Quim Arrufat ezker independentistako diputatu ohiak. Mas izendatzeko «modurik errazena» hori litzatekeela erantsi du: «CDC eta JPS berean tematu, CUPi bi hilabetean presio egin, eta azkenera iristea».

Baina egoera hori behartzeak eta CUP bere hitza jatera derrigortzeak prozesu subiranistari kaltea ekarriko liokeela nabarmendu du diputatu ohiak: «Ez dut uste hortik sinesgarria, demokratikoa eta guztiontzakoa izango den errepublika bat irten daitekeenik».

Auzia guztiz trabatuta dagoela ikusirik, presidentearen izendapena atzo hasitako negoziazioen amaierarako uztea erabaki dute JPSk eta CUPek. Bi aldeek —eta baita Masek berak ere— nabarmendu dute prozesu subiranista indartzeko bide orria hitzartu eta independentziara bidean pausoak ematea dela orain garrantzitsuena, ez Generalitateko hurrengo presidentea zein izango den; baina negoziazio formalen atariko eztabaida presidentearen izendapenari buruzko korapiloak trabatu du.

JPSk argi utzi zuen hauteskundeen aurretik I-27an zerrendaburu Raul Romeva joan arren bere presidentegaia Mas izango zela. Eta ezin argiago argudiatu zuen CUPek ere ez zuela Mas presidente izendatzeko botorik emango. Bai hauteskundeen aurretik, eta baita I-27aren ostean ere: JPSk 62 diputatu lortu zituen, eta CUPez gainerako indarrek, 63; eta mugimendu asanblearioaren hamar ordezkarien abstentzioa ez da aski Mas presidente izendatzeko.

Korapiloa askatzeko bideak badaudela argudiatu du CUPek hauteskundeen ondotik, eta JPSk «kontsentsuzko hautagai bat» aise jar lezakeela adierazi zuen Antonio Baños CUPeko zerrendaburuak. Convergencia ingurutik Mas «politikoki lurperatu» nahia ere aurpegiratu diete, ordea, ezker independentistei. Eta «presidentetza partekatu bat» aterabide egokia izan litekeela erantzun zuen atzo Anna Gabriel CUPeko bigarren zerrendaburuak: «Ez gara ari gobernua sistema asanbleario bihurtu nahian. Baina hain presidentzialista izango ez den gobernu bat ere osa daiteke, dagokien pisua izango duten hiruzpalau ordezkarirekin, adibidez».

JPSri botoa eman zioten 1,6 milioi herritarren nahia «Espainiatik bereiztea» dela erantsi du Gabrielek: «Ez dugu uste botoa presidente bati eman diotenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.