Hollandek bi urte atzeratu nahi du %3ko defizit muga, 2017ra arte

Frantziako presidentearen ustez, ezinekoa da lehiakortasuna eta kontu publikoak aldi berean onbideratzea.

«Abiadura ezberdinetan banatutako Europa» defendatu du

Jon Fernandez -

2014ko irailak 19
Herritarren artean Frantziako presidente batek inoiz izan duen onarpenik txikienarekin (%25), gobernu krisi baten ostean, eta alderdian austeritatearen doktrinarantz lerratu izanaren kritikak inoiz baino ozenagoak direnean egin zuen atzo agerraldia François Hollandek laurehun kazetariren aurrean. Orain arteko bideari eutsiko diola berretsi zuen, beteko dituela Berlinen eskariak, baina, horretarako, denbora eskatu dio. Hasteko, iragarri du 2015erako hitzartutako %3ko defizit muga 2017ra atzeratzeko eskatuko diola Bruselari.

«Lortuko ote dugun gure asmoa betetzea? Horixe izango da negoziazioa». Ez da samurra izango negoziazioa, are gutxiago Europako Batzordeko Ekonomia komisario Pierre Moscovici Frantziako Finantza ministroa delarik. Duela urte erdi baino gutxiago Parisko gobernukide zenak erabaki beharko du orain Frantziako aurrekontuak onartu ala ez, eta Alemanian jada errezeloz begiratzen diote Parisi, mesedezko tratua jaso dezakeelakoan.

Berlin-Paris «motorra»

Hollandek aitortu du Frantziak aspalditik duela «izen txarra» Bruselan, aurreko bi presidenteek ere defizit helburuaren atzerapena eskatu izan diotelako Europari. «Interes tasen ahultasuna dela eta», defizit publikoa «puntu garrantzitsu bat» dela azaldu du Eliseoko buruak, baina ez dela bere lehentasun nagusia, eta horregatik ahaleginduko dela %3ko defizit helburua bi urte atzeratzen. Hollandek ez du uste Frantzia edo beste edozein herrialde gai denik aldi berean lehiakortasuna eta kontu publikoak onbideratzeko.

Bere lehentasun nagusiak «enplegua, hazkundea eta lehiakortasuna» direla nabarmendu du presidenteak. Noiz eta euroguneko eta Frantziako ekonomia berriro izoztu direnean. Aurtengo bigarren hiruhilekoan Italiako eta Alemaniako ekonomiak %0,2 jaitsi ziren, eta Frantziakoa ez gora ez behera gelditu zen.

Hain zuzen, Paris-Berlin ardatza Europan hazkundea eta enplegua bultzatzeko «motorra» izatea defendatu du Hollandek. Baina «abiadura ezberdinetan banatutako Europa» nahi du Frantziako presidenteak. EB «benetako hazkunde eta enplegu politika baterantz bideratzeaz» hitz egin zuen atzo ere, kargura iritsi zenean egin zuen bezala. Baina bi urtean ez du norabide aldaketa hori egiterik lortu Bruselan, eta Parisen ere austeritate eta murrizketa politiken alde egin du azken urteotan.

Hollandek azaldu du 2015etik 2017ra 50.000 milioi euroko murrizketa egingo duela, eta Berlini esan dio ez diezaiola eskatu bost urtean egiteko «alemaniarrek hamar urtean, testuinguru errazagoan eta defizit mugarik barik egindako er45reforma bera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna