EPELen Binakako Txapelketako finala

Zubietaren irribarrea

Etxarriko atzelariaren eskuek hobera egin dute, eta «eroso» jokatu ahalko du.Urdinei biziegia iruditu zaie aurkarien pilota bat.Apustuak parean irtengo dira

Binakako finalean ariko diren pilotariak, eta, erdian, pilota aukeratzailea. Eskuinean, Aitor Zubieta, Juan Mari Juaristiri adarra jotzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Aitor Zubietaren irribarrea negoziaezina da. Pilotari gutxi izango da hark adinako umorea daukanik, eta atzo zoriontsu ageri zen binakako finalerako pilota aukeraketan. Azken bi asteak ez zaizkio errazak izan, eskuen egoerak ez dio bakerik eman, baina badirudi igandean maila onean jokatzeko moduan egongo dela. Ez nahi bezala, baina uste baino hobeto. «Eroso nago eskuekin. Entrenamendu on bat egin nuen iragan asteartean, eta gaur pilotakada batzuk jo ditut. Ez nago lehen ligaxkan bezain ondo, baina bai finalerdietan baino hobeto», azaldu zuen.

Zubietaren egoeraren inguruko xehetasunak jakitea zen aukeraketako interesgune nagusia. Atzelariak hedabideen aurrean fisioterapia klase txiki bat eman zuen, hobekuntza azaltzeko. «Eskuin eskuko kailuak hobera egin du, eta ezker eskuko zurda asko jaitsi da. Duela bi aste handituta nuen, eta orain ikus daiteke hantura asko jaitsi dela. Beste behin, takoekin asmatzea izango da gakoa, baina utzi beharreko zuloa ez da hain handia izango».

Etxarriko atzelariak finalerdietan baino tako finagoak jarri ahal izango dituela uste du. Tako lodiek ez dute uzten pilota behar bezala gidatzen, eta babes eta kontrolaren arteko erdibidea bilatu beharko du. «Partidaren hasieran uste baino hobeto egongo naiz. Ea tantoak jokatu ahala eskua nola dagoen. Garrantzitsua izango da pilotarik ez sartzea. Bi hitzetan, eroso nago».

Zubietak jokatu egingo du; sasoi onean, gainera. Zalantza argituta, piloten protokoloa zen aukeraketako beste ardura. Bi bikoteak gustura gelditu ziren. Biak Asegarcekoak izanda, ez zen besterik espero. Biek nahi zituzten tankerako pilotak izango dituzte,eta bizkor egin zuten hautua. Bengoetxea VI.ak eta Untoriak bote gutxiagokoak eta frontisetik gutxi irteten direnak; Berasaluze II.ak eta Zubietak, berriz, bote handiagokoak. Alvaro Untoriak argitu zuen bezala, «oso ezberdinak», baina denak jokatzekoak. Tira, denak, agian, ez, Bengoetxeak ñabardura bat egin zuelako. «Beraien pilota bat biziegia izan daitekeela iruditu zaigu. Ea finalean nola dabilen. Baina, tira, horrekin jokatu behar dugu, eta ez dago bestelako kexarik».

Apustuei dagokienez, parean irtengo dira. Hala esan zuen, Juan Luis Arrartek harmailetan. Asegarceko artekaria ohikoa da aukeraketetan, eta ia beti asmatu izan du aurreikuspenetan. «Eta ez dut uste joera asko aldatuko denik». Deigarria da, Bengoetxeak eta Untoriak 22-9 irabazi zutelako Berasaluze eta Zubietarenaurka finalerdietako ligaxkan, eta partida hura ere Bilbon jokatu zen. Euren aldeko joera espero zen, baina ez da hala izango. Berasaluze eta Zubieta eskarmentu handiko pilotariak dira, eta horrek, nonbait, segurtasuna ematen die apustu zaleei. Pilotariek ez diote faborito izateari bestelako garrantzirik ematen, baina Aitor Zubietak autoestimu erakustaldia egin zuen. «Bada, niretzat, gu gara faboritoak».

Bi estiloko bikoteak dira, eta gako nagusietako bat Aitor Zubietaren jardunean egongo da. Bi bikoteek bat egin zuten diagnosian. Gorriek atzean dominatu beharko dute Berasaluzek errematerako aukerak izan ditzan. «Oinatz saihesten saiatuko gara», zehaztu zuen Zubietak. «Baina ez da erraza. Ezin gara halako zerbaitekin itsutu, guk gure jokoa egin behar dugu». Parean Untoriak erantzungo dio, eta hura prest dago lanerako. «Zubietak kolpe izugarria du. Ni defendatzen saiatuko naiz, eta aukera dudanean, agintzen». Bengoetxeak, berriz, azalpen grafikoagoa eman zuen. «Gurea bikote borrokalaria da, lanak ematen dituena. Erritmo bizian jokatu behar dugu, eta batailan sartu».

Final berezia bada, baina, Pablo Berasaluzerentzat da. Lesioaren oroitzapena, bizkaitarren bolada... Horrek guztiak presioa sortzen dio —finalean Bizkaiko Aldundiaren publizitatea eramango dute elastikoetan—? «Presioa hor dago beti, baina final batean denok dugu presioa. Asko dago jokoan, baina kudeatzen jakin behar dugu». Eta finalerdietako emaitzak, 22-9ko hark sortzen al du presiorik? «Egun hartan eurek asko jokatu zuten. Ondo gurutzatu zuten pilota, pila bat defendatu zuten... Baina, tira, hau beste partida bat da».

Sakeen beldurrik ez

Egun hartan, Bengoetxeak min handia egin zuen sakearekin. Partidako gakoetako bat izan zen. Sei tanto egin zituen lehen pilotakadarekin, eta hainbat sake-erremateko egoera eragin. Kasu batzuetan Berasaluze eta Zubietaren arteko elkar ulertze arazoengatik izan zen. Finalerako, baina, ez dute ezer berezirik adostu; hala esan zuen, behintzat, atzelariak. «Oinatzek asko asmatu zuen, sake luze zein motzekin. Finalerako ez dugu ezer prestatu, atzera doazenak nik errestatuko ditut, eta, aukera duenean, airez sartuko da Pablo». Igandean ikusi beharko da egia den edo erabakiren bat ezkutatzeko amarrua ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.