Groenlandian gehiengo osoa lortu dute berriz ere independentistek

Irabazi arren, indar subiranistek boto asko galdu dituzte. Unionistek emaitzarik onena lortu dute independentzia eskubidea onartu zenetik

Erredakzioa
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Alderdi independentistek berriz ere gehiengo osoa izango dute Groenlandiako Parlamentuan, baina Danimarkak independentziarako eskubidea onartu zuenetik (2009) lorturiko emaitzarik txarrena izan dute. Botoen %67 inguru lortu dituzte, 2013ko gehieneko langatik (%85,5) nabarmen beherago. Unionistek, berriz, independentzia eskubidea onartuzenetik lehen hauteskundeetakoa zuten emaitzarik onena, botoen ia %24rekin, baina marka hori gainditu dute: botoen %29,5 eskuratu dituzte, eta igoera ikusgarria izan dute 2014ko bozetatik; hamar puntu baino gehiagokoa. Parlamentuaren aginduz, aditu talde bat konstituzio bat idazten ari da, eta ikusteko dago herenegungo emaitzek zer eragin izango duten prozesu horretan.

Beste behin, Siumut alderdi independentista eta sozialdemokrata izan da garailea. Danimarkak Groenlandiari autonomia onartu zionetik (1979) hauteskunde guztiak irabazi ditu, 1982koak eta 2009koak izan ezik. Hala ere, galera handia izan du 2014ko bozetatik: botoen %34,6 irabazi zituen duela lau urte, eta, herenegun, %27,2. Hark hartuko du berriz ere gobernua osatzeko ardura, eta bi aukera aski ezberdin izango ditu horretarako: bata, azken agintaldi bukaerako koalizioa errepikatzea beste alderdi independentistekin —31 eserlekutatik 21 izango lituzkete—; bestea, agintaldi hasierako koalizioa errepikatzea unionistekin —horien bi alderdi nagusiekin hamazazpi eserleku izango lituzkete—.

Siumuten azken bazkidea IA Inuit Ataqatigiit alderdi independentista ezkertiarra izan da. Berriro ere bigarren indarra izan da, baina, Siumutek bezala, galera handia izan du —botoen %25, 2014an baino zortzi puntu gutxiago—. Bi alderdiek gehiengoa bermatua dute elkarrekin —bederatzi eserleku Siumutek; zortzi, IAk—, baina desadostasun handiak dituzte meatzaritza politikan. Siumutek bide hori indartu nahi du independentziarako burujabetza ekonomikoa lortzeko, baina IA arduratuago dago utz ditzakeen ondorio ekologikoekin.

Indar unionista berri bat

Demokratak alderdi unionista izan da gehien hazi den indarra. Ia zortzi puntu gehiago irabazi ditu; hirugarren izan da, botoen %19,5 lortuta. Bi alderdi berri sartu dira parlamentuan, eta haietako batek, Elkarlanak, bultzada handia eman dio unionismoari, botoen %4 eta eserleku bat lortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.