Irabazten badu, Baskonia gaur sailkatuko da ACBko finalerako

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskoniak ACB ligako finalerako sailkatzeko aukera du gaur (21:00, Movistar). Horretarako, Bartzelonaren pistan irabazi behar du, finalerdietako kanporaketako hirugarren partidan. Gasteizko taldea 2-0 da aurretik seriean, beraz, gaur galduko balu, beste bi aukera izango lituzke pauso hori emateko.

Zazpi denboraldi pasatu dira Baskoniak ACBko finala jokatu zuen azken alditik. 2009-10eko denboraldian izan zen, eta ordukoan ere Bartzelona kanporatu zuen finalerdietan. Urte hartan galdetu izan baliete, taldeko buruek ez zuten esperoko hainbeste denbora beharko zutela ACBko tituluaren lehiara itzultzeko; beraz, jokalariek ezin diote utzi ihes egiten aukera eder horri.

Bartzelonaren pistan irabaztea inoiz ez da erraza, baina Baskonia sasoi ederrean dago, eta serieko lehen bi partidak 86-61 eta 85-79 irabazi ditu. Herenegungo partidan, Bartzelonak maila ona eman zuen, baina Baskoniak emaitza irauli zuen behetik gora eginda. Bigarren partida kolpe handia izan zen animo aldetik, eta gaur jota utz dezake Bartzelona.

Pedro Martinezek Baskoniako entrenatzaileak jokalari guztiak ditu erabilgarri; ez, ordea, Svetislav Pesicek. Pau Ribas eta Pierre Oriolaren parte hartzea kolokan dago, eta Petteri Koponenek kolpea hartu zuen orkatilan bigarren partidan. ACBko historian, finalerdiak 2-0 irabazten hasitako taldea beti sailkatu da finalerako.

Lau milioi Lauko Finalerako

Euroligako Lauko Finala Gasteizen jokatuko da heldu den urtean, eta dagoeneko jakinarazi dituzte egunak: maiatzaren 17tik 19ra. Sarreren salmenta, berriz, urrian hasiko da; lehen egunetan, eta zale bakoitzak sei erosi ahalko ditu asko jota. Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak 1,5na milioi euro jarri dituzte antolakuntzarako, eta Gasteizko Udalak eta Baskoniak, bana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.