Pilota. Binakako finala

Ez dute faborito izan nahi

Igandeko binakako finalerako aukeratutako pilotekin konforme azaldu dira bi bikoteak. Pilotari guztiek aurreikusi dute partida gogorra izango dela

Beñat Rezusta, Danel Elezkano, Jose Javier Zabaleta eta Joseba Ezkurdia, elkarrekin hizketan, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan eginiko aukeraketan. A. LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Guztien gustura egin du punpa pilotak oraingoan. Konforme gelditu dira bai Danel Elezkano eta Beñat Rezusta eta bai Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta etzi Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko den binakako finalerako aukeratutako materialarekin. Alde handirik ez da sei piloten artean, diotenez, baina partida gogorra izango dela aurreikusi dute, eta, beraz, garrantzitsuak izan daitezke ñabardurak. «Haienak agian ibilbide gehiago dute, eta bizixeagoak dira, baina nik uste dut egokiak direla», zehaztu du Ezkurdiak. Eta zehaztapena Rezustak ere: «Haien pilota bat igual da pixka bat ezberdina, baina ez dut uste diferentzia handirik dagoenik, eta problemarik gabe». Denek topatu dute saskian buruan darabilten partida jokatzeko materiala.

Aurkariaren teilatuan jarri nahi izan dute presioa Ezkurdiak eta Zabaletak. Haien hitzetan, Elezkano eta Rezusta dira finaleko faboritoak, eta azaldu dute zergatik. Orain arte txapelketan elkarren aurka jokatu dituzten hiru partidetan Elezkanok eta Rezustak irabazi dute beti, eta datu hori nabarmendu du Zabaletak: «Lehen norgehiagokan gainetik pasatu zitzaizkigun, beste bietan gerra gehiago eman genien, baina ez genuen lortu 22ra heltzerik».

Kontrara, presioa arintzen saiatu dira Elezkano eta Rezusta. «Ez diot asko begiratzen kontu horri, ez naiz hasiko haiek ote diren edo gu ote garen faborito; kantxara sartzean, denok hasten gara hutsetik», kendu dio garrantzia gaiari Rezustak. Eta antzera aritu da Elezkano ere: «Ligaxkan gu erregularragoak izan gara, baina haiek bolada onean iritsi dira finalera; argi dugu oso partida konplikatua izango dela».

Estrategiak argi dituzte. Erasora jotzea eta hutsik ez egitea dute buruan Zabaletak eta Ezkurdiak, eta, aldiz, defentsan aritzea tokatuko zaiela jakinik, helduko zaizkien aukerak baliatu nahi dituzte Elezkanok eta Rezustak.

Aimar Olaizola eta Ander Imazen aurka jokatutako finalerdietako ligaxkako azken partida errepikatu nahi lukete Ezkurdiak eta Zabaletak —22-7 irabazi zuten—. «Saiatuko gara egun hartan bezala jokatzen: gure jokoa egin, ahalik eta gogorrena eman, eta aurrean dauden aukerak bukatu», azaldu du Zabaletak. Eustea eta, aukera dutenean, haustea da Elezkano eta Rezustaren erronka. Aurrelariak eman du azalpena: «Defendatzea suertatuko zaigu askotan, oso bikote indartsua dugulako aurrean, baina defendatuz ez dira partidak irabazten, eta ausart izan, eta erasora jo beharko dugu aukera dugunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.