Hormek ez dute marroirik nahi

Ezabatu eta hamar egunera, Mikel Laboaren omenezko murala berriro margotu dute Donostiako Antigua auzoko pareta batean. Zumaian, berrogei horma irudi baino gehiago egin dituzte iazko ekainetik; guztiak ezabatu dituzte. Barakaldon, udalak isuna jarri die hiru gazteri.

1
1 KALEA GUZTIONA DA

Maite Alustiza -

2017ko maiatzak 17

Marroituta eta Margotu berria zioen kartel batekin agertu zen Donostiako Antiguako Gorgatxo plazako pareta, apirilaren 28an. Hormatik Mikel Laboaren omenezko horma irudia ezabatu zuten; hori jakitean, muralaren egileek elkarri hots egin zioten, eta berriz egin behar zutela erabaki zuten: «Azkar egin behar dugu; bestela, udalak egingo du». Joan eta egin. Hamar egun geroago, aurreko itxura berreskuratua zuen paretak. Agerpenak ezustean harrapatu zituen auzokideak, baita Donostiako Udala ere.

Muralaren egilea topatu eta berriro egiteko eskatzea zen udalaren asmoa, baina aurreratu egin zitzaizkien Lizardi eta Rimbaud —egileek izen horrekin sinatu dute—: «Gure bila ibili zirela ere jakin genuen. Guk egin dugu, baina ez udalagatik, auzoagatik baizik, eta hiru muralek aurrera segi dezaten». Izan ere, Antiguakoa ez da Laboaren omenez egina duten mural bakarra: orain dela hiru bat urte, Baztanen (Nafarroa) egin zuten lehena, Arizkun aldamenean; Donostiakoa izan zen bigarrena, eta Lekeitioko (Bizkaia) hondartzan margotu zuten azkena.

Ez dira «artista» kontsideratzen, baina uste dute Laboak merezi duela halako aitortzarik: «Beti bere kantuak abestu ditugu, erreferente bat da guretzat, eta nola hainbeste momentu on pasatu ditugun harekin, gure omenaldi txiki bat egin nahi genion». Ikastaro bat egiten zebiltzala, Laboaren aurpegia egin zuten, eta polita atera zitzaienez, harekin zerbait egin behar zutela pentsatu zuten. 2008an, Laboa hil ondoren, musikari donostiarraren hiru leku kutunetan irudi bat margotzea otu zitzaien, bere aurpegiarekin eta bertso pusketa batzuekin. Antiguakoak, adibidez, honako testua darama: Tronpatzerik ez! Bizitza ez da huskeria, edan ase arte beretik ez da aski izango galtzear zaudelarik.


Horma irudia ezabatu zutenean, harridura eta haserrea adierazi zituen Eneko Goia alkateak. Haren arabera, udalak ez zuen erabaki horren berririk, eta ez dator bat ezabatzearekin, «Mikel Laboa Donostiako ikur maitatu bat delako eta mural hori horren adierazle delako». Gertatutakoa argitzeko, udala garbiketa enpresako ordezkariekin jarri zen harremanetan: haiek aitortu zioten «gehiegizkoa» izan zela, eta berregitearen kostua enpresak bere gain hartuko zuela. Lizardi eta Rimbaud sinatzaileen ustetan, ordea, udalak ez du zuzen jokatu: «Beren espresioak ez diren guztiei egiten dietena egin dute, gustuko ez dutena kendu».

Murala berriro pintatuta agertu ondoren, udaleko iturriek jakinarazi dute nolabaiteko babesa eman nahi diotela irudiari, berriro ezabatua izan ez dadin eta «hiriko ondarearen parte» bihurtzeko. Zehaztu dutenez, muralak ez zeukan udal baimenik, baina badaude hirian horrelako beste mural batzuk, «esanguratsuak» direnak, baimenik izan gabe ere jendeak «bere» egin dituenak.

Uneotan, murala nola babestu aztertzen ari da udala; inbentario bat egitea dute ideien artean. «Justu Giza Eskubideen Batzordean inbentario bat egiten ari dira hirian dauden muralak ikusteko, eta lan hori izan daiteke aukera bat ikusteko hirian dauden beste mural esanguratsuak».

Erriberako pareta, ikur

Zumaian ere (Gipuzkoa) maitea dute Laboa. Iazko azaroan, musikariaren omenezko irudi bat egin zuten Erribera kaleko pareta batean, eta, berriki, Donostiakoa ezabatu ondorengo egunean, haren kopia bat margotu zuten, pareta berean. Santelmoetako zapia erantsi zioten Laboari lepoan, herrian jaiak zituztela eta. Laboaren bi muralak, ordea, ezabatu egin zituen udalak, Kalea Guztiona Da mugimenduak hor margotu dituen irudi guztiak bezala.

Iazko martxoan abiatu zuten mugimendua herriko hainbat lagunek, «debekuari aurre egiteko». Izan ere, kale garbiketa ordenantzaren zirriborro bat landu zuen udal gobernuak duela hamar bat hilabete, eta, besteak beste, horretan aipatzen da horma-irudi artistikoak margotzeko udalaren baimena behar dela —pankartak jartzeko ere behar da baimena, eta debekatuta daude itsasgarriak eta pintaketak—.

33tik gora sindikatu eta eragileren babesa jaso zuen mugimenduak atxikimendu kanpainan; geroztik, berrogei mural baino gehiago margotu dituzte Erribera kaleko paretan, beste zenbait ekintzaren artean. Dinamika bera da beti: margolanak egin, eta margolanak ezabatu. «Zentzugabekeriaren eta egoskorkeriaren ikur bilakatu da pareta», azaldu du Axier Lopez taldeko kideak.

Askotan, «momentuan bertan» bururatzen zaie muralerako gaia. Modu batera edo bestera, taldekide guztiek parte hartzen dute. Normalean, gaur-gaurko gaiei erreparatzen diete, eta herrian hizketagai diren gaiak ere margotzen dituzte: Pablo Picassoren Gernika, Frida Kahlo, Garoña, Corto Maltese, 1937an frankistek Zumaiatik kanporatutakoak... Azkena, joan den larunbatean egin zuten, Charles Chaplinen The Great Dictator filmari erreferentzia eginez. Irudiak esaldi bat zuen: Batzuen ustez mundua marroia da. Hain justu, Zumaian eta Donostian pintura marroia erabili dute irudiak ezabatzeko.

Lopezek dio Donostiako kasuak antza handia duela herrian daukatenarekin: «Donostian dago Zumaian inposatu nahi duten mozal ordenantzaren ia-ia iguala, gaur egun dauden debekuei isunak gehitzen dizkiona». Gainera, iritzi dio ez dela kasualitatea Donostian eta Zumaian gertatzea, udalek pankartak eta pintaketak «zikintzat» dituztelako, eta horiek turismoari kalte egin diezaioketela uste dutelako. Galdera bat bota du Lopezek: «Zeinek dauka ahalmena erabakitzeko zer den txukuna, zer den zikina, zer den polita eta herritarrentzat zeintzuk diren onargarriak eta zeintzuk ez?». Haren ustez, halako gai bat ezin da geratu udaletxe barruko politikarien artean, eta aproposena litzateke ahalik eta eragile gehienek parte hartzea.

Oier Korta Zumaiako alkateak azaldu duenez, udal gobernuak «ez dauka muralen kontra ezer ere ez». Gainera, Erribera kaleko paretan margotu diren muralekin bat egiten dutela dio, baina beharrezkotzat jo du herrian dauden beste muralek jarraitu duten prozedurari heltzea, eta baimenak eskatzea. «Beste ekinaldiak aurrera eramaten diren bezala, elkarbizitzari dagokionez eman beharreko pauso batzuk dira».

Zirriborroarekin batera, mahai bat sortu du udalak. Kortak esan duenez, mahaia sortzean deituak izan ziren Kalea Guztiona Da mugimenduko kideak, baina ez parte hartzea erabaki zuten. «Hitz egitea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Gu irekita gaude, eta saiatu gara haiekin erlazio gehiago izaten, baina alde batek borondatea erakutsi arren besteak ez badu aurrera egin nahi, ezin duzu behartu». Kortaren ustetan, kalea herritar guztiena da, eta udaletxea da «denen elkarbizitza arautzeko gunea»; hortaz, «hor landu behar da».

Zirriborroa inguruko herrietan dauzkaten garbiketa ordenantzetatik ateratako «dokumentu ireki bat» da, herrira egokituta: «Zumaia kostako herri bat da, bi ibai ere baditu, eta ingurumena ere hor sartzen zaigu». Kortaren ustez, gainontzeko herrietan horrelako ordenantzak badaude, zergatik Zumaian ez? «Nork bere etxean arauak dituen bezala, nork bere herrian ere elkarbizitzako arau batzuk bete behar ditu, trafikoan edo beste atal batzuetan bezala». Orain arte «beste gai garrantzitsu batzuk» izan dituzte esku artean, baina Kortak espero du lan horiek bukatzean berriro gaiari heltzea.

Arau hausteek, isuna

Zumaiak duen berezitasuna aipatu du Lopezek: ordenantza onartu aurretik, debekuak «inposatu» dituztela. «Beste herri batzuetan ez da horrela izan; Arrasaten [Gipuzkoa], adibidez, ordenantza onartzean hasi ziren». Oraingoz, beraz, Zumaian ez dago isunik, baina Kortak azaldu duenez, «beste edozein ordenantzak dituen bezala», isunak aurreikusten dituzte.

Hala egin dute Barakaldon (Bizkaia). Udalak 800 euroko isuna jarri die hiru gazteri, Arrontegi zubiaren zutarri batean Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoaren omenezko murala egiteagatik. Amaia del Campo alkateak azaldu duenez, gazteok «arau hauste» bat egin zuten, ez baitzuten kaleko garbitasun ordenantza bete, eta, beraz, udalak bere eginbeharra bete zuen: inguruaren eta hiriaren «errespetuaren eta zaintzaren alde jardutea». Gazteek ez zuten baimenik murala egiteko, eta margotzen ari ziren bitartean haiekin egin zuten topo udaltzainek. Del Campok argitu duenez, «zigor hauek ez dute zerikusirik muralaren funtsarekin, eta are gutxiago Solabarriaren figurarekin». Dioenez, «laguntasun harreman bat» zuen harekin, «harreman oso ona». Gaineratu duenez, udal gobernuak konpromisoa hartu du Lutxanan Solabarriari kale bat eskaintzeko —auzo horretakoa zen—. Alkatea ziur dago «ilusio handia» egingo liokeela, eta ziurtatu du izendatzeko kale bat eduki bezain pronto Solabarriaren izena jarriko diotela, «hiriko bizilagunekin bere bizi osoan egin zuen lana gogoratzeko».


2015eko azaroan margotu zuten murala, eta geroztik orain arte, beste edozein zigor espedientetan jarraitzen den prozedura segitu dutela azaldu du Del Campok. Martxan zeuden tramiteen berri eman zieten kaltetuei, eta bilera bat egin zuten haiekin, zigorra murrizteko zituzten aukerak azaltzeko —helegitea jartzea edo isuna berehala ordaintzea, erdira gutxitzeko—. Alkatearen arabera, ordea, dagokion epea igarota ez da mugimendurik egon; hortaz, bere bidea jarraitu du prozesuak.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna