Txillardegi guztiak, batera

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-ren obra osoa digitalizatu du Jakinek, eta atari batean bildu ditu testu guztiak. Pentsalari «poliaitzindariaren» ia 2.000 dokumentu jarri dituzte eskuragarri
Lorea Agirre, Joan Mari Torrealdai, Mari Jose Telleria eta Joxe Azurmendi, atzo, Donostian.
Lorea Agirre, Joan Mari Torrealdai, Mari Jose Telleria eta Joxe Azurmendi, atzo, Donostian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2017ko maiatzak 24
Polifazetikoa eta berritzailea. Askotariko jakintza arloak interesatu zitzaizkion Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri (Donostia, 1929-2012), eta askotariko eremuetan egin zituen ekarpenak, ikuspegi berrietatik sarri. Hizkuntzaren esparruan, pentsamenduan, politikan, literatur sorkuntzan... gogoeta sakonak landu eta plazaratu zituen. Ez da harritzekoa, hortaz, Jean-Louis Davant idazle, euskaltzain eta lagunak behin hari buruz emandako definizioa: «Poliaitzindaria izan zen». Horren lekuko da haren obra ugaria, han-hemenka barreiatuta zegoena, baina orain Jakinek digitalizatu eta atari bakar batean bildu duena. Edonoren eskura jarri ditu idazle, pentsalari eta hizkuntzalariaren ia 2.000 testu, bilatzaile baten laguntzaz aise kontsultatzeko moduan, gainera.

Hiru urteko lana izan da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eraman du aurrera Jakinek. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu zuten atari berria atzo Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak, Joan Mari Torrealdai Jakin fundazioko lehendakariak eta Joxe Azurmendi pentsalariak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria lagun zutela. «Gure asmoa izan da kultur ondare hori hurrengo belaunaldietara igarotzea, baita ikertzaileen eskura uztea ere, dokumentu asko eskuragaitzak baitira», azaldu zuen Torrealdaik. Liburu asko deskatalogatuta daudela, eta artikuluak eta bestelako testuak topatzeko are zailagoak direla esan zuen. «Lan guztiak corpus batean sartu ditugu, modu integral, ordenatu eta hierarkizatu batean, ikertzaileek eskura izan ditzaten».

Txillardegik askotariko arloak landu zituen, eta horren erakusgarri da atari berriaren edukia bera. Guztira, 1.984 idazlan daude irakurgai, 23.591 orrialde, eta horietatik 1.634 dira Txillardegik berak idatzitakoak. Hari buruz beste hainbat egilek idatzitako beste 350 dokumentu ere bildu dituzte. Liburuak, liburu zatiak, aldizkarietan eta egunkarietan idatzitako artikuluak eta bestelakoak kontsultatu daitezke. Horiek lan motaren arabera, kronologikoki nahiz gaiaren (eta azpigaiaren) arabera sailkatu dituzte. Hala, kontsultak egiteko berariazko bilatzaile bat prestatu dute, eta izenburuaren, gaiaren, egilearen, agerkari motaren, lan motaren nahiz dataren arabera egin daitezke bilaketak, baita horiek elkarren artean gurutzatuta ere.

Horretarako baliatu duten metodologia azaldu zuen Torrealdaik. Txillardegiren bibliografia zehaztea izan zen lehen zeregina; «obra handiak, txikiak, edozein gaitakoak... autorearen unibertso osoa zehaztea, eta ez da erraza». Lan horiek guztiak bilatzea izan zen hurrengo urratsa. «Liburuak biltzea ez da hain zaila, baina aldizkarietako artikuluak jasotzea asko kostatzen da, eta Txillardegiren kasuan 40 bat aldizkari eta egunkaritan ibili behar izan dugu bila». Guztiak katalogatu, eskaneatu, garbitu, irakurri, zuzendu eta, azkenik, bilaketak egin ahal izateko formateatu egin zituzten.

Digitalizazio lana ez da eskaneatze hutsa izan. Testuen analisia egin, eta thesaurus propioa landu zuten; alde batetik, dokumentuen identifikatzaile guztiekin fitxak osatu zituzten, eta bestetik, edukiak aztertuta, gaika —nahiz azpigaika— sailkatu zituzten.

Biltzeko eta sailkatzeko lan horrek guztiak utzi du jasotakoa aztertzeko moduko daturik ere. Torrealdaik azaldu zuenez, lan motari dagokionez, zazpi ataletan banatu dituzte testuak: liburuak 40 dira, esaterako, liburu zatiak 173, eta artikuluak, berriz, 1.352. Lanak kronologikoki sailkatzeak beste datu bat utzi du: Txillardegik 55 urtez idatzi zuen, baina lau hamarkadaz jardun zuen bereziki aktibo, eta, horietatik, Franco hil ostekoa izan zen emankorrena; ordea, zehazki artikulu kopuruari begiratuta, hurrengo hamarkada are oparoagoa izan zen. Gaiei dagokienez, berriz, politikari lotutako idazlanak dira kopuru aldetik gehiengoa; berriz, orrialde kopuruari erreparatuta, hizkuntzaren inguruan nabarmen gehiago idatzi zuela ikus daiteke (bere obraren %43,5 guztira).

Ondare hori guztia kontsultatzeko, bilatzaile indartsu baten alde egin dute apustu, Lorea Agirreren hitzetan, «klik batera erabilgarri izan dadin hor azpian dagoen unibertso hori guztia». Webgunean, biografia labur bat, haren ekarpenaren garrantzia azaltzen duen testu bat, digitalizazioari eta obrari buruzko datuak, eta Txillardegik Jakin-en idatzitakoak eta hari buruz Jakin-en argitaratutakoak jaso dituzte. Agirre: «Lan eskerga izan da, eta uste dut emaitzak demostratzen duela».

Txillardegi «polifazetikoa»

Torrealdairen ustez, «gauza asko batera izan zen Txillardegi, eta aitzindaria eta berritzailea ere bai». Politikan «abertzaletasun berria» ekarri izana, pentsamenduan euskal letretan existentzialismoa sartu izana, ideologian sozialismoa eta abertzaletasuna uztartzen saiatu izana, nobelagintzan eta saiakeragintzan egindako lana... hainbat adibide jarri zituen «poliaintzindari» izate horren lekuko. Halaber, bere izaera polifazetikoaren froga gisa, pentsalaria, politikan ibilia, irakaslea, idazlea, nobelagilea, saiakera egilea, hizkuntzalaria eta soziolinguista ere izan zela ekarri zuen gogora.

Antzera mintzatu zen Joxe Azurmendi. Fray Luis de Leonen poema bat eta Kanten esaldi bat ekarri zituen gogora, biak ere izarrak aipagai dituztenak, eta Txillardegiren 1962ko testu batekin lotu zituen, Marilyn Monroeren heriotzaren harira idatzitakoa eta izarrak, galaxiak eta bizitzaren zentzua ere mintzagai dituena. «Esan nahi dudana da Txillardegi esaten dugula beti, baina Txillardegiak esan beharko genukeela: politikoa dago, filologoa, soziolinguista, intelektuala, ekintzailea, teorikoa, poeta... Eta hain zuzen, idatzi duen guztiaren eta hartu dituen jarrera politikoen atzean dagoen Txillardegiren sentsibilitatea oso berezia da, oso pertsonala, egunen batean ere aztertu beharko dena». Azterketa horiek egin ahal izateko Jakinek egindako lana inportantea dela gehitu zuen. «Haren obra guztia sakabanatuta dabilen bitartean, azterketa sistematikoak egitea ezinezkoa da, eta orain posible izango da behar diren azterketa guztiak egitea eta ez betiko topikoetan gelditzea».

Hain zuzen, Jakinek beste hainbat egileren lanak digitalizatu dituela eta gehiago ere digitalizatzeko asmoa duela azaldu zuen Torrealdaik: orain arte, 300 bat liburu, milatik gora liburu zati, 7.000 artikulu inguru eta bestelako lanak jarri dituzte sarean eskuragarri; orotara, 300 milioi karaktere. «Hori, azken batean, transmisiorako altxor bat da, ondare bat».

Txillardegiri dagokionez ere, lanak ez direla amaitu esan zuen Agirrek: «Txillardegiren bidea ez da hemen bukatzen. Badugu asmo orokorrago bat XX. eta XXI. mendeko euskal pentsamendu modernoa dibulgaziora ekartzeko, eta Txillardegi izango da lehena bide horretan». Datorren urtean, argitalpenak, ikus-entzunezkoak eta bestelako lanak iritsiko direla iragarri zuen.

Txillardegiren obra osoa helbide honetan dago:

www.jakin.eus/txillardegi

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna