Errepikatzetik ihesi

Amets Arzallusek eta Joxan Goikoetxeak 'Ihes' emanaldia eskainiko dute igandean, Donostian, testu eta bertso musikatuz osatua

gorka erostarbe leunda
Donostia
2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Errepikatzetik ihesi ibili ohi da normalean bertsolaria; bertso bera kantatzetik ihesi, errutinatik ihesi. Bertsoen ohiko erritualetatik ihes egin du Amets Arzallus bertsolariak Ihes emanaldiarekin. Bat-batekotasunaren mugak alde batera utzita, bertso jarriak kantatu eta testu idatziak errezitatuko ditu Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailea lagun hartuta. Igandean izango da ikusi eta entzuteko aukera, Donostiako Antzoki Zaharrean (19:00).

Ez da emanaldi berria. Aurrez, Hernanin (Gipuzkoa), Bilbon eta Iruñean eskaini baitute, baina bai «emanaldi sofistikatua, emanaldi gauzatua», Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailearen hitzetan. Errepikatzetik ihes egin nahian, «oso emanaldi gutxi» eskainiko dituzte. Abenduaren 28an, Getxon (Bizkaia), izango da hurrengoa, eta «beste bakarren bat izan liteke», Joxean Arbelaitz sustatzailearen hitzetan.

Ordu eta laurdeneko emanaldian ihesaren inguruko gogoetak eta girotzeak hartuko dute agertokia. «Mundua beterik dago bere herritik ihesi doan jendez, tartean euskaldunak ere bai, baina ez euskaldunak bakarrik. Errealitate hori abiapuntutzat hartuz sortutako piezak dira», azaldu du Arzallusek. Ikuskizunak badu gidoi bat hitzezkoa eta badu gidoi bat musikala, eta «biak etengabe gurutzatzen dira». Esaldi batean laburbildu behar balu, honela egingo luke bertsolariak: «Bere herritik ihesi dabilen jendeak nola eragiten digun gu bezala bere herrira iritsi ezinik bizi garen jendeari».

Ihesetik iheserako bidaia

Bere ohiko jardun moldetik aldentzeko balio izan dio esperientziak Arzallusi, baina ihes guztiak bezala, ezin izan erabatekoa, betea. «Alde batetik, balio dit bat-bateko bertsogintza hori pausatzen uzteko; baina beste alde batetik, baita lantzeko ere. Lanketa horretan sortutako bertsoak ere badira».

Sortuko dira besteak ikuskizunean elkar ezagutu zuten Amets Arzallusek eta Joxan Goikoetxeak. Musikaria aritua da aurrez elkarlanean hainbat bertsolarirekin, Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze, Unai Agirre, eta Jexuxmai Irazurekin, besteak beste. Arzallusen ibilbideari «beti» erreparatu izan dio, eta beti erakarri izan du haren «kantaerak». «Badu kantaera tradizionaletik zerbait, nahiz eta egungo joerek eramanda azeleratzen hari den, baina gustatzen zaio kantatzea. Eta kantatze hori hobetzea ere gustatzen zaio. Musikan sartzen da, eta hor beste mundu bat aurkezten du. Ametsek oso nota onarekin gainditzen du erronka».

Ihesaren inguruko gogoetak girotzeko musika Goikoetxeak berak sortua da, baina ez dira bere pieza propioak. «Ihesaldi horietan bidaia fisikoak egiten dira, herrialde batetik bestera, eta iheslariak zerbait eramaten du bere ihesean. Oso oinarrizko gauzak eramango ditu, hizkuntza, oroitzapenak eta musika, jakina». Musika garrantzitsua izaten danorbanakoaren oroimenaren gorpuztean. «Bidaiatzen arituko gara denbora guztian, eta horrek emango digu aukera musika desberdinekin jolas egiteko». Eta musika bidaia egiteak aukera emango die bi sortzaileei ere musikaren egiletzarekin «jolas egiteko». «Historian zehar, beste gauza askorekin gertatu ohi den bezala, ez dugu jakiten pieza batzuk norenak diren...».

Ihesean dabilenaren patua «serioa», baina saiatu dira seriotasun horretatik pixka bat ateratzen , «eta kontsolamendu pixka bat bilatzen musikaren bitartez, bizitzan ere musika askotan hori baita, kontsolamendu pixka bat pertsonarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.