Guggenheimek Morandi, Holzer, Struth eta Sotoren lanak hartuko ditu 2019an

Alemaniako Kunsthalle Bremen museoko maisulanen aukeraketa bat ikusgai izango da Bilbon. Hainbat bideo instalazio jarriko ditu

Erredakzioa
Bilbo
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Jenny Holzer artista estatubatuarrari eta Thomas Struth argazkilari alemaniarrari eskainitako atzera begirakoak. Horiek izango dira Bilboko Guggenheim museoan heldu den urtean ikusi ahal izango diren erakusketetako bi. Holzerrek bere hiru obra eman zizkion iaz museoari, eta artistaren lan gehiago ikusi ahal izango dira bertan datorren urtean. Halaber, Giorgio Morandi margolari italiarraren lanaren eta harengan maisu klasikoek izandako eraginaren gaineko «begirada berri bat» eskainiko du museoak, baita Alemaniako Kunsthalle Bremen museoko maisulanen aukeraketa bat ere. Jesus Soto artista venezuelarraren ibilbideari errepasoa egingo dion beste erakusketa bat egitea ere museoaren asmoen artean dagoela jakinarazi zuten arduradunek atzo, ohar baten bidez. Izan ere, Museoaren Fundazioaren Patronatuak bilera egin zuen atzo, eta datorren urteari begira antolatzeko asmotan diren hainbat jardueraren berri eman zitzaien patronatuko kideei.

Erakusketa horiez gain, Film & Video aretorako bideo instalazioak ere jarriko dituzte ikusgai datorren urtean: Isiltasun handia, Allora & Calzadillarena, eta Dar-dar, Jesse Jonesena, aipatu dituzte oharrean.

Bilkura berean, arduradunek museoaren Plan Estrategikoaren betetze mailaren berri ere eman zieten patronatuko kideei. Aurrera eramandako jardueren artean, museoaren bildumarako artelanak eskuratzeko ardura duen elkartearen inbertsio plana berriro ere martxan jarri dutela jakinarazi zieten. Elkarte horretan Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartzen dute, eta ia milioi bat euroko ekarpenarekin jarri dute martxan inbertsio plana, bakoitzak ekarpenaren erdia eginda. Halaber, horri lotuta, jakinarazi zuten elkartearen kontseiluak bi arte lan dohaintzan jaso berri dituela: Munduko barreak, Esther Ferrerrena, eta Gogoeta-objektua, Alyson Shotzena. Bi artelan horiek museoan ikusgai egon berri dira, Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak erakusketan lehena, eta Artea eta espazioa erakusketan bigarrena.

Patronatuaren atzoko bileran parte hartu zuten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Bingen Zupiria Kultura sailburuak, fundazioaren gobernu organo gorenaren parte diren enpresen eta erakundeen ordezkariek, eta New Yorkeko nahiz Bilboko Guggenheim museoetako zuzendariek, hau da, Richard Armstrongek eta Juan Ignacio Vidartek.

Urteko lehen bost hilabeteen balantzea eginez hasi zuten bilera, eta, jakinarazi zutenez, museoa 392.354 pertsonak bisitatu zuten urtarrilaren 1etik atzo bitarte; iazko epe berean baino %1 gehiago izan dira bisitariak, eta epealdi horretarako aurreikusitakoa baino %19 gehiago.

Halaber, joan den urtean museoaren 20. urteurrena izan zela-eta hedabideetan horrek izandako eragina ere izan zuten hizpide. Bilera amaitzeko, fundazioaren iazko kontuak onartu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.