Bilboko Aste Nagusia

Korapilatutako adarrak

Bigantxak eta sokamuturra berreskuratu ditu Bilboko Aste Nagusiak egitarauko azken hiru egunetarako. Hamazazpi urteren ostean zezen plaza jaietan berriro martxan jartzeak ika-mika handia sortu du. Bizkaiko animalista taldeak salaketa aurkeztu du.

Vista Alegre zezen plaza, erdi hutsik, atzoko sokamuturrean eta bigantxetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ez dira urte gutxi igaro. 1997. urtean izan ziren azkenekoz bigantxak eta sokamuturra Bilboko Aste Nagusian. Eta aurten, hamazazpi urteren ostean, berreskuratu egin dute jaietan duela urte asko egiten zen ekitaldia. Atzo izan zen lehen eguna, eta gaur zein bihar egongo da hara joateko aukera. Bigantxekin jolasean aritzeak hautsak harrotu ditu, ordea, Bizkaiko hiriburuan. «Zezenketa jardueren araudia ez da betetzen. Beraz, guk salaketa jarri dugu joko eta espektakuluen zuzendaritzan», azaldu du Kontxi Reyerok, Bizkaiko Talde Animalistako kideak. Halaber, jakinarazi du zezenen «jaia» aurrera eramateko beharrezkoak diren udal hitzarmenak bete gabe daudela. Baina, oztopoak oztopo, Vista Alegre zezen plazan aurrera egin dute prestatuak zituzten ekitaldiekin.

Isil eta hutsik ziren Bilboko kaleak atzo goizean. Hotz handia zen kalean, eta zerua guztiz lainotuta zegoen. Etxera bidean zihoazen gutxi batzuk baino ez, betaurreko eta txapel koloretsuak eta arropa zikina soinean. Kalean zebiltzan beste apurrak, berriz, kaleak, errepideak eta taberna inguruak garbitzen ari ziren. Halere, gerturatzen ari zen jendea Vista Alegre zezen plazara 08:00 jotzerako. Batzuk kantuan, gaua parrandan igaro eta etxetik pasatu gabe; beste batzuk, berriz, goiz esnatu, dutxa freskoa hartu, eta zain zeuden plazarako sarrera erosteko ilaran. Aspaldi bizitakoa oroitzera gerturatu ziren batzuk, senide eta lagunak alboan hartuta. Hori zen Vicente Fernandezen kasua: «Urte askoan ibilia izan naiz ni bigantxen artean korrika Aste Nagusian, eta baita beste hainbat herritan ere. Orain bilobarekin etorri naiz, aspaldiko kontuak kontatzeko, gu nola ibiltzen ginen erakusteko eta, hark ere nahi izanez gero egunen baten horrela aritu, libreki ikusteko».

Plaza bete nahia

Toropasion enpresak egin du bigantxen aldeko apustua. Carlos Bernabe Toropasioneko komunikazio arduradunaren hitzetan, urteak zeramatzaten ideiari bueltaka, eta azkenean aurrera egitea erabaki dute aurten. «Bilboko zezen plazako zuzendaritzak urteak daramatza bigantxak berreskuratu nahian. Guk bultzada eman diegu orain, eta, horrela, elkarren artean lortu dugu horrenbeste denbora igaro ostean Bilbora ohitura zahar hau berriro ere ekartzea».

«Zezen plazak berriro beteta ikustea, herri jaietako irudia berreskuratzea eta parte hartzaileak erakartzea». Hiru helburu horiek zituzten buruan, Bernabek azaldu duenez. «Parte hartzaile gazteak erakartzea da gure nahia, askok ez baitzuten ezagutu Bilboko sokamuturra. Beraz, hau da gure erronka».

Atzo egin zuten lehen saioa. Eta, sokamuturraz gain, beste jarduera batzuk ere antolatu zituzten. Gran Prix deituriko jokoa egin zuten lehenik. Lau taldek parte hartu zuten, eta bakoitzak kolore bat zeraman soinean. Hainbat jokotan aritu ziren elkarren aurka lehian; zapien jokoan, besteak beste. Baina, betiere, bigantxa izan zen joko guztietako protagonista, etengabe izan baitzen parte hartzaileen artean. Korrikalariek, garaile izan nahi bazuten, haren aurrean ibili behar zuten arineketan.

Gizonezkoak eta gazteak ziren jokoan aritu ziren gehienak. Bernabek adierazi zuenez, ezinbestekoa da segurtasuna horrelako jardueretan. «Arautegi barruan daude jai hauek. Zentzuzkoa den bezala, segurtasuna bermatua dago. Gainera, sokamuturrean eta beste jardueretan kolpeak hartzea gauza normala da. Horregatik, adarrak babestuak dituzte bigantxek».

Plaza girotzen ari ziren dultzaineroak, eta, haiekin batera, publikoan zeudenak Gran Prixen zebiltzanak animatzen aritu ziren. Gaupasa egin ostean zezen plazara agertutako mutil gazte talde bat indartsu zebilen kantuan. «Txosna ingurutik etorri gara zuzenean. Plaza non dagoen azaldu digute, eta kostata heldu gara. Baina horretara etorri gara, giroa ikustera. Jende askorik ez dago, baina jaia ez dugu oraindik bukatu nahi», azaldu zuen taldeko mutiletariko batek. Ez zuen izenik eman nahi izan.

«Baimenik gabe»

Horrenbeste urte pasatu eta gero, ika-mika handia sortu dute sokamuturrak eta bigantxek. Ekitaldion aurka azaldu da Zezenketen Aurkako Bizkaiko Talde Animalista. Talde horretako kide da Reyero, eta jarduera horiek berreskuratu izana «onartezina» dela adierazi du. Eta hainbat arrazoi plazaratu ditu jarrera azaltzeko: «Batetik, hamazazpi urte igaro dira sokamuturra eta bigantxak Bilboko Aste Nagusitik desagertu zirenetik. Hala izanik, inork ezin du esan egun tradizioa berreskuratu denik. Bestetik, animalistak izanik, argi dugu ez dela beharrezkoa eta debekatuta egon beharko lukeela animalien sufrimendua inoren joko, plazer edo gozamenerako erabiltzea».

Interes ekonomikoak baino ez ditu ikusten Reyerok berreskuratze horren atzean. Zezen plaza ekonomia mantentzeko eta zezenketen negozioa aurrera ateratzea da sokamuturra berriz programatzearen «helburu eta aitzakia bakarra».

Vista Alegre zezen plazako arduradunek, berriz, dena arauen arabera egin dutela diote, eta sokamutur eta bigantxa saioekin aurrera egiteko prest daudela. Baina Reyerok zalantzan jarri du hori: «Ez dago horretarako inolako udal araudirik. Horregatik jarri dugu guk salaketa, bigantxak eta sokamuturra debeka ditzaten. Udalak, gainera, beste alde batera begiratzen du, eta ez du ezer egiten». Ibon Areso Bilboko alkatea zezen plazan izan zen atzo, adibidez, ekintzailearen arabera.

Baimenik ez duen ekitaldia dela gaineratu zuen Reyerok, eta beraiek arduratuko direla sokamuturra eta bigantxak gelditzeko «beharrezkoa den guztia» egiteaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.