Gobernu berria Frantzian

Kritikoez garbitu du gobernua

Aldaketa gutxi baina nabarmenak egin ditu Valls lehen ministroak Frantziako Gobernuan.

Emmanuel Macron da Ekonomia ministroa, Erantzukizun Itunaren sustatzaileetako bat
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa Eliseo jauregitik ateratzen, iragan uztailean.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa Eliseo jauregitik ateratzen, iragan uztailean. YOAN VALAT / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 27
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak osatu du bere bigarren gobernua. Politika ekonomikoarekin kritiko diren alderdiko kideak alboratu, eta oztoporik jarriko ez duen taldea eratzea agindu zion herenegun François Hollande presidenteak. Ez da sobera aldatu gobernua, ministro gehienek eutsi egin baitiote haien karguari. Baina postu giltzarrietan badira berrikuntza nabarmenak: Emmanuel Macron Ekonomia ministroarena da nabarmenena. Bestalde, Najat Vallaud-Belkacemek hartuko du Hezkuntzako Ministerioa, eta Fleur Pellerinek Kulturakoa. Gaur bertan egingo dute lehen bilkura. Konfiantza boto batera aurkeztuko da gobernua urte bukaeran, nahiz eta horretara behartua ez egon.

Macronen izendapenarekin eskuinera jo du Hollandek. Orain arte Eliseoko idazkariorde nagusia izan da, eta indar handia pilatu du azkenaldian. Hollandek ez zuen nahi hark Vallsen lehenengo gobernuan parte hartzea, islatzen duen irudiagatik. Rothschild inbertsio bankuko aholkulari ohia da, eta liberal porrokatutzat dute, PSko eskuin hegaleko kidea. Ekonomia suspertzeko eskaintza indartzearen alde egin du beti, horretarako enpresei lagunduz eta soldatak merkatuz. Erantzukizunaren Itunaren bultzatzaileetako bat da.

Hollanderen 2012ko kanpainako programaren arduraduna eta haren eta enpresaburuen elkarteen bitartekaria izan da. Nazioarteko gailur askoren eta beste goi mailako bileren eduki ekonomikoa prestatu du Hollanderen aholkulari moduan. Bruselarekin harremana ona izango dela ziurtatu dute izendapenarekin Vallsek eta Hollandek. Aurreko Ekonomia ministro Arnaud Montebourgen guztiz kontrako profila du; alderdiko ezker hegaleko kide da Montebourg.

Luze gabe iritsi dira Macronen izendapenari buruzko lehen kritikak. Haren iragana gaitzetsi du oposizioak. «Banku eta finantza gizona da, eta inoiz baino politika eskuindarragoa egingo du», ohartarazi du Alderdi Komunistako Pierre Laurentek. Zelaia politikoaren beste aldean, FN Fronte Nazionalak salatu du «finantza erraldoiaren menperatzea» erakusten duela ministroak.

«Ulertzen ditut Macroni buruzko kritikak. Etiketa horiek gaindituta daude. Herrialde honetan ezin al dugu izan ekintzaile, bankari ala merkatari?», azaldu du Vallsek. France 2 telebistan hitz egin du lehen ministroak gobernuaren osaketaren berri eman ostean. Gobernuaren ildo ekonomikoari eutsi dio: «Kritikak ezkerretik etorri dira. Beti daude politika alternatiboak, baina gurea da egokia herrialdea zuzentzeko».

Ministro kritikoen jokaera kritikatu eta gobernuaren berriaren osaketa defendatu du Vallsek. «Ezin genuen onartu ministroek presidenteak zehaztutako ildoa auzitan jartzea». Haren ustetan, beharrezkoak ziren «aurpegi berri eta gazteak».

Najat Vallaud-Belkacemek hartu dio lekukoa Benoit Hamoni Hezkuntza Ministerioan. Lehen aldia da emakume bati kargu hori ematen diotela. Ez du lan erraza izango ministroak, eskolara itzultzeko egun gutxi falta direla hartu baitu kargua. Lehendik Parekidetasunaren eta Gazteria eta Kirol Ministerioetan bete ditu ardurak. Hezkuntza ministro berriak ere kritikak jaso ditu, batez ere aurreko karguan homosexualen ezkontza legeztatzeko eginiko lanagatik. Kristau-demokraten alderdiak eta UMPk egin dute haren aurka. «Ideologia arriskutsu baten bozeramaile da», azaldu du Eric Ciotti UMPko diputatuak.

Gobernuaren politika ekonomikoekin deseroso sentituko ez ziren ministroak nahi zituen Hollandek. Gobernuaren osaketa ofizialki iragarri aurretik guztiekin bildu da Valls, haien ikuspuntua jakiteko. Orain bost hilabete eratutako Vallsen lehen gobernuan egondako askok jarraitzen dute: Laurent Fabius Atzerri ministroak, Segolene Royal Ekologiakoak, Christiane Taubira Justiziakoak, Michel Sapin Finantzetakoak eta Bernard Cazeneuve Barne ministroak euren postua gorde dute.

Pellerin Kultura ministroa Estatu idazkaria izan da aurreko gobernuan. Kanpo merkataritzaz, turismoaren garapenaz eta atzerrian dauden frantziarrez arduratu da. Jean-Marc Ayraulten gobernuan ere hainbat postu bete ditu. Guztira hamasei ministro ditu gobernuak —zortzi gizon eta beste zortzi emakume— eta hamazazpi Estatu idazkari.

Ekologistak, gobernuz at

Ekologistek ez dute onartu gobernuan sartzea, nahiz eta azken unera arte negoziazioak egon diren. Ekologisten alderdiko idazkari nazional Emmanuelle Cossek alderdikideei ohartarazia zien kargu bat hartzekotan «soilik euren izenean» izango zela. Baina PRG Ezkerreko Alderdi Erradikaleko hiru kidek euren postuari eusten diote gobernuan. Hamazazpi diputatu ditu alderdiak legebiltzarrean, eta kritikoen babesik gabe beharrezkoa izango du PSk haien sostengua agindutako erreformak aurrera atera ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna