Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Azken bultzadaren indarra

Publizitatea

Politika

Azken bultzadaren indarra

Larunbateko manifestazioaren garrantzia nabarmendu du Sarek; «inflexio puntu bat» izan daitekeela uste dute. Iaz egin bezala, ospe handiko hiru lagun izendatu dituzte bilduko den diruaz arduratzeko
Ainhoa Azkarate eta Joseba Azkarraga, Sareko beste zenbait kidek lagunduta, atzo, Bilbon.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-01-11 / Gotzon Hermosilla

2017. urtea «giltzarri» izan daiteke giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen norabidean. Hori uste du behintzat Sarek. Horregatik, garrantzi berezia ematen diote datorren larunbatean Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioari. Aurtengoa «urte bat gehiago baino, urte bat gutxiago» izan dadin nahi dute, eta urtarrilaren 14ko manifestazioa, berriz, auzi horrek behar duen «azken bultzada». Horregatik, Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak eta Ainhoa Azkaratek dei berezia egin diete euskal herritarrei manifestazioan parte har dezaten, larunbateko mobilizazioa «inflexio puntu» bilakatzeko asmoz.

Aurreikuspenak behintzat baikorrak dira. Sarekoek jakinarazi dutenez, 250-275 autobus inguru antolatuko dira Euskal Herriko zenbait lekutatik eta atzerritik ere manifestaziora joan ahal izateko, iaz baino %15 gehiago. Baina ez hori bakarrik: Sarekoen ustez, herritarrak jakitun daude larunbateko mobilizazioaren garrantziaz, eta, horregatik, «manifestazio handia» espero dute, «jende kopuruari zein aniztasunari dagokionez».

«Helburu honetan, alde batera utz ditzagun bakoitzaren ideologiak», eskatu du Azkaratek. «Elkar gaitezen, eta salaketa hau sentimendu sozial bihur dezagun, askotarikoa, gure jendartea bezalakoa».

Mobilizazioaren inguruko zenbait xehetasun eman dituzte antolatzaileek. Jende asko batzea espero dutenez, «jarrera egokia» izateko eta antolatzaileen aginduei jaramon egiteko eskatu diete joango diren herritarrei, anbulantzia, suhiltzaile eta gainerakoei lana errazteko.

Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Casilla plazatik, baina, 12:00etatik aurrera, txistulariak, bertsolariak, trikitilariak eta bestelako ekitaldi eta ikuskizunak izango dira Zazpikaleetan. Ordubete lehenago, 11:00etan, hedabideen aurrean agertuko dira Sareko arduradunak, manifestazioaren inguruko azken xehetasunen berri emateko.

Euskal presoen senideak eta asteburuero kartzeletarako bidaiak egiten dituzten Mirentxin taldeko furgonetak joango dira manifestazioaren buruan, eta, horren atzean, euskal gizarteko zenbait lagun esanguratsuk eramango dute pankarta. Jende asko espero dute, eta, horregatik, garraio publikoak erabiltzeko eskatu diete antolatzaileek herritarrei. Garraio horien arduradunei ere eskaera egin diete, larunbatean zerbitzua indar dezaten.

Diru bilketa

Manifestazioan egingo den diru bilketari garrantzi berezia eman diote Sareko bozeramaileek. 2015eko manifestazioaren ostean, polizia operazioa abiarazi zuen Guardia Zibilak, eta manifestazioan bildutako 104.000 euro bahitu egin zizkieten. Oraindik ez diete dirua itzuli. Joan den azaroaren 23an, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzia aztertu behar zuen, baina saioa bertan behera gelditu zen, Sarek eskatu zuelako Concepcion Espejel eta Enrique Lopez epaileak auzitik baztertzeko.

Bi epaileok aldenduak izan dira beste zenbait auzitatik, Alderdi Popularretik gertukoak izateak haien inpartzialtasuna kolokan jartzen zuelakoan. Hala ere, diruaren bahiketaren auzian ez dute aintzat hartu Sareren eskaera; horregatik, Azkarraga ezkor agertu da: «Horiek ikusita, badakigu zein izango den epaia», esan du.

Azkarragak azaldu duenez, diru hura bahitu izanak «arazo ekonomiko handiak» eragin dizkio Sareri: 2015eko manifestazio hartako faktura batzuk ordaindu ezinik egon dira orain arte. Horregatik, herritarrei dei egin die Sare diruz laguntzeko, eta manifestaziora joaterik izango ez dutenei diru ekarpena Internet bidez egiteko eskatu die, Sareren webgunearen bitartez.

Horrez gainera, iaz egin zuten bezala, eta «gezurretan oinarrituriko edozein auzibide saihesteko», ospe eta itzal handiko hiru lagun izendatuko ditu Sarek dirua zaintzeko. Aurten, Elisabete Bizkarralegorra eta Felix Cañada abokatuak eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia izango dira dirua jagoteko arduradunak, manifestazioa amaitzen denetik astelehen goizean dirua banku batean sartu bitartean.

«Guri jazartzen jarrai dezakete», esan du Azkarragak, «baina ozen esan behar dugu elkartasuna ez dela delitua. Delitua egiten dute Sareri jazartzen zaizkionek».

Urrunketa, Estrasburgora

Asteon jakinarazi dute Josetxo Arizkuren euskal presoaren auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aztertuko duela. Euskal Herriratzeko eskaera egin zuen Arizkurenek, beste hainbat euskal presok egin bezala, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako ere ez zuen onartu eskabidea. Orain, Estrasburgora jo dute Arizkurenen abokatuek, presoa Euskal Herritik urrun edukita familia bizitzarako haren eskubidea urratzen dela argudiatuta.

Horretaz galdetu diote kazetariek Azkarragari, eta Sareren bozeramaileak esan du «begi onez» ikusten dutela ekinaldia. Itxaropentsu agertu da eskaerak egin dezakeen bideaz, eta gogoratu du Estrasburgoko Auzitegiak Errusia eta Ukraina zigortu dituela preso batzuk sorterritik urrun atxikitzeagatik. «Badakigu Espainia beti saiatu dela Europako auzitegietatik iritsi zaizkion aginduak saihesten, baina egoera aldatu da, eta orain beste gehiengo batzuk daude; Espainiako Parlamentuan, esaterako», azaldu du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak