Unai Arkauz. Gose grebalaria

«Lehen etapa bat da hau presoen askatasun osoaren bidean»

Hamahirugarren eguna da lau gaztek presoen aldeko baraualdiari ekin ziotela Hiriburun (Lapurdi). Etziko, prentsaurreko masibora deitu dute, baina, jada, balorazio «biziki positiboa» egin du Arkauzek.
BERRIA

Eneko Etxegarai Urain

2017ko uztailak 20
Uda betean, eguzkia, hondartza eta festak nagusi direnean, beste hiru lagunekin, euskal presoen eskubideen defentsan bi asteko baraualdia burutzea erabaki zuen Unai Arkauzek (Baiona, 1994). Gustura dago lortutakoarekin.

Gose grebaren 12. egunean nola sentitzen zara?

Ongi sentitzen gara, guk uste baino hobeki. Medikuek goiz eta gau segitzen gaituzte, Baionako ospitaleko CGTkoak eta beste mediku bat heldu dira. Fisikoki, ongi, medikuek erraten digutenez, nahiz eta ahulak sentitu. Burua ere nahiko ongi, jakinez laster bukaera dela. Fisikoa eta burua ongi joaten direlarik, ez da arazorik.

Zein da orain arteko balorazioa?

Bi helburu genituen: gazteen gose greba zenez, gazteen eremua interpelatzea bata, eta gizarte zabala ere hunkitzea bestea. Oraingoz, biziki positiboa da, gazte esparrua mugiaraztea lortu dugulako, hainbat gazte eragileri deituz. Lan horrek fruituak eman ditu, gazte asko hurbildu da sustengua adieraztera eta gure aldarriekin bat egitera. Bestalde, Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat eragile ere etorri dira. Orain ikusiko da hilaren 22ko prentsaurrekoan zenbat gazte hurbiltzen den, orduan hobeki azaltzen ahalko dugu zer lortu dugun, eta nora joateko asmoa dugun ere saiatuko gara azaltzen.

Zein da, orduan, hurrengo asmoa?

Gure xede nagusia zen gazteek Euskal Herriak bizi duen bake prozesuari ekarpen bat egitea. Nire iduriko, ez da bi asteko gose grebaren adierazpena izenpetzera mugatzen, abiapuntua da baizik. Bildu dugun sareak etorkizunean tresna izan behar du ekarpena bururaino eramateko. Ikusiko da zer eginen dugun, baina segur dena da ekinaldia ez dela horretan bukatuko. Gazte ekarpenaren lehen harria ekartzea genuen helburu.

Gazteek zer erraten dizuete?

Gose grebarekin bilatzen genuena euskal presoen hurbiltzearen egoera islatzea zen, oihartzuna ematea, eta ekinaldi erradikal batekin helburuarekiko gure konpromiso maila handia adieraztea. Beraz, gazteek erraten digute guztiz ados direla egiten dugunarekin, kristorena dela, ausardia handia dugula, eta galdegiten dute zertan laguntzen ahal duten. Gurekin bat egiten dute: presoei aplikatuak zaizkien salbuespenezko legediaren kontra posizionatzen dira. Biziki pozik gara. Ez dugu nahi ekinaldi hau soilik lau gazterena izatea: gazteria osoaren ekinaldia izatea nahi dugu.

Maila pertsonalean, zer ateratzen duzu esperientziatik?

Ekinaldi politikoa baldin bada ere, abentura pertsonala da. Zeure gorputza ongi ulertu behar duzu, zeure burua ere bai. Hortik aterako naiz neure gorputzarekiko ezagutza askoz gehiagorekin, orain badakit holako gauzak egiteko gai naizela, badakit zer den norbere burua behartzea ere, gaizki sentitzea, pausatzea, gorputza entzutea... Biziki kontent naiz, ez nuen pentsatzen lortuko nuenik hain ongi izatea 12. egunean. Indartsu ateratzen naiz. Indarra ematen didana da, gazteen elkartasunaz gain, pentsatzea askok halako borrokak ziega batean bakarrik eraman dituztela. Hoientzat egiten dut nik pertsonalki, eta horrek dit indarra ematen. Ibon Fernandez Iradi dut buruan, biziki larri den presoa, hari buruz pentsatzen dut asko, eta beste presoei buruz ere bai. Gorputzaren eta buruaren ezagutza, alde batetik, eta, bestetik, politikoki, elkartasuna neure baitan askoz ere garatuagoa da.

Zer sentitzen da eskubideentzat osasuna jokoan ematean?

Injustizia handia da. Horregatik eramaten dugu borroka hau. Bada urteak eskubideak aldarrikatzen ditugula, baina badakigu zein den egoera, zein izan den eta zein izan beharko lukeen. Nire ustez egoera ezin onenean gara gauzak aitzinarazteko. Hasieratik erran dugu, borrokan sartu gara presoei eskubideak aplikatuak izateko, baina lehen etapa bat da, presoen askatasun osoaren bidean. Beraz legea aplikatzea bai, nahiz eta bitxi egin horren aldarrikatzeak, urrunago joan nahi genuke politikoki, baina gure ustez gizarteak hori eskatzen du, horretan segituko dugu, eta pixkanaka joango gara askatasun osoa aldarrikatzera. Konbentzitua naiz, ez epe motzean, baina luzeago batean lortuko dugula preso guziak askatzea.

Zer harreman mota sortu da zuen artean?

Tinkatzen dira harremanak, ez gara gehiago lagun sinpleak, ekintzaile batzuk gara, denok sufritzen dugu elkarrekin. Esperientzia indibidual bat da, baina bada ere esperientzia kolektiboa. Lau gara, eta lauren artean aitzinatzen gara, elkartasunez, errespetuz. Bakarrik ez genuke lortuko, segur.

Zertaz hitz egiten da hainbeste orduz hamabi egunez?

Kapitalismoaren bilakaeraz, iduritzen zaigu gaurko gizartea...ez! Janariaz hitz egiten dugu goizetik arrats, hori dugulako buruan bakarrik. Gertatu zait ezin lokartzea buruan janaria duzulako bakarrik, janaria, janaria, janaria. Zinez obsesio bat da, azken finean animaliak gara, jan behar dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna