Maria Angeles Duran. CSICko ikertzailea

«Feminista da bere burua demokratatzat daukan pertsona oro»

Zientziaren, ikasketen eta lanaren munduan emakumeek izan duten presentzia aztertu izan du. Etorkizunean gizartea nolakoa izango den irudikatzen du, eta gizarte heterogeneo baten alde egiten du apustu.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Soziologian katedraduna da Maria Angeles Duran (Madril, 1942), eta, gaur egun, CSIC zentroan ikertzaile. EHUko ikastaroetan aritu da emakumeen rolaz mintzatzen. 1960ko hamarkadan hasi zen gizartea aztertzen: andreen egoera eta desberdintasun sozialak, bereziki. Geroztik, hamaika hitzaldi eman ditu. Madrilgo Unibertsitate Autonomoak bere izena duen sari bat ematen du urtero.

Zenbait artikulutan nabarmendu duzu materia sexista dela. Zehazki zer esan nahi duzu horrekin?

Materia esaten dudanean, irakasgaien materiaz ari naiz, irakasgai guztiei buruz. XX. mendera arte, emakumea zientziatik kanpo zegoen, eta, geroztik, zientzian lan egiten hasi da, baina astiro. Hasieran, emakumeek ordura arte ikasi ez zutena ikasi behar zuten, kolonizazio intelektual izenaz ezagutzen dena. XXI. mendean, oraindik ere, emakume gutxiago dago proportzionalki: unibertsitatetako buruak, sailetakoak, ikerkuntzan, eta abar.

Hezkuntza sexista eta diskriminatzailea al da, oraindik ere?

Irakaskuntza da diskriminazioaren aurkako tresnarik boteretsuena. Baina oraindik alderdi asko daude lantzeke irakaskuntzan. Ez prozesuan edota jende kopuruan, baizik eta edukian.

Eta politikari, ingeniari eta halako lanpostuekin, zer?

Oraindik gutxiengoa dira, baina irakaskuntzan gehiengoak direla jakiteak esan nahi du funtsezko aldaketa bat izango dela aurki.

Zer egin beharko lukete gizonek borroka horretan?

Aldaketa prozesuak fase desberdinak ditu: lehen fasea da arazoaz jabetzea, eta horretan aurrerapen handiak izan dira. Zenbait kasutan horrenbeste aurreratu da, non ematen duen aldaketa sakonagoa izan dela, jendeak uste edo uste duela esaten duenaren arabera, baina azaleko aldaketa da. Kontzientzia mailan soilik izan du eragina, eta, batez ere, politikoki zuzena denean.

Eta nahikoa al da?

Azalekoa eta gutxiegi bada ere, asko da, lehenengo fasea delako; baina hor dago abiapuntua, eta jarraitu egin behar da. Behin aldaketa behintzat jokabideen mailan ematen denean, ezin zaio borrokatzeari utzi. Jokabideetatik ekintzetara igaro behar da. Batzuetan, egiturek asko zailtzen dute prozesua, eta nahiz eta norbaitek aldatu nahi izan, ez da posible: dela ordutegia, dela familia, eta abar. Gaitasun kapitalista oso lehiakorra da, horregatik, solidarioa dena zigortzen du. Familia arloan solidario den gizon bat, seguru asko, zigortua izango da arlo profesionalean. Aldaketak oso sakonak izan behar dira, ez da nahikoa kontzientzia mailan aldatzea soilik, era indibidualean.

Zergatik diote beldurra hainbeste gizonek feministak direla esateari?

Iritzi oker asko daude. Alde batetik, askoren helburua da jendeak pentsatzea feminismoa gizonak diskriminatzeko modu bat dela.Noski, justiziaren aldeko edozein mugimendutan bezala, segituan mozorrotzen da, eta saiatzen dira helarazten besteena den hori eta behar ez den hori eskuratzeko mugimendua dela. Horregatik, baietz uste dut, interes hutsa dela.

Feminismoaren alde borrokatzen diren gehienak emakumezkoak dira.

Beste oker larri bat da pentsatzea emakumeek soilik borrokatu behar dugula feminismoaren alde, gure eskubideen alde. Zalantzarik gabe, borroka horretan interes handiena dutenak gara, baina gizarte osoarengan du eragina. Nire iritziz, bere burua demokrata kontsideratzen duen pertsona oro da feminista. Funtsean, feminismoa da gizon eta emakumeen artean balio demokratikoak ezartzea helburu duen joera.

Iheslariei buruz aritu zara. Gero eta jende gehiago heldu da atzerritik, Europa sarrera «galarazten» saiatzen den arren.

Mediterraneoa hilobi erraldoi bat da. Errefuxiatuek oztopoekin egiten dute topo, eta asko gelditzen dira bidean. Gero eta etorkin gehiago dago. Arraza unibertsal bat lortzeko bidean gaude; denok egongo gara nahasirik, eta hori saihestu ezina da.

Zoriontsu izatearen garrantzia azpimarratu duzu lehen. Baina, zer da zoriontsu izatea?

Guztiaren gainetik, norbere buruarekin bakean egotea da garrantzitsuena, eta, horren ostean, osasuna. Norbere buruari ezin zaio eskatu eman dezakeena baino gehiago; jakin behar dugu gure mugak zein diren.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.