Aterpe bila oraindik

Bi urte beteko dira EAEko Udal Legea indarrean sartu zenetik, eta udalerriek oraindik ez dute sumatu aldaketa handirik. Legea garatzeko «bospasei urte» beharko dira.

Edurne Begiristain.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei aterpe bat ematea. Helburu horrekin sortu zen, duela bi urte, Udal Legea. 2016ko apirilaren hasieran EAJren eta EH Bilduren adostasunak bide eman zuen hamarkadetako hutsunea betetzeko, eta, bi talde horien aldeko botoei esker, aurrera egin zuen legeak Eusko Legebiltzarrean. Gernikako Estatutua onartu eta 36 urtera lortu zuten legea hitzartzea. Kostatu zen, baina, azkenean, udalen aldarrikapen historikoei erantzuna emateko bidea ireki zuen arauak. Toki Erakundeen Legea indarrean sartu zenetik —hori du izen ofiziala—, udalen eta tokiko gainerako erakundeen eskumenak eta finantzaketa zehaztu ditu, eta horrek EAEko egungo erakunde egitura berrantolatzea ekarri du, neurri handi batean.

Legea bera garatzea izan da orain arteko erronka behinena. Hura landu eta babestu zuten alde guztiak jakitun zeuden hasiera-hasieratik bide luzea eta konplexua izango zela; denborak erakutsi du ez zeudela oker. Motel doa legearen garapena, eta udalek apenas sumatu duten aldaketarik egunerokoan. «Trantsizio aro batean gaude, gure lekuaren bila». Garazi Lopez de Etxezarreta EH Bilduko Errenteriako alkateordeak (Gipuzkoa) udalerri gehienen sentsazioa laburbildu du. Legea garatzea ezinbestekoa da udalak «indartsuago eta autonomoago» izan daitezen, haren ustetan.

Bidearen hastapenetan dago oraindik legea, eta hobekuntzak praktikan ikusteko itxaron beharko dela uste dute Josune Irabien EAJko Amurrioko alkateak (Araba), Jose Antonio Santano PSE-EEko Irungo alkateak (Gipuzkoa) eta Borja Monje PPko Mañuetako alkateak (Araba).Amurrioko alkatearen irudiko, hurrengo legealditik aurrera hasiko dira legearen emaitza praktikoak ikusten, eta udalek «autonomoagoak» izatea lortuko dute. «Legeak indarra hartzen duenean, benetako iraultza bat ekarriko du udal funtzionamenduan».

PSEko eta PPko alkateak, baina, ez dira hain baikorrak. Teorian, legea amaiera ematekoa da Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen arteko artikulazio prozesuari; Irungo alkatearen iritziz, ordea, oso zaila izango da hori lortzea. Uste du gaur egun oraindik udalak ez daudela «gainerako erakundeen pare», eta udalen autonomiak «kaltetuta» jarraitzen duela. Legearen ibilbideaz analisi ezkorra egiten du Irungo alkateak: «Teorian baino ez dira aitortu eskubideak; praktikan, ezer gutxi aldatu da».

Legeari garrantzia aitortu arren, udalerri txikientzat ez dela oso erabilgarri izango iritzi dio Mañuetako alkateak. «Udalerri handiek baliabide nahikoak dituzte eskumen berriei aurre egiteko, baina txikiak garenok zerbitzuak hobetzearekin konformatu behar dugu».

Euskal Autonomia Erkidegoaren hiru maila instituzionalak funtzio berrietara egokitzea ekarri du lege berriak, eta, batez ere, udalerriek sistema instituzionalaren barruan toki propioa bilatzea. Prozesua, beraz, ez da samurra izaten ari. «Tokian tokiko gobernuaren kontzeptua bereganatu behar dute udalek», eta hori lortzeko «engranajea» behar da, Peru Bazako Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordearen arabera.

Bi urte dira legea indarrean sartu zela, eta, orain arte egindako bidea nahi baino «motelagoa» dela aitortu duen arren, sailburuordeak ziurtatu du betetzen ari direla jasotako konpromisoak. «Udalak ikusgai egingo dira, eta gainerako erakundeen botere banaketan parte hartuko dute». Hori bai, denbora beharko da legea oso-osorik garatzeko.«Bospasei urte inguru», Bazakoren hitzetan. «35 urte behar izan ziren legea adosteko, eta hori ez da kasualitatea. Konplexua da legea, eta haren ondorioak ez dira egun batetik bestera ikusiko».

Udal Legearen oinarriak bat datoz Europako Kontseilutik finkatutako irizpideekin, eta, haiei esker, Eusko Jaurlaritzak uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek lortuko dutela Espainiako Estatuan «autonomia handienetakoa» izatea. Bazakok azpimarratu du garrantzi handiko araua dela, «harrera bikaina» izan duela komunitate zientifikoan, eta tokian tokiko erakundeen autonomiari buruzko Europako Gutunean oinarrituta dagoela: «Lege integrala eta modernoa da».

Parte hartzea eta dirua

Arauak duela hilabete batzuk egin zituen lehen urratsak: Tokiko Politika Publikoen Kontseilua eratu zen lehenik, eta Tokiko Gobernuen Batzordea gero. Udalen autonomia bermatzeko sortu ziren bi erakunde horiek, eta kontrol eta aholku emaile gisa funtzionatzen dute, lege eta foru arauak egiteko orduan udalen partaidetzarako mekanismo gisa. Hain zuzen ere, udalen kexa historiko bat izan da modurik ez zutela Jaurlaritzaren eta diputazioen politika publikoen diseinuan parte hartzeko. Udal Legearen bitartez, hori bermatu nahi diete toki erakundeei.

Alabaina, Irungo alkateak kritikatu du egunerokoan aurrerapausorik ez eman izana, organo bi horiek martxan jarrita ere: «Paperean jasota dagoena praktikara eramatea falta da». Santanok salatu du udalen autonomia ez dela egongo behar bezala bermatuta Tokiko Gobernuen Batzordea martxan jarri arte. Oraindik ez da guztiz garatu organo hori.

Amurrioko alkatearentzat, berriz, organo horrek eta Tokiko Politika Publikoen Kontseiluak «aldaketak» ekarriko dituzte udalen funtzionamenduan: «Hemendik aurrera ulertu behar dugu udalok zerbitzu emaileak ez ezik, benetako gobernuak ere bagarela». Irabienen ustez, oso interesgarria da halako neurriak hartzea udalei autonomia handiagoa emateko: «Orain arte beti ibili gara estatuaren legearen menpe, eta hemendik aurrera babes handiagoa izango dugu».

Autonomia handiagoa izateko, baina, finantzaketa behar da. Eta hor dago udalek bizi duten errealitatearen gakoa. Hamarkada luzeetan, udalak ez dira behar bezala ordezkatuta egon finantzaketaren zenbatekoa adosteko erabakiguneetan, eta haien aldarrikapen historikoetako bat izan da Finantzen Euskal Kontseiluan hitza eta botoa izatea. Udal Legearen bitartez, organo horretan parte hartzeko aukera dute, Eudelen ordezkaritzaren bitartez. Hala, egun Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin batera erabakitzen dute baliabide ekonomikoak hiru erakunde maila horien artean nola banatuko diren.

Udal legearen lehen eta bigarren xedapen gehigarrietan, aurreikusita dago administrazio bakoitzaren eskumenei eta finantzaketa mailari buruzko txosten bat egitea legea onartu eta beranduenez urtebetera. Haatik, txosten horren erredakzioa ere behar baino gehiago atzeratu da. Otsailaren 13an egindako Euskal Finantzen Kontseiluaren bileran erakundeek iragarri zuten maiatzaren 31rako prest egongo dela. Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalerriek nolako eskumenak dituzten, eta horiei aurre egiteko zenbateko finantzaketa behar duten finkatu beharko du lan horrek. Gainera, dokumentu horretan aterako diren ondorioetan oinarritu beharko da Ekarpen Legearen finantzaketa eredu berria.

Txosten hori izatea ezinbestekoa da udalek aurrerapausoak egin nahi badituzte, Errenteriako alkateordearen iritziz. Udalen eskuduntzak eta finantzaketa zehazten direnean, sistema instituzionala eta finantzaketa eredua «berrantolatu» beharko dela ohartarazi du Lopez de Etxezarretak: «Argazki horrek bertigo handia emango die batzuei, agerian utziko duelako udalek askoz ere diru gehiago behar dugula».

Mañuetako alkatearen iritziz, «aurrerapausoa» da udalek Euskal Finantzen Kontseiluan parte hartzea. Itxaropena dauka finantzaketa hobetuko dela, eta, neurri berean, «udalerrien eskubideak ere bai».

Irungo alkatea, ostera, ez da hain baikorra. Legeak udalek diputazioekiko duten menpekotasuna txikitu eta haien autonomia handitzea bilatzen duen arren, ez dela halakorik erdietsiko uste du Santanok. Haren iritziz, udalen eta gainerako erakundeen arteko harremana «ez da berdinen artekoa» izango diputazioei hainbesteko garrantzia ematen zaien bitartean. Santanok eskatu du udalekiko arreta gainerako erakun- deen parekoa izatea, «tokian tokiko instituzioak direlako herritarren eguneroko arazoei erantzuna eman behar dietenak».

Aldaketak, arlo askotan

Esparru ugaritan eragin ditu aldaketak Tokiko Erakundeen Legeak. Besteak beste, Eudel Euskadiko Udalen Elkartean. EH Bilduko hautetsiak estreinako aldiz sartu ziren zuzendaritzan 2016an, eta elkartearen eguneroko lana gertutik ezagutzen du Errenteriako alkateordeak. Azaldu duenez, Udal Legeak Eudelen funtzionamendua bera aldatu du, lan karga handiagoa duelako, eta elkartea «egokitze prozesu batean» murgildu da arauk dioena betetzeko.

Udal euskaltegien eta musika eskolen finantzaketari eta, batik bat, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei ere bete-betean eragindie lege berriak. Udal Legeak formula zehatzak jasotzen ditu udalek horretarako behar duten dirua izango dutela bermatzeko, nahiz eta oraindik udalei ez zaien finantzaketa hori iritsi. Finantzatzeko «modu seguru bat» eskatu du Lopez de Etxezarretak, udalak gainerako erakundeen laguntzen menpe egon ez daitezen. Santanok, berriz, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen finantzaketa jarri du arreta: «Premiazkoa da».

Udalen eskumenak eta finantzaketa argitu ez ezik, legeak euskararen arloan ere zehaztu du udalen joko esparrua. Besteak beste, udalei aitortu die hizkuntza politikarako eskumena, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzea ezarri du, erabat euskaraz egindako dokumentuak balekotzat jo ditu, eta hirigintza planek euskararentzat duten eragina aztertu beharra ezarri du. Azpimarratzekoa da Udal Legeak toki-administrazioen esparruan hizkuntza eredu berri bat abian jarri duela. «Jauzi kualitatibo bat da», adierazi du Amurrioko alkateak.

Gardentasunari eta herritarren partaidetza sustatzeari dagokionez, berriz, legeak alkateei eskumena ematen die galdeketen deialdiak egiteko, baldin eta, kontsultarako gaiak «herritarren edo komunitatearen interesentzat garrantzi handikoak» eta «udalaren eskumenekoak eta toki administrazioaren ingurukoak badira». Udalbatzaren gehiengo osoak onartu beharko du galdeketa deitzea, eta Espainiako Gobernuaren baimena jaso behar du deialdiak. Gisa horretako kontsultarik ez dute oraindik deitu Amurrion, Errenterian, Irunen eta Mañuetan, baina alkateek ontzat jo dute tresna hori eskura izatea. «Herritarrei parte hartzeko bideak zabaltzen dizkien edozein ekinbide, legearen barruan egiten bada, positiboa da», azaldu du Santanok.

Bi urte igarota, erakunde guztien «lurreratzea» beharrezkoaizango da Tokiko Erakundeen Legea modu egokian garatu ahal izateko, Erakunde Harremanetarako sailburuordearen ustetan. Horretarako, ezinbestekoa deritzo udalerriek «motor» izateari. «Udalerriak adinez nagusi dira eta dagokiena aldarrikatzeko eskubidea dute. Hortik aurrera, bidea ibilian egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.