Galdeketen olatua, handiagoa

Igandean, galdeketak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 udalerritan, Gure Esku Dago-k deituta. Bozkatzera deitutako 93.000 lagunetatik %14,81ek eman dute iritzia. Denera, 189.000 herritarrek parte hartu dute orain arte 203 herritan egindako galdeketetan.

Herritar ugarik parte hartu zuten igandeko herri galdeketetan. Irudian, Amurrion (Araba) jarritako hautetsontzi batean botoa ematen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Euskal herritarrak erabakitzeko eskubidearen inguruan ahalduntzeko bidean, Gure Esku Dago dinamikak urrats berriak egin ditu. Igandean beste 22 «pauso txiki» eman zituen erabakitzeko eskubidearen alde, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako 22 udalerritan deitutako herri galdeketen bitartez. Guztira, 92.959 herritar zeuden bozkatzera deituta igandeko «olatuan»; haietatik %14,81ek hartu zuten parte bozketetan. GED dinamikako kideek nabarmendu dute «ariketa demokratikoa» izan zela, eta pozik agertu dira igandeko bozketekin: «Merezi izan du».

Arabako zazpi herritan deituta zeuden galdeketak: Aiaraldeko bost herritan —Artziniegan, Aiaran, Amurrion, Okondon eta Laudion— eta Gorbeialdeko beste bitan —Zuian eta Zigoitian—. Bizkaian, zazpi herritan egin zituzten galdeketak: Lezaman, Zamudion, Gueñesen, Gordexolan, Arakaldon, Igorren eta Portugaleten. Nafarroan, berriz, zortzitan jarri zituzten hautetsontziak: Donezteben, Donamarian, Elgorriagan, Iturenen, Zubietan, Legasan, Deierrin eta Lezaunen.

Igandeko olatuarekin, dagoeneko 189.000 lagunek hartu dute parte orain arte 203 herritan egindako galdeketetan; 2014an egin zuten lehena, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Igandekoak kontuan hartuta, Euskal Herriko biztanleen herena bizi den eremuetara iritsi dira dagoeneko galdeketak. Horiei esker, Gure Esku Dago-k uste du «normaltasunez» heltzen ari zaiola erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidari.

Igandean, Portugalete (Bizkaia) izan zen bozketak egin ziren herrietatik handiena. Bizkaiko Ezkerraldea eskualdea osatzen duten herrien arteko lehena izan da etorkizunari buruzko galdeketa egiten. Getxo kenduta, Portugalete da galdeketa egiten duen Bizkaiko herririk handiena: 46.375 biztanle ditu, eta 40.801 herritarrek izan dute botoa emateko eskubidea. Igandean, 3.398 lagun joan ziren bozkatzera: %8,31. Jende gehien mugitu zuen galdeketa, berriz, Zubietakoa (Nafarroa) izan zen, non herritarren ia erdiak hartu zuen parte: %46,77. Elgorriagan (Nafarroa) ere oso handia izan zen parte hartzea: %40,89. Aiaran (Araba), Lezaman (Bizkaia), Iturenen (Nafarroa) eta Legasan (Nafarroa) ere herritar askok eman zuten botoa: %30etik gora.

Botoa eman duten 22 udalerriek tamaina eta nolakotasun ezberdinak dituzte, eta aniztasun horren isla izan dira bakoitzean proposatu dituzten galderak ere. Estatus politikoaren ingurukoak izan ziren guztiak, baina xehetasunak aldatu ziren leku batetik bestera. Adibidez, Araban, galdera berbera adostuta zegoen Aiaraldea eskualdeko bost herritan: «Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?». Zuian, aldiz, herriko perspektiba izan zuten kontuan: «Zuiar gisa, izan nahi duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra?».

Nafarroako Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Legasa eta Zubietako herri galdeketan, galdera berbera hitzartu zuten: «Nahi al duzu nafar gisa burujabe izan etorkizuna libre erabakitzeko?».

Eguraldia lagun, jai giroan egin zituzten galdeketak, eta, goizetik iluntzera arte, musika, dantzak eta umeentzako jolasak antolatu zituzten herri gehienetan. Gazteak eta nagusiak joan ziren antolatzaileek herri eta auzoetan jarritako mahaietara. Zuian (Araba) izan zuten ustekabe bakarra, bezperan Gasteizko epaitegi batek agindua eman baitzuen galdeketaren alde Gure Esku Dago-k udaletxearen atarian jarritako kartelak kentzeko. Epaileak Espainiako Estatuko Abokatuaren eskariari jarraituta hartu zuen erabakia. Ez zen liskarrik egon.

Euskal politikako hainbat pertsona ezagun zeuden igandean botoa ematera joan zirenen artean; esate baterako, Laudion (Araba) bozkatu zuten Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak eta Marian Olabarrieta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetarako diputatuak; Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak Amurrion (Araba) eman zuen botoa, eta Mireia Zarate eta Joseba Aurrekoetxea EAJko burukideek Zamudion eta Portugaleten (Bizkaia) egin zuten, hurrenez hurren.

Erronka handiagoak

Galdeketak, ordea, ez dira herenegun egindakoekin amaituko. Datorren igandean, Oteizan (Nafarroa) jarriko dituzte hautetsontziak, eta azaroaren 19an izango da hurrengo olatu handia , Donostian eta Irunen (Gipuzkoa) egingo baitituzte estatus politikoari buruzko galdeketak.

Ekainaren 10eko giza katea izango da Gure Esku Dago-ren hurrengo apustu handia. Donostia, Bilbo eta Gasteizen arteko 201,9 kilometrokoak lotu nahi dituzte, erabakitzeko eskubidearen aldeko urrats kualitatiboa eman dadin eskatzeko. 100.000 herritar bildu nahi dituzte horretarako. Lekua ziurtatzeko eta antolakuntza lanak errazteko, Gure Esku Dago-k lehenbailehen izen ematera deitu ditu herritarrak. Euskal Herritik euskal diasporara zabaldu dute egun horretarako egiten ari diren kanpaina, eta asteburuan giza kate bat egin dute Buenos Airesen (Argentina), egitasmoa babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.