Pistolak? Ez udaltzain guztiek

Euskal Herriko udaltzainek pistolak erabiltzeko eskubidea dute, baina guztiek ez dituzte eramaten. Udalerri bakoitzaren esku dago azken erabakia. Gipuzkoan ia ez dago armarik erabiltzen duen udaltzainik, baina Eibarkoek eta Arrasatekoek eskaera ofiziala egin diete alkateei.

Iruñeko udaltzainak, Runako parkean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako udaltzainek pistolak erabiltzen dituzte. IÑIGO URIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dauden polizia indar ia guztiek erabiltzen dituzte suzko armak lanorduetan. Hala egiten dute ertzainek, foruzainek, Espainiako poliziek, guardia zibilek, jendarmeek eta Frantziako poliziek. Udaltzainen kasua, berriz, berezia da. Legearen arabera,udaltzainek arauzko armak erabil ditzakete, baina, horretarako,tokian tokiko udal gobernuen oniritzia behar dute, haiena baita eskumena.

Hego Euskal Herrian, 4.050 udaltzain inguru daude —3.300 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 750 Nafarroan—, eta denek ez dituzte suzko armak erabiltzen. Hiriburuetako udaltzain guztiek eramaten dute pistola bat soinean, baina ez udalerri txikiagoetan lan egiten dutenek. Bizkaian, Elorrioko, Markinako eta Ondarroako Udaltzaingoak ez du armarik erabiltzen. Araban, Gasteiztik landa apenas dagoen Udaltzaingoa duen udalerririk, baina, daukatenek, armak erabiltzen dituzte. Gipuzkoan, berriz, kontrakoa da egoera, Udaltzaingoa duten 38 udalerrietatik soilik lau herrietakoek eramaten dituztelako armak: Donostiakoek, Irungoek, Errenteriakoek eta Andoaingoek.

Hain justu, Gipuzkoako zenbait udalerritan sortu da polemika duela gutxi. Eibarren eta Arrasaten, bereziki. Bi udalerri horietako Udaltzaingoen hainbat sindikatuk eskatu dute armak erabiltzea, azken hilabeteotan herrian izandako delinkuentzia kasuei aurre egiteko «babesgabe» daudela argudiatuta. Udalei formalki egin diete eskaera.

Eibar, epaitegietan

Eibarko Udalak 1977an erabaki zuen herriko Udaltzaingoak suzko armarik ez erabiltzea. Ordutik, erabaki hori ez da sekula ezbaian egon, azkenaldian izan ezik. Hainbat udaltzain mugitzen hasiak dira armen erabileraren alde, segurtasun arazoak argudiatuta. Eskaera horrekin ez dute bat egiten udaltzain guztiek, Mikel de los Toyos Eibarko alkateak (PSE) BERRIAri jakinarazi dioenez, baina arazoa badagoela onartu du.

Herriko udaltzainen kexak SVPE sindikatuak gidatu ditu orain arte, baina Ernek ere bat egin du eskaera horrekin. SVPE sindikatuak ez du ordezkaritzarik Eibarko Udalean, baina Espainiako Segurtasun Indarren legea oinarri hartuta, armak erabiltzeko eskubidea aldarrikatu, eta Eibarko Udalaren aurkako salaketa aurkeztu du Donostiako epaitegietan. Epaileak aintzat hartu du salaketa, eta udalari ohartarazi dio armak ukatzeko erabakia legean oinarrituta argudiatu beharko duela. Hala egin du Eibarko alkateak, eta epaitegiari igorritako txosten batean azaldu du udalerriak azken hamarkadetan izan duen delinkuentzia indizea aintzat hartuta, ez dagoela arrazoirik udaltzainei armak emateko. «Uste dugu ez dagoela arrazoi objektiborik esateko Eibarko Udaltzaingoak armak eraman behar dituela. Ez ditu eraman azken 30 urteetan, eta egun ere ez ditu zertan eraman», azaldu du alkateak. Udal talde bakar batek ere ez du begi onez ikusi udaltzainen eskaera.

Arrasaten ere pil-pilean dago gaia. Azken urteetan, modu ez-ofizialean bada ere, udaltzainek behin baino gehiagotan eskatu dute arauzko armak erabiltzea. Azkeneko eskaera aurtengo urtarrilean egin zuen udaltzainen zuzendaritzak, modu ofizialean. Arrasateko Udalari bideratu zion eskaera, argudiatuta azken hilabeteotan herrian izandako delinkuentzia arazoek sortutako «arrisku eta mehatxu» egoerei aurre egin behar zietela. Arrasateko udaltzain guztiak, baina, ez datoz bat armak erabiltzeko eskaerarekin. Udaleko enpresa batzordeak ere uste du herrian segurtasun falta dagoela —berari dagokio udaltzainen ordezkaritza sindikala—, baina iritzi dio konponbidea ez dela etorriko armak erabiltzearekin, agente gehiago jartzearekin baizik.

Azken hitza, baina, udalak dauka. Erabakia hartzeko, azken bost urteetan herrian izandako kriminaltasunari buruzko txostena eskatu du Maria Ubarretxena alkateak, eta alderdiek eta sindikatuek horren inguruan hausnartzeko sei hilabeteko tartea ezarri du ebazpen bidez. Epe hori amaituta, udaleko pertsonal batzordean hartuko da armen erabilerari buruzko erabakia. Gehiengo sinplea nahikoa bada ere, erabakia alderdi guztien babesarekin baino ez duela hartuko ohartarazi du alkateak. Oposizioak argi utzi du zein den bere jarrera: gaiaz eztabaidatzeko prest agertu dira EH Bildu, Baleike eta Irabazi, baina iragarri dute ez dutela begi onez ikusten udaltzainek pistolak eramatea.

Pistolekin, seguruago?

Segurtasuna eta armak binomioari zuzen-zuzenean eragiten dio eztabaidak. Eibarko alkateak argi du udaltzainek gaur egun dituzten tresnak «nahikoak» direla euren betebeharrak betetzeko, betiere Ertzaintzarekiko koordinazioak ongi funtzionatzen badu. Armen erabilerak ez duela zertan segurtasuna handituko uste du: «Ez dago daturik erakusten duenik udaltzainek armak erabiltzen dituztenean herrietako segurtasuna hobetzen dela». Denborak erakutsi du, haren buruz, suzko armarik gabe ongi bete ahal dutela euren lana.

Oso bestelako iritzia du Erne sindikatuak. Polizia «guzti-guztiek» suzko arma eramatearen aldekoa da, salbuespenik gabe,Josean Bogajo Erne sindikatuko udaltzainen arduradunak azaldu duenez. «Guk ez dugu nahi hautu bat izatea, betebeharra baizik. Suhiltzaile bati ez zaio okurritzen kaskorik gabe joatea sua itzaltzera; bada, udaltzainaren kasuan gauza bera izan beharko luke pistolarekin». Bogajok erabat ulergarri iritzi dio Eibarko edota Arrasateko udaltzainen eskaerari, eta, dioenez, kezka berbera dute Gipuzkoako beste udalerri askotako udaltzainek ere. Haren ustez, bi dira arazoaren muinak: batetik, belaunaldi berriek Udaltzaingoaren «polizia» ikuspegi barneratua dutela, baina, bestetik, ideia hori ez dator bat Gipuzkoako udalerri gehienen «ideologia» jakin batekin. Bogajoren iritziz, udalek «ausardiaz» jokatu behar dute, herritarren aurreiritziei aurre egin, eta udaltzainei armak eman behar dizkiete.«Oso arriskutsua da ideologia segurtasunaren gainetik ezartzea. Egunen batean pistola ez eramateagatikzerbait gertatzen bada, erantzukizunak eskatuko ditugu. Baina beranduegi izan daiteke».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan udaltzain izan nahi duenak zazpi hilabeteko ikastaro bat egin behar du Udaltzaingoaren Akademian eta Arkautiko Ertzaintzaren instalazioetan. Besteak beste, armen erabilerarekin lotutako ikastaroak egiten ditu. Praktikaldien ostean, udaltzain lana betetzen duenak badaki arauzko arma bat erabiltzen. Erneko arduradunak azpimarratu du Ertzaintzak hartzen duen prestakuntza «ia berbera» hartzen duela gaur egun Udaltzaingoak: «Ertzainek soilik bi hilabete gehiago ematen dituzte Arkautin ordena publikoaren eta terrorismoaren aurkako borrokarekin zerikusia duen prestakuntza hartzeko». Horregatik, ez du ulertzen zergatik udaltzainek ez duten arma bat eramaten aldean.

Herritarren artean «pedagogia egitea» beharrezkoa dela uste du Bogajok, udaltzainen inguruan dagoen pertzepzio soziala aldatzeko: «Txapela daraman eta on hutsa den udaltzainaren kontzeptua burutik kendu behar dugu, eta barneratzen hasi polizia bat dela».

Eibarko alkatearen ustetan, ordea, pistola bat «bi ahoko arma» izan daiteke, eta «erabiltzen jakin behar da». Haren iritziz, polizia ezberdinen arteko koordinazioa bermatuta eta bakoitzaren eskumenak ongi bereizita ez luke zertan arazorik egon. Gogoratu du egungoak baino garai «askoz latzagoak» bizi izan dituztela herrian 1980ko hamarkadan drogarekin lotutako delinkuentzia zegoenean edo ETAk atentatuak egiten zituenean, eta orduan ere ez zutela beharrezko ikusi udaltzainek pistolak soinean eramatea.

Legea aldatzeko eskaera

EAEko eta Nafarroako Polizia Legeetan araututa dago Udaltzaingoaren izaera eta jarduera. Bi lege horien arabera, izaera zibileko «institutu armatua» da Udaltzaingoa, «egitura eta antolaketa hierarkikoak» ditu, eta alkatearen aginte gorenaren menpean dihardu. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Udaltzaingoa izateko eskubidea dute bost mila biztanle edo hortik gora dituzten udalerriek. 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriek Eusko Jaurlaritzaren baimena behar dute Udaltzaingoa izateko, bai eta erabaki horiargudiatzeko udalaren txostena ere. Legeak ongi zehazten ditu zeintzuk diren udaltzainen zereginak, eta horien artean daude administrazio polizia modura aritzea, ordenantzak, bandoak, dekretuak eta abar betearaztea, udalerriko zirkulazioa zaintzea eta herritarren segurtasuna zaintzea. Ordea, armen erabilerari buruzko aipamenik ez du egiten.

«Gabezia» hori amaitzeko asmoa du Ernek, eta proposamena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean EAEko Polizia Legea aldatu eta udaltzainen armen erabilera arautzeko. Sindikatuko ordezkariak datozen egunotan biltzekoak dira legebiltzar taldeekin, euren asmoen berri emateko. «Armak eramatea normaltasunez ikustea nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.