Antxon Lopez Usoz. AFMko presidentea

«2017. urtea da benetako erronka; zantzu kezkagarriak daude»

Makina-erremintako sektoreko buruak dio, protekzionismo olatua dela eta, hilabete batzuk barru aurreikusi ahal izango dela zenbaterainoko kalteak dauden. Argi dauka joera hori kaltegarria dela sektorearentzat.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
AFM makina erremintako klusterreko enpresek salmenta mailari eutsiko diote aurten. Iaz egindako poltsari esker eutsiko diete 1.500 milioi eurotik gorako salmentei, eta Antxon Lopez Usozek dioikusteko dagoela zer-nolako merkatuak uzten dituzten Trumpek eta brexit-ak eragindako berregituraketak.

Merituzkoa ematen du, egungo egoera ikusita, 2016an hazi ondoren, 2017rako ere aurreikuspen ona egotea.

Neurri handi batean, gure salmentak atzerrian izan dira historikoki, eta etxeko merkatuak behera egin zuenean, areagotu egin da joera hori. Aurretik lortutako lekuari esker eutsi diogu esportazioen mailari, eta atal hori oinarrizkoa da gure fakturazioan. Hori da gure meritua.

Trump iritsi da, brexit-a ere bai. 2017rako aurreikuspenak ez dira txarrak, ordea. Nola ulertu behar da hori?

2017rako espero duguna aurreko urtean oinarritu da. Ekoizpen irtenbide konplexu baten prozesuak luzeak dira, eta eskaera jasotzen denetik hura fakturatzen den arte, sei eta hemezortzi hilabete arteko tartea egon daiteke. Baina bai, proposamen protekzionistak nagusitzen badira, munduko merkatuak traba handia izango du, eta horrek sektore guztiei eragingo die, baita guri ere.

Orduan, hemendik aurrera hasten da zailena.

Benetako erronka 2017. urtea da: eskaera nahikoak lortzea urtea ondo amaitzeko eta 2018. urtea prestatzeko. Oraindik goiz da jakiteko benetako ondorioak zer-nolakoak izango diren gure sektorearentzat, baina zantzu kezkagarriak daude.

Zein zantzu?

Mexikoren kasuan, adibidez, hainbat erabaki hartzen ari dira, eta haiek herrialde horretan egin daitezkeen inbertsioak alda ditzakete.

2015ean AEBetan saldu zuten gehien AFMko enpresek. Iaz, berriz, AEBak laugarren lekuan geratu ziren, eta Txina da berriro lehen jomuga. Beti egongo da non saldu?

Merkatuen dibertsifikazioaren helburua da hori. Europa, Asia eta Amerikan saltzen dugu, Alemania, Txina eta AEB dira merkatu nagusiak. Logikoa da gure esportazioak txandakatuz joatea. Merkatu batek bestearen lekukoa hartzen du. Makinen merkatuak gune industrial garrantzitsuak dira, ekoizpen sektore nagusiekin: autogintza, aeroespazioa, energia, trengintza, ekipo ondasunak... Normalean betiko merkatuetan saltzen dugu. Alemania, Espainia, Frantzia, Italia, Portugal eta Errusia dira Europan; AEB, Mexiko eta Brasil, Amerikan; eta Txina eta India, Asian. Aurten ere hor jokatuko da gure partida.

Barne merkatua zer? Euskal Herrian saltzen duzue zertxobait, baina Katalunian eta Espainian zulo handia dago...

Etxeko merkatu sendo bat edukitzeak indarra ematen dizu. Ekoizten duzun lekutik hurbil erosteko ahalmen on bat badago, horrek erraztu egiten du bizitza. Kontua da 2008tik 2013ko bigarren erdira arte inbertsioak izugarri egin zuela behera Espainian, inoizko maila txikienera. Horrek behartu gintuen atzerrira gehiago joatera. Baina esan behar da azken hiru urteetan badagoela susperraldi bat barne merkatuan, eta hauspo apur bat eman digula horrek. Krisi aurreko egoera lortu arteko bidea, ordea, oso luzea da oraindik. Euskadin egoera hobea da, administrazioak laguntzak martxan jarri dituelako industriak bere makinen modernizazioan inberti dezan.

Sektoreak kontratu garrantzitsuak lortzen ditu tarteka; hor dira Arrasateko Fagor eta Ekin kooperatibenak. Zein da ziurgabetasunaren aurkako edabea?

Lehiakorra izatea da gakoa: bakarrik modu horretan iraungo dugu merkatu aldakor, konplexu eta sofistikatuetan. Kontratu bi horietan eta beste hainbatetan, enpresek lortzen dute beren produktua saltzea enpresa onenekin lehiatu ondoren. Esan beharrik ere ez dago enpresek berrikuntza gauzatu behar dutela bezeroen neurrira egindako soluzioak eskaintzeko gai izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.