Poliziaren Biktimen Legearen aurkako helegitea ez dute onartu

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez ditu aintzat hartu Poliziaren Biktimen Legearen zenbait artikulu bertan behera uztearen aurka Jaurlaritzak jarritako alegazioak, eta, horrenbestez, indargabetuta jarraituko dute. Konstituzionalak auto batean jakinarazi duenez, legearen sei artikuluren kautelazko etendura bere horretan mantenduko du, auziaren mamiaz ebatzi bitartean.

Eusko Jaurlaritzak joan den irailaren 12an aurkeztu zizkion alegazioak Konstituzionalari, Poliziaren Biktimen Legea bertan behera uzteko erabakiaren kontra. Alegazioetan, legearen zenbait artikuluren behin-behineko indargabetzea kentzeko eskatu zuen Jaurlaritzak, argudiatuta legea bat datorrela Espainiako konstituzioarekin, haren xedea ez baita zigorrak ezartzea.

1976 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea du helburu lege horrek. Bi gobernuen arteko desadostasun nagusia legeak eratzea agintzen duen balorazio batzordearen ingurukoa da. Batzorde horrek izango luke Poliziaren biktimen aitortza eskariak aztertzeko ardura. Espainiako Gobernuak iazko urrian Konstituzionalean aurkeztutako helegitearen arabera, ordea, batzordeak Espainiako Justiziari dagozkion ahalmenetan esku hartuko luke, eta, beraz, legeak Eusko Jaurlaritzaren eskumenak gaindituko lituzke.

Urkulluren gobernuak ez du oraindik jaso auzitegiaren ebazpena, baina Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du «oso albiste txarra» dela erabakia. Haren ustez, Konstituzionalaren erabakiak «atzeratu» egingo du auziaren mamiari buruz hartu behar duen azken erabakia, eta, beraz, baita Poliziaren biktimen aitortza ere.

Bizikidetza Plana, osatuago

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak behin betiko onartu du Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana, hainbat erakunde eta elkarteren 26 ekarpen jaso ostean. Zehazki, Arabako Foru Aldundiak, legebiltzarreko taldeek, AVT eta Covite biktimen elkarteek, Fernando Buesa eta Egiari Zor fundazioek eta Elkarteen Foroak egindako proposamenak aintzat hartu ditu Jaurlaritzak plana osatzeko.

Proposamen horiek kontuan hartuta, Jaurlaritzak 63 aldaketa egin dizkio jatorrizko zirriborroari. Aldaketa horien artean bi dira azpimagarrienak. Batetik, AVT elkarteak egindako eskariari erantzunez, jatorri ezberdinetako biktimen tratamenduan «berdintasunaren» eta «diskriminaziorik ezaren» printzipioekin konpromisoa agertu du Jaurlaritzak. Halaber, biktima batzuen eta besteen arteko biktimizazio arrazoien «legitimizazioa parekatzea» baztertu du.

Bestetik, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako 2030 agendarekin konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, eta«bizikidetzaren aldeko erronka berriak» agendan zehaztutakoarekin bat etorriko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.