Luzapena, porrotetan lehena

Greziaren erreskatea bi hilabetez luzatzea onartu du eurotaldeak.

Ustekabean, Samarasek datorren astera aurreratu du Greziako presidentea aukeratzeko bozketa
Sapin (Frantzia), Harduvelis (Grezia) eta De Guindos (Espainia), atzo, eurotaldearen bileran.
Sapin (Frantzia), Harduvelis (Grezia) eta De Guindos (Espainia), atzo, eurotaldearen bileran. OLIVIER HOSLET / EFE

Iker Aranburu -

2014ko abenduak 9
Erreskadan jaso ditzakeen lehen porrotetatik lehena jasan du Antonis Samaras Greziako lehen ministroak. Eskuak libre zituela iritsi nahi zuen 2015eko urtarrilaren 1era, erreskateen garaia eta troikaren markatze zorrotza atzean utzita. Ez du lortu. Grezia ez dago bere burua aise finantzatzeko egoeran, eta erreskatea bi hilabetez luzatzea onartu behar izan du. Zama horrek beste bi porrot ekar diezaizkioke Samarasi aste gutxiren epean. Oposizioaren laguntzarik gabe ezingo du 180 diputaturen gehiengorik lortu Greziako Errepublikako presidentea izendatu ahal izateko. Presidenterik ez badago, hauteskunde orokorrak antolatu beharko ditu, eta horietan Syriza ezkerreko koalizioaren aurrean galtzeko aukera handiak ditu.

Egoera zail horren aurrean erasora jokatzea erabaki du Samarasek, eta bi hilabete aurreratu du Karolos Papulias presidentea ordezkatzeko bozketa. Horrekin espero du boz orokor batzuetan aulkia galtzeko beldur diren diputatu independente batzuen babesa lortuko duela. 155 aulki dituzte Samarasen ND Demokrazia Berria kontserbadoreak eta PASOK sozialistak, eta 180 boto behar dituzte presidentea hautatzeko. Abenduaren 17an izango da lehenengoa, eta, behar izanez gero, 22an eta 27an hurrengoak.

Samarasen ustekabeko mugimendua iritsi zen eurotaldeak Greziaren erreskateari bi hilabeteko «luzapen tekniko» bat ematea onartu eta berehala. Atenasek eskatu beharko du luzapena. Bi hilabete horietan espero dute akordioa lortuko dutela Greziako Gobernuak eta erreskatea gainbegiratzen duen hirukoteak: Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa. Atenasek gaur egun duen 315.000 milioi euroko zorraren %80 EBrekin eta NDFrekin du, bi erreskate programen bidez 245.000 milioi utzi baitizkiote porrota eragozteko.

Bigarren erreskatea aurtengo abenduaren 31n amaitzekoa zen, baina oraindik azken zatia —1.800 milioi euro— ez du eman troikak, ez baitago ados atzo goizaldeko lehen orduetan Greziako Legebiltzarrak onartutako 2015eko aurrekontuekin. Ia 3.000 milioi faltako direla uste du, eta botiken gaineko BEZa igotzea eta pentsio publikoak txikitzea eskatu du. Samarasek, ordea, ez du halakorik egin nahi. Batetik, neurri oso gogorren ondoren Grezia onbideratzen ari dela saldu nahi du, eta egindako ahalegin handiak zerbaitetarako balio izan duela erakutsi. Zenbakiek horretarako zirrikitu bat ematen diote: langabezia EBko handiena da (%25,9), baina txikitzen ari da; BPGa, ia %25 galdu ondoren, %1,6ko erritmoan ari da hazten; eta Greziako kontu publikoek superabit primarioa dute.

Bestetik, Greziako lehen ministroak troikaren agindura dagoen irudiarekin hautsi nahi du behingoz, jakin baitaki haren besotik agertzen bada nekez irabaziko dituela hauteskundeak. Berez, boterera iritsi aurretik erreskateen aurkako mezua zabaltzen zuen Samarasek, baina gobernura iritsitakoan bizkor ahaztu zuen.

Europako Batasunean espero dute berdin egingo duela Alexis Tsipras Syrizako liderrak, baldin eta aurreikuspenak bete eta datorren urtera aurrera daitezkeen hauteskundeak irabazten baditu. Inkesta guztietan lau eta zazpi puntu arteko aldea du Syriza ezkerreko koalizioak Samarasen NDrekiko. Bruselan uste dute Tsiprasek estu hartu ahal izango dituela Greziako eliteak eta haien zerga ihes erraldoia gutxitu ahal izango duela, eta behin boterean urardotuko dituela bere bi proposamen nagusiak: zorra berregituratzea eta gastu publikoaren bidez ekonomia sustatzea.

Finantzaketa lerroa

Bi hilabeteko luzapenak balio beharko luke Greziaren etorkizuneko finantzaketa sistema finkatzeko. Gauza bat dago garbi: Greziak ez du independentzia finantzaketarik berreskuratuko. Zor barkamenik ezean, dozenaka urte beharko ditu EBko beste bazkideei eta NDFri zor diena pagatzeko, eta haien laguntza beharko du berriro merkatuek bizkarra ematen badiote. Udazken hasieran Samarasek uste zuen Portugalek eta Irlandak egindakoa egin ahal izango zuela Greziak ere, eta erreskatetik irteera garbia egin ahal izango zuela. Baina merkatuek ezetz esan zioten, eta Greziaren arrisku sariak gora egin zuen nabarmen. Egun gutxiren buruan 460 puntutik 810 puntura salto egin zuen. Atzo 655en bueltan zebilen; duela urte gutxiko 3.500eko mailatik behera, baina maila onartezina luzerako bada. Portugalen arrisku saria 200 puntukoa da, Espainiarena 110ekoa da, eta 60koa, berriz, Irlandarena.

Gaur egun epe laburrerako zorra jaulkitzeko gai da Atenas, baina epe luzekoa jaulki ahal izateko segurtasun sare bat behar dute Samarasek edo haren atzetik gobernua eskuratzen dutenek. Sare hori EBren erreskate funtsen 10.000 milioi euroren finantzaketa lerro bat izango da ziurrenik. Haren babesarekin, merkatuak interes txikiago eskatuko diela espero dute, eta hala ez bada, lerro horretako dirua baliatu ahal izango duela Atenasek. Diru hori baldintzekin iritsiko da, noski.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna