Euskara, emakumeen hizkuntza?

«Emakumezkoek gehiago egiten dute euskaraz, gizonezkoek baino». Ondorio hori atera du Soziolinguistika Klusterrak euskararen kale erabileraren azken neurketan. EHUko bi adituk argazkiaren ertzak arakatu dituzte: hizkuntzaren erabilera ere gizarte ereduaren sintoma bat dela argudiatu dute.

Samara Velte -

2018ko urtarrilak 17
Aldea oso handia ez bada ere, joera berbera antzematen da adin talde guztietan, helduenetan izan ezik: espazio publikoan bederen, andre gehiago mintzo dira euskaraz, gizonak baino. Lurralde guztietan gertatzen da, eta ez kalean soilik: euskaltegietan ere, emakume gehiago matrikulatzen dira. Iazko iraileko eta urriko deialdian, hiru ikasletik bi ziren andrazkoak.

Joera horren arrazoien bila, hizkuntz ohituretan eragiten duten faktoreak aztertu dituzte Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna EHUko antropologoek. «Azalpen posible batzuk» bildu dituzte, eta Bat aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte ondorioak. «Puzzlearen piezak jarri ditugu mahai gainean», azaldu du Hernandezek: «Gure helburua ez da izan datu horiek azaltzea, baizik eta ikustea zer erakusten diguten». Izan ere, hizkuntzaren erabilera garaian garaiko eta tokian tokiko joera sozialen isla da, Altunaren arabera: «Hizkuntz praktikak genero ikuspegi batetik aztertzen baditugu, erakutsiko digute gizarte horretan generoa nola antolatuta dagoen».

2001etik, areagotuz joan da kale erabileraren azken neurketak erakutsi duena. Lurralde guztietan ez da, ordea, erritmo berean gertatu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2006tik neurtu dute erabilera handiagoa emakumeen artean; Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, iaz antzeman zuten lehenbiziko aldiz fenomeno hori.

Orokorkerietan erortzeko arriskuaz ohartarazi dute, dena den, antropologoek. Izan ere, argazkia ez da beti berdina izan, eta, tokiaren arabera, salbuespenak ere badaude. «Antropologian asko kostatzen zaigu orokortzea», azaldu du Hernandezek: «Konturatzen baikara historian buelta asko gertatzen direla, eta gaur egun era batera dena hemendik 50 urtera beste era batera izan daitekeela». Adibide gisa, 1960ko hamarkadan landa giroko herrietan egindako azterketa antropologikoak ekarri ditu gogora Altunak: besteak beste Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-ek identifikatu zuenez, garai hartan herri txikietako emakumeek joera handiagoa zuten erdaraz aritzeko. «Logika handia dauka testuinguru horretan», azaldu du: «Emakume horiek etxetik ateratzeko zailtasun handiagoak zeuzkaten; haientzat, gaztelania eta frantsesa ikastea zen modu bat herritik eta etxetik alde egiteko».

Gaur egun, euskara gehiago hedatu da herri handiagoetan. Kike Amonarrizek 2006ko kale neurketaren ostetik iragarritako «euskararen feminizazioa» ekarri dute gogora antropologoek euren artikuluan; haren arabera, euskara normalizatzeko ahaleginek eragin handiagoa izan dute hiriguneetako emakumeengan. «Euskarak, gehien eta hobekien zabaldu den tokietan, emakumeen presentziarekin egin du topo», adibidez, hezkuntzan, jendaurreko administrazioan eta, oro har, feminitatearekin lotu izan diren ofizioetan. Industrian, aldiz, gehiago kostatu da euskara zabaltzea.

Ikastetxeak izan dira, hain zuen ere, hizkuntzaren normalizazioaren oinarrietako bat. Eta «irakaskuntza, lanbide gisa, femeninoa da», Altunaren hitzetan: «Euskararen biziberritze prozesuaren azterketa historiko bat eginda, ikusten da hemen, abertzaletasunaren barruan, emakumeei eman zaien rola hizkuntzaren transmisorearena dela». Ikastolen sorreran ere funtzio horixe hartu zuten: hizkuntzaren zaintza eta transmisioa amaren rolari atxiki zitzaion, «ama biologiko zein sozialari», bi antropologoek euren artikuluan zehazten dutenez. «Baina beti arlo pribatuan», nabarmendu du Altunak: «Etxean, familian edo eskoletan irakasle gisa. Geroago, hizkuntzaren aldeko mugimenduak arlo publikora igaro zirenean, handitu egin zen gizonen presentzia». Euskaltzaindiko eta Ikastolen Elkarteko zuzendaritzak jarri ditu adibidetzat: «Batez ere gizonak daude hor».

Bi antropologoen arabera, hizkuntza euskal kulturaren eta identitatearen erdigune bihurtu zenean, ordura arte zaindari nagusi izandakoek —emakumeek— zentralitatea galdu zuten, eta gizonak bihurtu ziren prozesu horien protagonista. «Emakumeena hizkuntza da, ama hizkuntza, eta gizonezkoena, hitza», esanez laburbildu dute prozesua.

Haurren faktorea

Euskal Herri osoko 47 herritako datuak aztertu dituzte Hernandezek eta Altunak. Adin desberdinekoen arteko elkarrizketetan euskara gehiago erabiltzen dela sumatu dute ia guztietan. «Haurren presentziaren faktorearekin azaldu daiteke hori», uste du Altunak: «Edo, haurren faktoreaz baino gehiago, haurren eta helduen arteko arau sozialaz hitz egin behar genuke». Haurrak euren artean ari direnean ere jaitsi egiten baita euskararen erabilera: «Araua ez da 'haurrak daudenean euskaraz egin behar da'; hori baino gehiago, haurrek onartuta daukate beste adinetako jendearekin euskaraz hitz egin behar dela. Horrela sozializatzen dira: harreman horizontaletan gaztelaniaz, eta bertikaletan euskaraz».

Genero ikuspegitik ere, haur eta gazteengan antzeman dute alde handiena: 2-14 eta 15-25 adin tarteetan, neskek 3,8 eta 4,6 puntu gehiago erabiltzen dute euskara, hurrenez hurren. Adin talde hori da Altunak eta Hernandezek ondoen ezagutzen dutena, aurretik ere hainbat ikerketa kualitatibo egin baitituzte ume eta nerabeekin. Adin horietan, euskara eskolarekin lotzeko joera handia dagoela ondorioztatu dute: «Euskal Herrian espazio elebakar ia bakarra da eskola, eta eguneroko borroka eta eginkizuna da 'euskaraz egiteko' mezua zabaltzea eta betearaztea». Neskek, oro har, joera handiagoa dute arau hori betetzeko: alde batetik, irakasle gehienak emakumezkoak direlako eta horrek identifikazioa errazten duelako; eta, bestetik, arauak ez hausteko hezten dituztelako. «Neskak txintxoago izateko sozializatzen dira, arau sozialak betetzeko; horretan jartzen da indarra», azaldu du Altunak: «Mutilei, aldiz, aukera handiagoa uzten zaie transgresiorako edo arauak apurtzeko». Areago: maskulinitatea, batzuetan, araua puskatuz eraikitzen dela nabarmendu du Hernandezek. «Haientzat, eskola herrialde txiki bat da, zeinetan hizkuntza euskara den. Gazte askorentzat, hori da eremu euskaldun bakarra euren bizitzan. Gu ere, gizarte bezala, saiatzen gara batzuetan sistemaren edo estatuaren aurka egiten; bada, pentsa dezakegu haientzat eskola ere estatu txiki bat dela, eta araua hori dela sumatzen badute, saiatuko direla hausten».

Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaz ere ohartzen dira, euren modura, haur eta nerabeak. «Helduen artean boterea duen hizkuntza gaztelania da», azaldu du Altunak: «Umeek badakite araua ez dela berdina eskolan eta gizartean; eta, mutilek errazago apurtu dezaketenez eskolako araua, errazago gerturatzen dira gizartean boterea ematen duen hizkuntza horretara». Ohartarazi du, dena den, boterearena testuinguruan kokatu behar dela, «euskararen bitartez zenbait arlotan ere boterea eta prestigioa lor daitezke eta».

Jokabidetik dator hitza

Eskolako eta gizarteko rolez harago, neskek eta mutilek ez daukate harreman bera hizkuntzarekin. «Mutilek mugimendurako joera handiagoa dute, eta oldarkorrago jokatzen dute; neskak, aldiz, geldiagoak dira», azaldu du Altunak. Jokabide horiek hizkuntzaren erabileran ere eragiten dute: «Gorputza eta mugimendua nola erabiltzen dituzun, hizkuntza ere modu batean edo bestean erabiliko duzu». Horren sintometako bat da, adibidez, mutilen artean ez dela horren ohikoa elkarrizketa luzeak aditzea; arruntagoak dira adierazpen laburrak, irainak edo zirikatzeak, eta kontaktu fisikoa. «Beste komunikazio mota bat da». Nesken artean ere sumatu dituzte halakoak, baina gehiagotan identifikatu dituzte elkarrizketa luzeak; ikerketetan parte hartu duten nerabeek ere aitortu dute hala. «Nesken kasuan, hitzen bidezko komunikazioa oinarri garrantzitsua da euren arteko harremanak egiteko eta identitatea sortzeko garaian», uste du Hernandezek.

Arauak hausteko baimen horrek azalduko lituzke, neurri batean, kale neurketan agertu diren salbuespen batzuk. Zarautz (Gipuzkoa) da nabarmenena: han, gizonezkoek gehiago erabiltzen dute euskara, adin talde guztietan. «Segur aski, hizkera ez-formala oso normala delako da: euskaraz egotea zirikatzen, iraintzen, elkarri barre egiten...», hausnartu du Altunak: «Pasaian eta Lezon gaztelaniaz egiten dira gauza horiek. Baina, segur aski, Zarautzen, hitanoaren bitartez-eta, mutilek ere baliabideak izan ditzakete euskaraz egiteko». Tokian tokiko errealitatea aztertu behar dela ohartarazi du, ordea: «Ez dago garbi; izan ere, Zarautzen gertatzen da eta Azpeitian ez, eta han ere badaude hitanoa eta hizkera ez-formal hori».

Haur eta nerabeen kasuan, hizkuntz konpetentziaren auzia ere aintzat hartu behar da. Berdin menderatzen ote dute hizkuntza neskek eta mutilek? Ezezkoan dira bi antropologoak. «Beti lotzen dugu konpetentzia familiako hizkuntzarekin, baina jakintzat ematen ari gara neskek eta mutilek eskolan gaitasun bera daukatela», azaldu du Hernandezek, eta ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen ikerketaren emaitza jarri du adibidetzat: «LHko 4. mailan, zazpi punturen aldea dago euskarazko hizkuntza konpetentzian». Emaitzak hizkuntza guztietan dira nesken aldekoak. «Beti aipatzen da neskak txarragoak direla matematikan; diskurtso hori zabalduta dago, baina ez da hitz egiten mutilek gaitasun txikiagoa dutela hizkuntzetan», hausnartu du Hernandezek: «Egitasmoak egiten dira neskak beste eremuetara bultzatzeko, baina ez mutilak hizkuntzetara hurbiltzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna