Meir Margalit. Politikari israeldarra

«Intifada jerusalemdarra dugu une hauetan»

Palestinan beste herri errebolta bat hasi dela uste du Meir Margelitek, baina aurreko intifadei baino kutsu erlijiosoagoa hartzen dio honi. Haserrea Jerusalemdik Zisjordania okupatura zabalduko dela dio.
A. IRAZABAL

Ane Irazabal, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 21
Urte luzez Jerusalemgo zinegotzia izan da Meir Margalit (Buenos Aires, Argentina, 1952), eta gogor kritikatu du hiriko alkateek palestinarren aurka bultzaturiko «bazterkeria sistematikoa». Meretz alderdiko ordezkaria izan da Margelit —sionista izanik ere, parlamentuko aurrerakoiena—, eta bi estatuen irtenbidea defendatzen du. Baina irizten dio irtenbide zaila duela gatazkak. Azken asteetako erasoak ezinegon kolektibo baten isla direla uste du, baina istiluetan erlijioak hartu duen pisuagatik arduratuta dagoela esan dio BERRIAri.

Azken asteetako erasoen ostean, zerbait aldatzen ari da Jerusalemen. Nola definituko zenuke gertatzen ari dena?

Hitz bakarra erabili behar bada, hori intifada da. Ez dut zalantzarik Hirugarren Intifadaren hasieran gaudela. Oso desberdina da Bigarren Intifadarekin konparatzen badugu, baina errebolta guztiak dira desberdinak. Eta errebolta hau uztailaren 3an hasi zen, hau da, Mohammed Abu Khader gazte palestinarra hil zutenean. Une horretatik aurrera ez dugu gau edo egun lasairik izan.

Bestalde, Israelgo Gobernuak eta Jerusalemgo Udalak nahiago dute intifadari istilu edo indarkeria uholde deitu. Horregatik, Poliziaren eskuetan utzi dute guztia.

Oraingoz, Jerusalem da errebolta eta eraso gehienen gunea. Protestak ez dira zabaldu Zisjordania okupatura. Zergatik?

Intifada jerusalemdarra dugu une hauetan. Oraindik ez da Zisjordaniara zabaldu, Mahmud Abbas PANeko presidenteari ez zaiolako komeni. Abbasek nahiago du errebolta hau Ramallahera ez iristea; izan ere, jakin badaki palestinar asko bere kontra ere altxatu nahi dutela. Intifada honek ezinegon orokor bat ordezkatzen du, bai Israelen aurka, baita Palestinako gobernuaren kontra ere.

Baina Abbasek ez du Jerusalemen gaineko kontrolik. Egia da fenomeno espontaneoa eta nahasia dela, baina, aldi berean, Palestinako alderdi politiko tradizionalak saiatzen ari dira haserre honi probetxua ateratzen. Oraingoz, eraso bakanak dira, baina ikusiko dugu denborarekin antolakuntza maila handiagoa eskuratzen duten.

Beraz, azken erasoen atzean ez al daude Palestinako mugimendu politikoak?

Ez, ez dut uste. Gazte apolitikoak dira erasoen erantzuleak. Erasotzaileak ez daude ideologizatuta, baina, aldi berean, Palestinan nagusi den ezinegona adierazten dute. Jasanezina da Jerusalemgo palestinarrek pairatzen duten zapalkuntza. Gazteenak, gainera, beren nortasuna eraikitzen ari dira, eta prozesu horretan eragin handia dauka ohoreak eta duintasunak. Gazte palestinarrek mezu argi bat bota dute: ez dugu gehiago makurtuta bizi nahi.

Jerusalemgo palestinarren egunerokoa gero eta okerragoa da, ordea...

Udalean bereizketa sistematiko bat pairatzen dute. Adibide bat jarriko dizut: palestinarrak Jerusalemgo populazioaren %38 dira, eta udal aurrekontuen %11 bakarrik jasotzen dute. Ekialdeko auzoak bisitatzea besterik ez dago mendebaldearen eta ekialdearen artean dagoen desberdintasunaz jabetzeko. Ez dira bi hiri, bi planeta baizik. Ekialdeko auzoetan zaborra ez da egunero jasotzen, ez dute gizarte zerbitzurik, eskolak zaharrak dira... Jerusalemgo palestinarren %78 pobrezia mailatik behera bizi dira.

Eta hori guztia da udal agintariek urteetan eta urteetan aurrera eramandako bazterkeria politikoaren ondorioa. Herritarrak kontrolatzeko estrategia bat da; izan ere, askoz errazagoa da populazio txiro bat kontrolatzea ondo hezitutakoa baino. Jerusalemgo Udalak nahi du palestinarrak pobreak izaten jarraitzea.

Askotan esan ohi duzu Jerusalem ez dela hiri bat. Zergatik?

Ezin da Europako edo munduko hiri gehienekin konparatu. Jerusalemgo herritarren artean ez dago izendatzaile komunik. Ez bakarrik palestinarren eta israeldarren artean, ezta israeldar laikoen eta erlijosoen artean ere. Ez dago herritarrek aho batez errespetatzen duten ezer. Palestinarren errebolta berri honek erakutsi du ez dela existitzen Israelek hainbeste aldarrikaturiko hiri bateratuaren ideia.

Hainbat adituren ustez, gerra erlijioso baten aurrean gaude, batez ere, Meskiten Zelaian izandako liskarrak direla eta. Zer irizten diozu?

Egia da palestinarren eta Israelen arteko gatazkak gero eta kutsu erlijiosoagoa daukala. Izan ere, makurrarazita sentitzen diren gazte palestinarrek meskiten barnean, erlijioan aurkitu dute kalean falta zaien duintasuna. Egungo lider politiko palestinarrak ez dira gai izan duintasun hori berreskuratzeko. Hortaz, gero eta gehiago betetzen ari dira Jerusalemgo meskitak. Bestalde, Israelgo herritarrak lehen baino eskuindarragoak eta fundamentalistagoak dira. Eta horrek beldur handia ematen dit. Oso zaila da arrazoitzea erlijioa tartean sartzen bada. Kolonoen auzia, adibidez, hilgarria da Israelentzat. Kolono erlijiosoek zeharo prostituitu dute gizartea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna