Jordi Borras. Kazetaritza argazkilaria

«Eskuin muturrak monopolizatu du Kataluniako espainolismoa»

Argazki liburu bat atera berri du espainolismoak Katalunian duen jardunaz. Urteak daramatza eskuin muturrari buruz informatzen, eta talde ultren mehatxuen jomuga ere bihurtu da.

LAIA ALSINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2015eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Plus Ultra: Una crònica gràfica de l'espanyolisme a Catalunya liburuaren aurkezpenean murgilduta, Jordi Borras argazkilariari (Bartzelona, 1981) itzala egin diote urriaren 12an eskuin muturretik jasotako mehatxuek. Gertakariez, liburuaz eta ogibideaz mintzatu da BERRIArekin.

Urriaren 12an duela bi urte sortu zen iskanbilak indar berezia hartu zuen. Nola hasi zen guztia?

2007az geroztik egiten dudan bezala, 2013ko urriaren 12an lanean ari nintzen, Montjuiceko manifestazioko argazkiak egiten. Han egiten du muturreko eskuinak aldarrikapenik nostalgikoena. Amaitzean, telefonoz esan zidaten Santsen skinhead talde bat zegoela jende bila, eta Twitter bidez jakinarazi nuen. Gauean, Twitterrez ere, eskuin muturreko taldeen hainbat abisu jaso nituen, istiluen errua nire txioari egozten zietenak. Horrela hasi zen bi urtez luzatu den mehatxuen eztanda.

Gertatutakoa salatu zenuen?

Bai, noski. Izan ere, urriaren 12ko mehatxuez harago, nire etxeko helbidea ere zabaldu zuten sarean. Salaketa jarri nuen, baina ez zuen eraginik izan. Fiskaltzak jaso eta epaileak amaitutzat jo zuen, delitu zantzurik ez omen zegoelako. Okerrena da salaketa amaitu zutela niri jakinarazi gabe. Urtebetera jakin nuen, estraofizialki.

Aurten ere zure lana egitea erabaki duzu; baina iskanbila izan duzu, berriz ere.

Bartzelonan bi agerraldi izaten dira: bata, Montjuicen, eta bestea, Katalunia plazan. Nik, segurtasunagatik, Montjuiceko argazkiak egitera joatea erabaki nuen, Katalunia plazan ez bezala polizia lerro bat bazegoelako, eta zerbait gertatzekotan bazegoelako nire alde egin zezakeen norbait...

Democracia Nacionaleko presidenteorde Pedro Chaparro hasi zitzaizun han mehatxatzen. Zer gertatu zen?

Montjuiceko agerraldia hasi berritan, Pedro Chaparrok ikusi zuen argazkiak egiten ari nintzela, eta megafoniatik «putaseme» garrasika hasi zitzaidan; ondoren, hitzekin aski ez eta segurtasun laguntzaile duen Jorge del Vallerekin batera hasi zen niregana etortzen. Une horretan erabaki nuen alde egin behar nuela handik. Trasteak hartu, eta ospa egin nuen faxismoaren aurkako agerraldian lan egiten jarraitu ahal izateko. Gero, jakin nuen Chaparro estutzen aritu zela manifestazioan, ni jotzeko eskatuz.

Beldurrik izan al duzu?

Noski; nigatik baino gehiago, nire familiarengatik. Baina, oraintxe, beldurrak baino gehiago mintzen nau nire lana askatasunez egin ahal ez izateak. Zortzi urte daramatzat espainolismoaren eta eskuin muturraren berri ematen, eta azken bi urteetan agerraldi gehienetatik alde egin behar izan dut, jasotako erasoengatik.

Agerraldiren batera joatea baztertu duzu duen arriskuagatik? Non dago muga?

Azkenaldian, polizia lerrorik ez dagoen ekitaldien berri ematea baztertu dut, zoritxarrez, eta tentuz saiatzen naiz testuingurua neurtzen; gauzak okertuz gero alde egiteko aukera izaten dudan ekinaldietara joaten naiz bakarrik. Baina, tira, pentsatu nahi dut orain arte ez bazait ezer gertatu horregatik dela, behar diren neurriak hartzen ditudalako.

Urriaren 12ko gertakariek itzala egin diote egunotan aurkezten ari zaren liburuari: Plus Ultra: Una crònica gràfica de l'espanyolisme a Catalunya. Eskuin muturrak espainolismoan hartu duenpisua nabarmentzen duzu. Nolatan gertatu da hori?

Zoritxarrez, ezin baita Kataluniako espainolismoaz hitz egin eskuin muturra ukitu gabe. Azken urteetan muturreko eskuinak monopolizatu du Kataluniako espainolismoa, eta, egun, sekulako pisua du Katalunian.

Hala ere, aurten, urriaren 12ko deialdiak indarra galdu du Bartzelonan; aurreko urteez bestera, ez du izan ez PP eta ez Ciutadans alderdien babesik. Zein interpretazio egiten duzu?

Hauteskundeetarako gutxi gelditzen da, eta, horregatik, C's eta PP alderdiek kontu handiz neurtzen dute garesti ordaindu ahal izango duten mugimendu bakoitza. Hala ere, Xavier Albiolek parte hartu zuen urriaren 12ko agerraldian. Eta parte hartu zuen Albert Riverari aurpegiratzeko C's-eko burua Madrilen zen bitartean PPkoa Bartzelonan zela etxeko lanak egiten. Berdin zaie eskuin muturrarekin batera aldarrikapenetan irtetea, beti irteten baitira. Baina egia da espainolismoak geroz eta indar gutxiago duela kalean.

Itzul gaitezen ogibidera. Zer behar du kazetari batek egiten duzuna egiteko?

Arriskuaren maitalea izatea. Azkenaldian asko pentsatu dut horren inguruan, eta uste dut hein batean adrenalina gustatzen zaidala. Suteen argazkiak ere egiten ditut, eta argi dago: segurtasun falta duten gertakarien inguruko lana egitea gustuko dut, konturatu gabe nire kontroletik at dauden testuinguruetan lan egiten amaitu baitut. Normalean egiten ez den kazetaritza mota egiten dut; merkatuan hutsunea dago esparru horretan, baina nik gustuko dut.

Zer diozu ikerketa kazetaritzak gaur duen testuinguruaz?

Xavier Vinaderrek azaltzen zuen gisan, enpresaburuek ikerketa kazetaritzan dirua jartzea ez dela errentagarria ikusten duten unean amaitzen da ikerketa kazetaritza. Kazetariontzat oso zaila da hau aurrera eramatea. Ikerketa kazetaritza denbora delako, eta denbora, era berean, dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.