Espainia. Inbestidura saioa. Marc Lamua. PSCko diputatua Espainiako Kongresuan

«Ezin dugu justifikatu eta babestu Rajoyk Katalunian duen jarrera»

«Koherentzia» da, diputatuaren arabera, bihar Rajoyren inbestidurari ezezkoa emateko arrazoia, nahiz eta ondorio larriak ekar litzakeen; sozialistek «gogoeta sakona» egitea premiazkoa dutela uste du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Marc Lamuak (Castell i Platga d'Aro, Herrialde Katalanak, 1980) leku ezerosoan hasiko du legegintzaldia Espainiako Kongresuan PSCko diputatu gisara, PSOEren boto diziplina haustea erabaki dutenez gero. Legealdi honetan «bi trenen talka» gertatuko dela eta, ez dute tren horietako baten aldean egon nahi. «Espainiaren eta Kataluniaren arteko zubilana egitea da gure eginkizuna, eta horretan jarraituko dugu».

Bihar ezezkoa emango diozue Rajoyri. Zergatik?

Koherentziagatik. Mariano Rajoyk Katalunian aplikatutako politikak eta jarrera ezin ditugu justifikatu eta babestu. Sinesgarritasuna galduko genuke, eta garena izateari utziko genioke.

Erabaki horren ondorioz, PSCrekin zer egin erabaki beharko du PSOEk. Dibortzioaz mintzatu dira hainbat ahots. Izan al duzue jakinarazpenik?

Oraindik ez digute ezer esan, baina uste dugu erabakia hartzea ez dagokiola gestorari, Kongresuan hartu beharko litzatekeela,PSOEk egin behar duen gogoeta sakonaren barruan.

Beroaldia izango da, beharbada, baina PSOEren buruzagitza hartu dutenetako batzuek presa dutela dirudi, zuek botatzeko.

PSOEren eta PSCren arteko banaketa akats historikoa litzateke. Are gehiago orain. PSOE 40 urtean izan duen krisirik handienean sartua dagoela esango nuke, eta krisiari irtenbidea emateko dibortzioa proposatzea ez dela bide egokiena. PSOEk malgutasun bat erakutsi behar du egoera ezohiko honetan; lasaitasunez hartu erabakiak, traumatikoak izan ez daitezen, PSOEren arazoa ez baita PSC, Espainia baizik, Rajoyren Espainia. PSCk ezezkoa emateko erabakia aho batez onartu du, eta horrek ekar litzakeen ondorio guztiak barneratzeko prest gaude, baina guk ez dugu PSOEtik banandu nahi, elkarrekin partekatzen duguna askoz gehiago delako banatzen gaituena baino, eta gainera, elkarren beharra daukagu.

Inbestidurarena krisiaren azken kapitulua izan da, baina PSOE apurtzeko zorian dagoela dirudi aspaldian. Barne krisian zenbaterainokoa da Kataluniak duen pisua?

Sozialisten artean Espainia ikusteko modu asko daudela esango nuke, oso anitza dela, bainaPSOEren zati handi bati asko kostatzen zaio Espainia tradizionalaren ikuspegitik ateratzea. Ikuskera hori ez da gai gaur egungo sentsibilitate guztiak barneratzeko, baina PSOEk ezin ditu begiak itxi. Ezin du Kataluniako errealitatea ukatu, ezin du betikoan geratu. Espainia batuak funtzionatzen zuen garai batean, baina orain, guk defendatzen dugun federalismoa aplikatzen hasi behar dugu, erabakietan eta ekintzetan. Beldurra galdu beharra dauka.

Orain ez duzue bide erraza. Zer defendatuko du PSCk kongresuan? Noren aldean, PSOE ez badago prest Kataluniako auzian fitxarik mugitzeko?

Kataluniaz eztabaidatu beharra dago, eta asko. Saiatuko gara eztabaida sustatzen, jarrerak gerturatzen, eta ordezkatzen dugun katalanen ahotsa kongresuan islatzen. Gure lana garrantzitsua izango da sozialisten artean.

Egoera erosoagoa izango zenukete beste modu bateko gobernua osatzeko aukera izan balitz? Pedro Sanchezi egiten utzi ez dioten horretan?

Bai, baina ez da posible izan. Gobernu ezberdin bat nahi genuen. Sanchez saiatu zen Podemosekin eta independentistekin elkarrizketak bideratzen. Guk hori nahi genuen. Baina alderdi barruko oztopoez gain, kanpokoak ere izan dira. Podemosek ez zuen erraz jarri, eta independentistek ere ez. Erreferenduma aurretik jarrita, ezin da akordiorik lortu. Legitimitate osoa dute hori lehentasunetan jartzeko, baina horren ondorioz gaur Rajoy da daukaguna.

Rajoyk justizia interesatuki erabilita Katalunia paretik kendu nahi izateak ez die beste aukerarik eman independentistei, alde bakarreko prozesua abiaraztea baino. Non zaudete zuek?

Rajoy da Kataluniako politika pozoitzearen arduraduna, ez bakarra baina bai garrantzitsuena, eta legealdi honetan, trenen talka egongo da. Guk ez dugu tren horietako baten aldean egon nahi, eta ez gara egongo. Bi muturrak aurrez aurre jartzea saihestu beharra daukagu, beste bide batzuk eraikitzen saiatu. Non gauden gu? Argi daukagu prozesu horrek katalanen parte bat bazterrean uzten duela. Argi daukagu, Espainiak gaur egun ez dituela katalanen beharrak asebetetzen, eta argi daukagu berezkotasuna errespetatu eta babestu beharra dagoela. Baina Espainia irekiago baten barruan horiek guztiak lirateke posible.

Zer pasatuko da prozesu independentistarekin, zure ustez?

Mariano Rajoyk estutu egingo duela, eta arazo larriak sortuko direla. Era berean, independentisten bide orria ezarrita dago, baina zalantzak dauzkat dena betetzeko denbora baduten.

Legealdi konplexua izango da, edonola ere. Lau urte iraungo du Rajoyk?

Ez. Uste dut legealdi motza izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.