Emir Sader. Soziologo eta politologoa

«Benetako alternatibak daudenean, nahiago du herriak orain artekoa»

Politika ezkerretik eraldatzeko prozesuak aztertu ditu Saderrek. Filosofia Politikoko masterra du, eta Zientzia Politikoetan doktore da. Ezker politikoari buruzko liburu anitz idatzi ditu soziologo marxistak.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Iratzar fundazioaren Neguko Unibertsitatean hizlari izan da Emir Sader (Sao Paulo, Brasil, 1943). Hego Amerikako politika postneoliberala izan du hizpide, berak editatutako liburua eskuan duela: Lula y Dilma. Diez años de gobiernos posneoliberales en Brasil (Lula eta Dilma. Gobernu postneoliberalak Brasilen hamar urtez). Ezkerreko proposamenetatik herrialde horietan alternatibak eraiki direla dio, kontent.

Gobernu postneoliberalen balorazio ona egiten duzu, eta kritika egiten diezu aldarriak proiektu bihurtu ez dituzten ezkerreko taldeei.

Ez dira igaro erresistentzia fasetik alternatibak eraikitzera. Gobernu horiek —batzuk moderatuak— neoliberalismoaren oinarrizko elementuekin hautsi dute. Garrantzitsuena zera da: lehentasuna, zerga doikuntza izan beharrean, politika sozialak direla. Gainera, Latinoamerikan zentzu indartsuagoarekin, kontinente horretan baitaude desberdintasunik handienak. Herritarrek gobernu horiek babesten dituzte batik bat bazterketa, pobrezia, miseria eta desberdintasunak gutxitu dituztelako. Bigarrenik, AEBetako merkataritza librerako hitzarmenaren pribilegioaren alde egin ordez, nazioarteko integrazioaren alde egin da, hegoaldetik hegoalderako trukeen alde. Hirugarrenik, merkatua ez dago erdigunean; estatuak ez du lortu bere tokia hartzea, baina rol aktiboa du indukzio ekonomikoan eta eskubide sozialak bermatzen ditu.

Brasilgo azken hauteskundeetan beldurra piztu zen, Dilma Rousseffek galdu zezakeela eta. Orain arteko politiken etorkizuna zalantzagarria da?

Bi afera ezberdin dira. Kezka hauteskunde prozesuan piztu zen, gobernuak ordura arte ez baitzuen urratsik egin komunikabideen demokratizazioan. Gobernuak galdu egin du komunikabideek eragina duten eremuetan. Bestalde, eredua ez dut uste kolokan dagoenik, benetako alternatiba agertzen denean herriak orain artekoa nahiago duelako. Arazoa da eredu horrek ez dituela kapitalaren nahiak asetzen. Enpresari handiek ez dute herri ondasunetan inbertsiorik egin nahi; autoak, finantza espekulazioa edo paradisu fiskalak sortu nahi dituzte. Gatazka bat dago, horregatik jaisten da hazkundearen erritmoa. Baina ereduak arrakasta du herritarren artean, kapitalismoaren baldintzak aintzat hartuta, ekoizpen bideen monopolioa duten sektoreek egin nahi ez dituzten inbertsioak egitea dakarrelako.

Komunikabideen demokratizazio falta arazo handia da, beraz.

Familia oligarkiko tradizional batzuek komunikabideen monopolioa dute. Sare baten jabe dira, eta agenda ezartzen dute irrati eta telebistaren biderkatzearen bidez. Beraz, Interneten gerrilla egiten dugu. Eskuinak erabakitzen ditu gai garrantzitsuenak, baina herri batzuetan aurrera egin da: Argentinan, hedabideen heren bat komunitario, heren bat pribatu eta bestea estatal dira. Oposizioak erabiltzen duen botere handi hori deszentralizatzeko modua da.

Argentinako hauteskundeak datoz. Zer espero liteke?

Argentinako egoera zaila da, ez soilik Cristina [Fernandez] ezin dutelako berriz hautatu, arazo larriak baitituzte. Energia eta petrolioarekin buruaski ziren, baina Carlos Menemek pribatizatu egin zuen Repsoli eskainita. Aurrekontu publikoen arazo handi bat hortik dator. Lehia prozesu zaila izanen da. Gainera, Cristinaren hautagaiak irabazita ere, haren bidearekin gutxien identifikatzen dena da, oso moderatua. Baina hori da irabazteko modu bakarra, ez baitu ondorengorik sortu.

Horrek eragina izanen du Hego Amerikan.

Ez dago Mercosur eta Unasur aldatzea benetan planteatzen duen inor. Hasteko, Pazifikoko aliantza sortzeko AEBek egindako proposamena oso ahul dagoelako. Mexiko Latinoamerikaren buru jartzea oso zaila da. Eta betikoa gertatuko da: ekonomia hazi, baina hobekuntza sozialik ez. Beraz, gobernu moderatu batek profila jaits dezake, baina ez litzateke integrazio prozesuen aurka jarriko.

Munduko Futbol Txapelketa eta Olinpiar Jokoak ezkondu litezke ezkerreko eredu sozialarekin?

Munduko txapelketa FIFArena da, haiek jartzen dituzte irizpideak. Futbol txapelketa anitz dituen herrialde batentzat 18 futbol zelai izatea bideragarria da. Horretarako ez zen hezkuntzatik edo osasunetik deus kendu. Olinpiar Jokoei dagokienez, ikusi beharko dugu zer gertatzen den. Ezberdina da: hiri bakar batean da, instalazio ikaragarrien kopurua...

Zer iritzi duzu Europan gertatzen ari den aldaketari buruz?

Espainian austeritate proiektuen aurrean nolabaiteko inpotentzia zegoen, bipartidismoari gerta ziezaiokeen gauzarik larriena batek bestearengatik galtzea zen. Eskema hori apurtu da. Hori Europarentzako onuragarria da, baina baita Latinoamerikarentzat ere, nazioarteko bakartzeari aurre egiteko premia baitu. Europak sistema sozialik eskuzabalena lortu zuen ongizate estatuarekin. Hori krisi garaietan albo batera uztea krudela da, atzera pauso ikaragarria. Syriza, Podemos eta abarrekin inportanteena austeritatea zalantzan jarri izana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.