Patrick Boisseau. ETPNko lehendakaria

«Nanomedikuntzak ez dakar iraultzarik; baina asko lagun dezake»

Biharko medikuntzak 'nano' deitura izango al du? Gaixotasunei aurre egiten lagunduko al du? Patrick Boisseau ikertzailea Donostian izan berri da, eta galdera horien inguruko azalpenak eman ditu.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Patrick Boisseau ETPN Nanomedikuntzako Teknologiaren Europako Plataformako lehendakaria da. Europako nanomedikuntza erakundeak merkatu globalean lehiatuko direla dio, minbiziaren eta bestelako gaitzen kontrako borrokan. Donostian mintzatu zen urriaren 15ean, CIC Nanogunek eta NanoBasquek antolaturiko topaketetan.

ETPNk hamar urte beteko ditu aurki. Zer-nolako ekarpena egin dio zientziari?

Hasieratik, ETPNren helburua izan da osasun alorrean erabiltzen den nanoteknologiaren ikuspegi industriala ematea. Gizartearen beharrak osasunarekin loturiko proiektuak ipini ditu lehentasunen artean, baina hori ezingo litzateke egin hornitzaile sare on bat gabe. Alde horretatik, mundu akademikoaren eta enpresa txiki eta ertainen bat egitearen beharra sumatzen da, medikamentu berritzaileen industrializazioari erantzuteko. Dena den, soilik sistema birdiseinatuta lor liteke. Sistema berriak erakunde akademikoak eta industrialak lagundu behar ditu, ideia teknologikoak medikuntzako produktu bihurtzeko prozesu osoan.

Maiz esaten da nanomedikuntza dela etorkizuna. Zergatik da hain garrantzitsua?

Nanomedikuntza, definizioz, hurbilketa teknologikoen multzo bat da. Fisika, kimika, optika, elektronika eta fluidoen arloko ikerketa berritzaileak medikuntzako emaitza bihurtzen ditu diagnostiko eta terapia eraginkorragoak izateko. Gainera, nanomedikuntza, medikuntzako beste edozein aplikazioren antzera, oso zorrotz araututa dago, eta, horregatik, ongi zaindu behar ditu ekoizle teknologikoen, erakunde arautzaileen eta azken erabiltzaileen arteko harremanak.

Europako zientzian aurrera egiteko, hainbat lehentasun finkatu dituzue. Zeintzuk dira?

Iaz, ETPNk hainbat gomendio argitaratu zituen, eta, besteak beste, Europan azpiegitura berriak sortzeko proposamena egin zuen. Instalazio horiek farmazia erakunde bazterturik utzi dituztenak izan daitezke, eta, modu horretan, nanomedikuntzaren industriak goi mailako azpiegitura bat izanen luke. Beste gomendioetako bat izan zen azpiegitura bat sortu beharko litzatekeela, erakundeei babesa emateko, eta, modu horretan, benetako nanomedikuntzaren ekosistema sortu Europan. Haatik, hau guztia posible litzateke nanozientzian dirua eta baliabideak ongi inbertituko balira.

Zertan alda dezake gure bizitza?

Askotan esaten den arren, nanomedikuntzak ez dakar inolako iraultzarik; baina, nanoteknologia medikuntzaren hainbat diziplinatan erabiltzen bada, medikuntzaren beharrei erantzuteko irtenbide berriak lortzen lagunduko luke. Produktu berriak sortzen ari da, eta diagnostiko eta terapia hobeak egiten ditu. Gaixoen monitorizazio fidelagoa ere egiten du. Gaur egun, gorputzerako botiken alorra dago gehien garatua —industrializazio eta heldutasun teknologikoaren aldetik—, industria farmazeutikoari itxaropenaren ateak zabalduz. Nanomedikuntza egungo medikamentuak hobetzeko gai da, baita aukera terapeutiko berriak ikertzeko ere. Gainera,nanomedikuntza oso desiratua da tumoreen detekziorako. Izan ere, asko hobetzen da tumoreetan askatzen den farmakoaren ematea, kontzentrazioa eta zelulek egiten duten kaptazioa, inguruko ehun osasuntsuetan albo ondorioak saihestuz. Azkenik, konposatu aktiboen nanokapsularatzearen bidez sendagaien toxikotasuna txikitzea lortzen da, eta, ondorioz, urritu egiten dira hainbat terapiak dituzten nahi gabeko ondorioak.

Donostiako hitzaldian komentatu zenuen ebola gaixotasunari aurre egiten lagun dezakeela. Nola egin dezake?

Nire azalpenak gaizki ulertu ziren. Ebola oso gaixotasun kutsakorra da; horregatik, antzeko gaixotasunekin erabili den nanoteknologiarekin aldera daiteke, hala nola malaria, GIBa, tuberkulosia… Bada aukera bat nanomaterialak erabiliz jatorri birikoa ez duten nanotxertoak sortzeko. Nanotxertoen nanotamainak lokalizaziorako gaitasun zehatza eskaintzen du.

Zeintzuk dira ETPNren etorkizuneko erronkak?

Horizonte 2020 proiektua babes handia da Nanomedikuntzako Europako erakundeentzat. Hainbat baliabide eskaintzen ditu —laguntza ekonomikoa, azpiegitura, ezagutza eta formakuntzarako aukerak—, martxan dagoen ekosistema indartzeko. ETPNren helburua da alor horretan parte hartzea, eta hainbat egitasmo bultzatzea, Europan nanomedikuntzaren industria sortzeko eta haren garapena bideratzeko. Aldi berean, ETPNk bere sarea eta ezagutza erabiliko du, nazioarteko kooperazioa martxan jartzeko, eta, modu horretan, enpresa europarrei laguntzeko. Egia da Europak ez duela egin AEBek egin duen bidea, baina gure helburua da negozio maila berera iristea eta antzeko emaitza soziala lortzea. Hala, Europako Nanomedikuntza erakundeek merkatu globalean lehiatuko dira, minbiziaren eta bestelako gaitzen kontrako borrokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.