Espainia. Pedro Sanchez presidente

«Aro berria», baina mugatua

Rajoyren kontrako zentsura mozioa onartu du Kongresuak, eta Sanchez PSOEkoa da Espainiako presidente berria. Gobernabidea bermatzeko zailtasunak izango ditu. Gaur hartuko du kargua
Pedro Sanchez, atzo, presidente izendatu zutenean.
Pedro Sanchez, atzo, presidente izendatu zutenean. J. J. GUILLEN/ EFE

Igor Susaeta -

2018ko ekainak 2
Duela bi aste eskas arte argitaratutako inkesta gehienen arabera, PSOE hirugarren indarra izango zen Espainian hauteskundeetara deituz gero. Bi aste geroago, Pedro Sanchez PSOEko idazkaria nagusia da presidente berria, sozialistek hauspotuta Kongresuak onartu eta gero Mariano Rajoy azkeneko ia zazpi urteotan Espainiako Gobernuko presidente izan denaren kontrako zentsura mozio bat. Inoiz hauteskunderik irabazi gabe iritsi da boterera, eta atzo, zentsura mozioa bozkatu eta presidente inbestitua izan eta gero, gobernuburu izendatua izaten lagundu diotenei adierazi zien denen artean dutela «aro berri bat» irekitzeko aukera.

Halere, zenbait aldagai hartu behar dira kontuan Sanchezen asmoak aztertzeko orduan. Batetik, nahiz eta subiranistak «zubiak eraikitzera» deitu dituen, ikusteko dago nola kudeatuko duen Kataluniako afera. Bestetik, gobernu ahula du: 84 eserleku besterik ez dute sozialistek, eta Kongresuan diputatuak 350 dira. Horri gehitu behar zaio oso zatikatuta dagoela ganbera. PPk du diputatu gehien (134), eta, atzo Rafael Hernando bozeramaileari adituta, ondorioztatu daiteke oposizio muturrekoa egingo diola Alderdi Popularrak Sanchezi, Ciudadanosekin batera. Horrez gain, gehienez urte eta erdiz iraungo du gobernu berriak, 2020rako hauteskundeetara deitu beharko du eta. Sanchezek azken egunetan esan du prest dagoela beste alderdiekin bozetarako data bat zehazteko, baina zentsura mozioko diskurtsoetan ez dio horri zuzenean heldu. Gobernuak du hauteskundeetara deitzeko eskumena. Beraz, aldagai horiek guztiei erreparatuz gero, aro berriak mugatua izateko itxura guztia dauka.

Bien bitartean, gaur hartuko du kargua Zarzuela jauregian (11:00), eta laster da iragartzekoa nortzuek osatuko duten gobernu berria. Sozialistek bakarrik aurreratu dute parekidea izango dela. Protokoloak agindutakoari jarraituz, Ana Pastor kongresuko presidentea (PP) atzo arratsaldean bildu zen Felipe VI.a Espainiako erregearekin, eta presidente aldaketaren berri eman zion. Erregeak presidentearen izendapena sinatu zuen jarraian. Frankismoaz geroztik Espainiak izango duen zazpigarren presidentea da, PSOEko hirugarrena, Felipe Gonzalezen (1982-1996) eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren ondoren (2004-2011).

Eta orain zortzi egun Gurtel auziaren epaiak bultzatutako zentsura mozioaren bozketan ez zen ezustekorik gertatu. Bezperako egun osoko saioko eztabaida beroen ondoren zeharo finkatuta geratu ziren alderdien posizioak, eta atzo goizeko saioa laburra eta lasaia izan zen. Rajoyk, esaterako, minutu eta erdi eskaseko diskurtsoa eman zuen hemizikloan, eta, «demokrata gisa», Sanchez zoriondu zuen. Rajoyren etorkizunaz asko espekulatu da azken orduetan, eta zenbaitzuen esanetan, ez du baztertu hurrengo hauteskundeetara aurkeztea. Ikusteko dago. Era berean, bezperako arratsaldeko saiora zergatik ez zen agertu argitu gabe jarraitzen du Alderdi Popularrak.

Sanchezek, berriz, Rajoyren hitzak eskertu zituen, eta nabarmendu «demokraziak» irabazi duela. Halere, abagunea baliatu zuen Rajoyri gogorarazteko «presidente ohia» dela. Eta diskurtsoa aprobetxatu zuen Rajoyk Kataluniako aferan izan duen jarrera kritikatzeko. Hain zuzen, afera horri zuzenean heldu beharko dio Sanchezek bere agintaldian. «Euskal Herria eta Katalunia erabili dituzue, baina Kataluniari entzun gabe. Gobernu honek Katalunia Espainian egotea nahi du, baina Kataluniari entzungo dio», leporatu zion, atzo, PPri.

Elkarrizketa agindu die Sanchezek subiranista kataluniarrei, baina areago joan gabe. Herenegun esan zuen Espainia nazio bat dela, uste duela barruan badirela nazio sentitzen diren «lurraldeak», baina «elkarrekin» bizi daitezkeela. Iazko irailean, Kataluniako erreferendumaren bezperan, «lurraldetasun ereduaren erreformari» heldu beharko litzaiokeela azpimarratu zuen. Ostegunean, halere, «konstituzioaren barruko lurralde osotasuna» bermatzeko konpromisoa hartu zuen.

Espainiako Gobernuak joan den urrian Katalunian ezarritako 155. artikulua kentzekoak dira. PSOEk ez zuen, inondik ere, begi onez ikusten aplikatu aurretik, baina gero eta indar handiagoz babestu du haren ezarpena, baita esku hartze ekonomikoarekin jarraitzea ere. Bi aste ere ez dira Sanchezek «arrazista» eta «supremazista» deitu zionetik Quim Torra Generalitateko presidenteari. Sanchezek aipatutako zubiak eraikitze aldera, aurrez aurre hitz egitera kondenatuta daude biak.

Ciudadanosen jarrera

Eta PPk eta Ciudadanosek oso estu hartuko dute orduan, eta egotziko diote Espainia deuseztatu nahi duela. Hori da 84 diputaturekin gobernatzeagatik ordaindu beharreko prezioetako bat. Ciudadanos aipatuta, alderdi laranjak hauteskundeak behartu nahi zituen, inkesten arabera lehen indarra izan zitekeelako. Baina zortzi egunen buruan zeharo aldatu da jokalekua. Hori bai, Kongresuaren zatiketa aintzat hartuz, Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak atzo adierazi zuen «ia ezinezkoa» izango dela legeak onartzea, akordioak egitea. Aurrekontuak ere izan zituen hizpide. Sanchez ez zen joan den astean PPk, Ciudadanosek eta EAJk onartutako aurrekontuen aldekoa, baina esan du errespetatuko dituela. Ez dirudi, dena den, PPk, mendeku gisa, Senatuan horiek blokeatuko dituenik, nahiz eta horretarako aukera duen, ganbera horretan gehiengo osoa duelako.

Unidos Podemosi ere aurrekontuak «apurrak» baino ez zitzaizkion iruditzen lehengo astean, baina orain gobernuan sartzeko prest dago —PSOEk, printzipioaz, ez du horretarako asmorik—. «Espero dut bere asmoa ez izatea 84 diputaturekin gobernatzea», esan zuen atzo Pablo Iglesias idazkariak. Atzo, saioa amaitu zenean, «bai, ahal da, bai ahal da!», oihukatu zuten Podemoseko parlamentariek hemizikloan, eta azken bi egunetan hainbat keinu egin dizkio Iglesiasek Sanchezi. Herenegun, «hauteskundeak elkarrekin irabaztera» dei egin zion, eta atzo, bozez galdetu ziotenean, galderari izkin egin zion: «Gobernu indartsu bat osatu beharra dauka». Sanchez presidente inbestitua izan eta gero, modu adeitsuan elkar besarkatu zuten.

PP, oldarkor

Hain zuzen, Rajoyren «dotorezia» Hernandoren aldarte oldarkorrarekin parekatu zuen Iglesiasek. Izan ere, erasokor mintzatu zen PPren kongresuko bozeramailea, argi asko erakutsiz hori izango dela Alderdi Popularraren jarrera hurrengo hilabeteetan.

Zentsura mozioaren bozketa amaitu zenean, PPkoek «presidentea, presidentea!» oihukatuz agurtu zuten Rajoy. Pare bat ordu lehenago mintzatu zen Hernando. Presidente berriari leporatu zion Espainiaren batasuna «airean jartzea», subiranisten artean «eskean» ibili behar izan duela iritzita. Horren harira, eta EH Bilduk zentsura mozioaren alde bozkatu duenez, «ETAren lagunen» botoak onartu izana aurpegiratu zion. EAJ ere izan zuen jopuntuan, eta esan zuen pentsatzen zuela «hitzezkoak» zirela, baina oker zegoela. «Ibarretxeren garaiak bueltatu dira». Ciudadanos ere ez zen libratu, eta zentsura mozioaren «beharrezko kolaboratzailea» izatea leporatu zion. Bide batez, haren alderdiak gobernuak egin duen lana goratu zuen diskurtsoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna