Iñaki Artola. Asegarceko pilotaria

«Iazko txapelketan ikasi nuen aurrelariak arriskatu egin behar duela»

Bigarren urtez jarraian sailkatu da binakakoaren finalerdietarako, Albisurekin. Dioenez, baina, zail ikusten du finalean sartzea, eta «pena» sortzen dio horrek: «Ez garelako gure unerik onenean iritsi»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Berri ona jaso zuen atzo Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994), iganderako pilota aukeraketan—ez zen arazorik izan pilotekin—. Jon Ander Albisu bere atzelaria igandean itzuliko da lehiara. Eskuak osatu zaizkio, eta Eibarren izango da etzi, Irujo-Rezustaren aurka aritzeko. Galtzen duenak zaila izango du finalean sartzea.

Iragan igandea ez zen egun gozoa izan. Halakoetan buruari bueltak ematen al dizkiozu?

Pena litzateke horrelako egun batetik inolako irakaspenik ez ateratzea. Nik askotan egin izan dutpartida bat galdu eta ahaztu, edo ahaztu egin behar dela esan, eta uste dut hori ez dela egin beharrekoa. Egin beharrekoa da hartatik irakaspen batzuk atera, oker berberak ez errepikatzeko.

Jende asko zegoen zuri begira. Zu zinen titularra.

Ideia horrekin joan nintzen. Aurreko partida nahiko ondo jokatua nuen. Barruan banuen itxaropena Imazek bere maila ematen bazuen nik eltzetik babak ateratzea banuela, nahiz eta jakin partida oso zaila izango zela. Gero, nik ez nuen nire eguna izan. Ikusi zen zer den Jon Anderrekin [Albisu] jokatzea. Txapelketan halako egun gehiago izango nituen, eta oharkabean pasatu ziren; baten bat irabazi ere egingo genuen. Igandean, berriz, ikusi zen zein zaila den irabaztea atzean abantailarik ez dagoenean.

Irujo-Rezusta eta Olaizola-Urrutikoetxeari irabazi behar diezue finalean sartzeko. Posible da?

Ia ezinezko ikusten dut, ia. Halere, partida baten aurretik inoiz ez dut pentsatu irabaztea ezinezkoa dela; beti duzu zerbait barruan esaten dizuna irabaz dezakezula. Errealistak izanda, oso zaila dugu: bi bikote onenen aurka jokatu behar dugu, irabazi behar diegu, eta tanto aldearekin, gainera.

Nola irabazten zaie hauei?

Uste dut guk baditugula dohainak horiei irabazteko. Hamarretik zortzitan haiek irabaziko ligukete, pilotari handiak baitira. Baina Jon Anderrek izugarri ematen dio, eta Urruti eta Rezusta dominatzeko gai da, eta nik egun ona badut, gai gara kontra egiteko. Olaizola-Urrutikoetxearen aurka partida bat irabazi genuen ligaxkan, eta Irujo-Rezustaren aurka, Jon Ander eskuetatik justu egonagatik, hor egon ginen (22-21).

Erregulartasuna falta izan zaizue lehen fasean.

Aurten hori izan da gure bekatua. Zaila da maila jakin batera iristea, baina zailagoa da horri eustea. Nik orain arte txapelketa onak jokatu izan ditut, eta badakit maila horretan jokatzeko gai naizela, baina partida oso txarrak ere egiten ditut oraindik. Halere, nahiz eta oso erregularrak ez izan, batere erregulartasunik ez bagenu, ez ginateke finalerdietan egongo.

Finalerdietan sartuta, lasaiago?

Nire helburua finalerdietan sartzea zen; izan ere, aurkezpenean bikoteak ikusita, iruditu zitzaidan oso garesti egongo zela lau onenen artean sartzea. Konforme egoteko moduan gaude, baina pena pixka bat badut txapelketan oso momentu onak izan ditugulako eta finalerdietara ez garelako unerik onenean iritsi.

Zuen inguruan ikusmin handia zegoela sumatu duzu? Albisurekin jokatzea erantzukizuna da?

Aurrenekoa ez; bigarren horretan, egia esan, pentsatu izan dut. Jon Anderrekin jokatzea abantaila da, baina erantzukizun handia da, aldi berean, Rezustari tokatu zaion bezala Irujorekin. Albisu handietako bat da, eta ikusten duzu agian beste batekin jokatuko balu gauza handiak lortuko lituzkeela, eta zurekin, agian, ezinean dabilela. Baina, tira, iruditzen zait ondo hartzen dugula elkar.

Askoz gehiago errematatu duzu aurten. Nahita?

Nahita egina da. Iaz atera nuen irakaspenetako bat izan zen aurrelariak arriskatu egin behar duela oso ona den norbaitekin jokatu arren; partida ez dela aurrera ateratzen tantoak egin ezean. Albisuk bere aurrelariari eskatzen dio tantoa buka dezala. Jarrera aldatu dut, erasokorrago jokatzeko. Perspektibarekin begiratuta, iaz ezingo nuen hala jokatu, eta duela bi urte, are gutxiago.

Gaur egun, Asegarceko laugarren aurrelaria zara. Goiko hirurak urrun ikusten dituzu?

Neure burua aztertuta, partida batzuetan horiek adina jokatzeko gai naiz, baina oraindik partida txarrak egiten ditut, eta 22-7 gal dezaket. Hor dago aldea. Erregularragoa izatea da eman behar dudan pauso handia. Puntakoa izateko, ez du balio handiei urtean bi egunetan bakarrik irabaztea. Udan horien aurka hamar partida jokatzen badituzu, hamarretan egin behar diezu aurre. Baina ikusi da Victor ere gai dela aurre egiteko, Elezkano...

Eta, lokartuz gero, postua gal dezakezu.

Eta ez da txarra hori. Maila oso ona dago. Entrenatzera horrek bultzatzen gaitu, txapelketan sartu nahi izate horrek, postua lortzeak. «Goikoei irabazi behar diegu» pentsatzetik oso gertu dago «atzetik ere badatoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.