Albistea entzun

Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Estiloa DNA bezalakoa da; nirea ausarta izatea da, eta ez dut aldatuko»

Abel Barriolak eta berak emaitzek erakusten dutena baino txapelketa hobea egin dutela uste du Altunak, eta lesioen zorte txarrari egotzi dio azken asteetako bolada txarra. Buruz burukoa ondo prestatu nahi du.
JON URBE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2017ko otsailak 22

Goiz lasaia izan du, arratsaldean entrenamendua egingo baitu pilotalekuan. Lan fisikorik ere ez, astean hirutan egiten badu ere. Debutatu zuenetik, Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) aldea egin du gorputzean. Jende askok esan dio. «Nik argazkietan sumatzen dut aldaketa, duela bi urtetik hona. Horretarako egiten dugu lan». Bi partida falta zaizkio binakakoaren ligaxka bukatzeko, eta Abel Barriolak eta berak ez dute finalerdietan sartzeko aukerarik.

Bost partida jarraian galdu dituzue, eta binakakoaren finalerdietan sartzeko aukerarik gabe zaudete. Zer gorputzaldi duzu?

Emaitza txarrak izan ditugu azken partidetan, eta, moralki, horrek ez du laguntzen, baina ez dut uste joko gutxiko bolada batean nagoenik. Hiru jardunaldi min hartuta egon ondoren, hiru partida irabazi genituen, eta jendeak uste zuen finalerdietan egongo ginela. Baina guk bagenekien oso zaila izango zela. Nahiz eta bost partida jarraian galdu, ni ilusio handiarekin nago Abelekin [Barriola] jokatzeagatik; ea hark azken bi partidak joka ditzakeen. Itxura ona emanez bukatu nahi dugu txapelketa, eta, ahal bada, irabaziz.

Lehen itzulia 4-3ko balantzearekin bukatu zenuten, goian. Zer pasatu zen gero?

Zorte oso txarra izan dugu lesioekin. Aurrena, nirea, eta Abel garai hartan eskuetatik justu ibili zen. Gero, itzuli nintzen, eta, hobekien geunden garaian, Abeli bronkitisak erasan zion. Arazoekin arrastaka ibili gara. Bikote batzuetan, bi kideek partida guztiak jokatu dituzte. Guk, berriz, bat edo bestea falta izan delako, lau ez ditugu jokatu. Bederatzi partida jokatu ditugu elkarrekin, eta lau irabazi; hori ez da hain balantze txarra.

Lesioei buruz ari zarela, zer moduz duzu belauna?

Ondo. Itzuli nintzenean, lehen partidetan, nabaritu nuen zerbait, baina orain ondo nago. Belaunak beti denbora pixka bat gehiago behar izaten du, baina orain ahaztuta daukat.

Ikusle baten erruz hartu zenuen min, edalontzia erori eta lurra busti zuelako. Azalpenik jaso edo eskatu al duzu?

Ez. Egia esan, bere garaian gustatuko zitzaidan barkamenen bat jaso izana. Nork jakin, agian hura gertatu izan ez balitz orain punturen bat gehiago izango genuen. Eragina izan zuen, eta haserre eta pena dezentea izan nuen. Ez nuen deirik jaso, eta, orain arte jaso ez badut, jada ez dut nahi.

Nolakoa izaten ari da Barriolaren azken txapelketa jokatzea?

Harekin jokatuta, galdu edo irabazi, ez naiz inoiz atsekabetu. Ilusio handia egin dit bere azken txapelketan laguntzeak.

Pilotari maitatua da. Albokoa ere konturatzen da horrekin?

Dudarik gabe! Eta zerbaitegatik da. Oso gertukoa da. 50 ume baldin badatozkio, denei egiten die kasu, gogo onez beti, galduta ere. Joaten den toki guztietan maitatua izatea ez da kasualitatea, urte askoren fruitua da. Jendeari nabaritu egiten zaio nolakoa den, eta Abel pertsona eredugarria da.

Jendeak Barriola ikusi nahi du, baina baita Altuna ere. Pilotaleku asko bete dituzu.

Poz dezentea ematen dizu horrek. Orain jendearen interesa pizten dudala dirudi; bada, aprobetxatu egin behar dut, gero ere etorriko direlako garai txarrak.

Altuna III.a estilo bat da, txapelketa honetan ikusi da. Urteberri egunekoa, esaterako, ikusgarria izan zen.

Partida zaila izan zen, eta mugara arte arriskatu behar izan nuen. Hori da nire izaera pilotalekuan, eta mantentzen saiatzen naiz. Pilotari bakoitzak bere estiloa du, eta, partidaren arabera, modu batera edo bestera joka dezakezu, baina bakoitzak bere DNA du, bere ezaugarriak, eta nirea ausarta izatea da, eta ez dut aldatuko.

Bi jardunaldi falta dira; zein da zure finalerdietarako kiniela?

Irribarria-Rezusta barruan daude. Uste dut gero Elezkano II.a-Zabaleta sartuko direla, Aimar [Olaizola II.a]-Untoria ere bai, konfiantza handia ematen du. Eta, gero, zalantza handiak dauzkat.

Norbaitek harritu al zaitu?

Aurrelarietan, denak ibili dira ondo. Atzean, berriz, Larunbe esango nuke. Partida on eta txarrak izan ditu, baina erakutsi du maila honetan joka dezakeela. Hori albiste ona da pilotarentzat, eta, noski, berarentzat. Rezusta, Albisu eta Zabaletaren aurka jokatu duenean erakutsi du baduela haiei aurre egiteko maila.

Buruz burukoan pentsatzen hasi al zara? Eta prestatzen?

Lehenbizi, txapelketa hau bukatu nahi dut, eta gero ikusiko dugu. Nire asmoa ahalik eta tentu handienarekin prestatzea da. Aurten ez dut ez binakakoa eta ez lau t'erdikoa prestatzerik izan, eta buruz burukorako denbora izango dut.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Anbizioaren langa, goian

Haritz Gallastegi

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Biak bolada onean daude joko eta emaitza aldetik. Sarrerak agortu dira, eta giro bikaina egongo da

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Naturala izan behar du huts egiteak; denek egiten dugu»

Ainara Arratibel Gascon

Realak Betisen kontra jokatuko bihar Zubietan (12:00, ETB1). Arnaizek nabarmendu du zaleentzat erakargarria den joko bat egin nahi dutela, eta lehiakor izan. «Joko zuzenak presentzia handiagoa izango du».
Olatz Arregi, Atletico San Sebastian klubaren instalazioetan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Esfortzuarekin konprometituta

Pettan Uralde

Olatz Arregi piraguistak zilarrezko domina irabazi berri du Munduko Txapelketan. Hurrengo erronka Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko sailkapen probetan jarri du. Lekua lortzea du helburu.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etxean talde sendoa izatea da gure erronketako bat»

Ainara Arratibel Gascon

Athleticek sasoiko lehen hiru puntuak berreskuratu nahi ditu Levante Las Planasen zelaian. San Adrianek nabarmendu du «borroka handiko» partida izango dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...