Maite Lizaso. Athleticeko jokalaria

«Egoera honetan, porrota litzateke liga ez irabaztea»

Zarauztarrak bigarren denboraldia du Athleticen, eta hamaikakoan tokia lortu du, belauneko lesioa ahaztuta. Oraindik ere denboraldi erdia falta dela onartu arren, ligako tituluari begira jarri da dagoeneko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Ekainean amaituko zaio kontratua Maite Lizasori (Zarautz, Gipuzkoa, 1983). «Eta erretiroa oso gertu dago. Urte asko dira futbolean, baina auskalo zer egingo dudan». Buruhauste dezente eman dio eskuin belaunak, lau lesiorekin, baina azken asteotan futbolarekin gozatzen ari da berriz ere.

Atletico Madrili 3-0 irabazi eta lidergoa sendotuta, gozo-gozoa izango zen astea, ezta?

Oso gustura gaude. Ez genuen uste hain eroso irabaziko genuenik, eta sei puntura utzi dugu jada Atletico Madril. Bartzelona, berriz, laura dago. Liga erdia ere ez dugu jokatu oraindik, baina ondo bideratuta daukagu behintzat.

Taldea zer ari da ondo egiten hain denboraldi ona egiteko?

Ez dakit... Ondo entrenatzen ari gara, eta oraingoz ondo ateratzen ari zaizkigu gauzak. Baina partidaz partida joan behar dugu.

Hainbesteko aldea al dago Juan Luis Fuentesen eta Joseba Agirreren lan egiteko moduan?

Beti egoten dira desberdintasunak, baina Juan Luisekin urte asko zeramatzan multzo berberak, eta jendeari ilusioa berpiztu zaio entrenatzailea aldatuta. Nire ustez, hori izan da kontua.

Bartzelona lau puntura, eta Atletico Madril seira. Erabakigarria bihurtzen ari da aldea?

Ez, ez. Liga erdia baino gehiago falta da, eta oso partida zailak dauzkagu etxetik kanpo: Valentzia, Bartzelona, Atletico Madril, Reala... Oraindik ez da erabakigarria, baina konfiantzaz gainezka gaude, denboraldi honetan lor dezakegula sinetsita.

Hurrengo denboraldiari begira, lehen bi postuek emango dute Txapeldunen Ligarako txartela. Borroka horretan bai, aurrerapauso handia eman duzue.

Bai... Zalantzarik gabe, liga irabaztea da gure helburu argia, baina, irabazi ezean, zoragarria litzateke bigarren postua lortzea. Aurreko denboraldian hirugarren amaitu genuen, eta ez genuen lortu Txapeldunen Ligarako txartela, eta ea oraingoan posible den.

Zer litzateke Athleticekin Txapeldunen Liga jokatzea?

Lor dezakedan gauzarik handiena, ligako tituluarekin batera. Baina hori oso urruti dago oraindik, eta nahiago dut horretan ez pentsatzea.

Gertuenekoari helduta, Oviedo jaitsiera postuetan dagoen taldearen aurka jokatuko duzue gaur. Nolako taldea da?

Sailkapenean azkenaurreko postuan daude, zazpi puntu eskasekin, baina zelai zaila da Oviedorena. Asteburu honetan hutsune asko izango ditugu, gainera, Erika [Vazquez] eta Joana [Flaviano] ez daudelako jokatzeko moduan, eta ezta Nekane [Diez] ere. Nahiko partida zaila izango da, baina ea irabazteko gai garen.

Oso erronka gogorra izango da hiru jokalari horiek gabe orain arteko erritmo altu horri eustea.

Nekane, batez ere, oso sasoi onean zegoen, eta gol asko ari zen sartzen [hamabi partidatan, sei]. Arrisku handia sortzen ari zen aurrean. Baina, tira, Yulema Corres ere denboraldi bikaina egiten ari da, eta gol asko ari da sartzen [hamahiru partidatan, bost].

Ligari helduta, zuen partida bezain garrantzitsua izango da Atletico Madrilen eta Bartzelonaren artekoa...

Aste honetan aldagelan hizketan aritu gara, zein emaitza komeni ote zaigun eztabaidan. Berdinketa, edo Bartzelonaren garaipena Atletico Madril bederatzi puntura uzteko, edo... Nik argi daukat: guk gurea irabazi, eta eurek egin dezatela egin behar dutena. Aukeran, nahiago nuke Atletico Madril lehiatik kanpo uztea eta Bartzelonarekin buruz burukoa izatea, baina auskalo!

Ligan 24 partida jokatu eta hiru gol sartu zenituen aurreko denboraldian, eta 11 jokatu dituzu jada sasoi honetan. Entrenatzailearen konfiantza izaten ari zara.

Bai... Baina kosta zait taldearen dinamikan sartzea. Joan den urtean, ekainean, ebakuntza egin zidaten belaunean, laugarrenez, eta nahiko gogorra izan da. Min pixka batekin nabil, baina gustura nago hamaikakoan sartuta, zailena mantentzea den arren.

Bilbotik begira, nola ari zara ikusten zure talde ohia, Reala?

Oso ondo. Laugarren postuan daude, eta denboraldi bikaina egiten ari dira. Bazen garaia! Urte askoz aritu dira emaitza garrantzitsuren bat lortzeko lanean, eta lor dezaketela ematen du. Animoak bidali nahiko nizkieke hemendik; irabaz ditzatela partida guztiak, Athleticen aurkakoa izan ezik. Joanekoan ez genuen espero hain partida erosoa izaterik, momentu onean iritsi zirelako eurak ere [5-0 irabazi zuen Athleticek].

Oiartzun ere meritu handiko lana egiten ari da...

Urte askoan ibili dira Lehen Mailara igotzeko borrokan, eta lortu dute azkenean. Lan handia egin dute, eta esperientzia handiko jokalariak dauzkate. Mailari eutsiko diotela uste dut.

Porrota litzateke liga ez irabaztea?

Gauden bezala egonda, agian bai. Ilusioz gainezka gaude, bai gu eta baita zaleak ere. Atletico Madrilen aurkako partidan oso beteta zegoen Lezama; nik inoiz ez dut ikusi hainbeste zale Lezaman. Eta niretzat, behintzat, porrota litzateke liga ez irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.