Mikel Orbañanos. Hondarribia taldeko entrenatzailea

«Oso garbi daukagu sekulako denboraldia egin dugula»

Gutxiago irabazi du Hondarribiak abuztuan eta irailean denboraldiko lehen zatiaren aldean. Baina hamabi bandera irabazi ditu aurten taldeak lehiaketa ofizialetan, eta entrenatzailea oso pozik dago taldeak egindako lanarekin.

Aitor Manterola Garate.
2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Unean unekoak sekulako garrantzia dauka garaiotan. Duela ordu gutxiko zerbait iragana da ia erabat, joan da, presaka bizi behar honetan. Horregatik, arraun munduan, Urdaibai eta haren garaipenak beste konturik ez dago orain. Baina Hondarribiak ere denboraldi oso ona egin du, eta balioa eman dio Mikel Orbañanos entrenatzaileak (Orio, Gipuzkoa, 1973).

Igandean herritarrek egindako harreran ez al zegoen giro triste samarra?

Ez, ez. Betiko lekuan egin zen, eta eguraldi ilunak bakarrik goibeldu zuen ekitaldia.

Ez zen izan, hortaz, Kontxako Bandera eta San Miguel liga irabazi ez izanak sorturiko penaren ondorioa?

Ez zen izan irabazitakoan bezalako harrera, jakina, baina herriak eskertu zigun egin dugun denboraldi zoragarria. Sasoi on hau amaitutzat emateko polita izan zen.

Denboraldi ona egin duzuela ez dago dudarik, irabazi ez duzuenean bigarren izan zaretelako ia beti.

Oso ona izan da sasoia arraun elkartearentzat. Arrakasta garaipenekin lotzen da orain, eta eman lezake bi lehiaketa handienak ez irabazi izanagatik itsustu egin dela gure lana, baina ez da horrela.

Itsustu egin dela entzuten da zuen taldetik kanpo.

Guk barruan oso garbi daukagu sekulakoa egin dugula, eta, gainera, aurkariak ez errespetatzea litzateke guk esatea denboraldi txarra egin dugula.

Zuen mailak maila gehiago ematen al dio Urdaibaik lorturikoari?

Dudarik gabe. Gure maila onak ekarri du Urdaibaik uda osoan estutzen ibili behar izatea, lasaitu ezinda.

Urdaibairen mailak zuek egindakoari ere egundoko balioa ematen dion bezala.

Balio handia ematen dio, bai. Lehiakorrak etengabe izatea eskatu digu.

Ekainean eta uztailean lortu zenituzten ligako zortzi bandera, eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak.

Hasiera ona izan zen. Aurreko urteetako talde ia bera izan dugu aurten, eta arraunketa ere berdina izan da. Horrek aukera eman zigun ondo hasteko.

Abuztuan eta irailean, berriz, Urdaibai nagusitu zaizue.

Haiek pauso bat eman dute aurrera azken estropada hauetan.

Hondarribiak behera egin du azken txanpan?

Ez. Estropadak ezberdinak dira, eta bakoitzak dauzka aldeko eta kontrako baldintzak, baina garbi daukat traineruak azken txanpan ere oso maila ona eman duela.

Iaz baino bost puntu gutxiago atera dituzue ligan, eta lehiaketa guztiak kontuan hartuta, iaz hamahiru bandera lortu zenituzten, eta aurten, hamabi. Zenbakiek indartu egiten dute aurten ere zoragarri ibili dela Hondarribia.

Datuak eta zenbakiek ere adierazten dute oso denboraldi ona egin dugula, bai.

Hiru txapelketak irabazi dituzue, baina uste duzu ligaren eta Kontxaren itzalean geratu direla?

Baliteke, baina, ikusita txapelketetan ere nolako maila egoten den, sekulakoa da guretzat hirurak irabazi izana.

Emaitzez haratago, aurten ere arraunlari guztiei eman diezu arraun egiteko aukera. Datorren urtera begira ere inbertsioa da?

Beste garaipenetako bat da. Taldeko lana sekulakoa izan da, eta arraunlarien jarrera, eredugarria. Emaitza onak ere atera ditugu, eta ematen du etorkizunean ere Hondarribia traineru fidagarria izango dela. Horrek ez du ziurtatzen garaipenak izango direnik, baina ondo ibiliko garela bai.

Gaztetu duzu aurten ere taldea.

Hala da. Harrobiko arraunlariei aukerak ematen lortzen da hori. Ez da erraza aukerak eman eta garaipenak lortzea, pazientzia ere behar delako. Bide beretik jarraituko dugu. Errespetagarriak dira taldeen filosofia guztiak, baina guk honetan sinesten dugu, eta ona da herria traineruarekin identifikatuta sentitzeko.

Egin al dizu aurtengo garaipenen batek aparteko ilusioa?

Denak dira bereziak, baina Euskadiko Txapelketa berriz irabaztea polita izan da niretzat.

Udako estropadarik politenekoa izan zen, gainera.

Asko izan dira ederrak, Urdaibai eta gure arteko lehia azaltzen dutenak. Bat hori izan zen, eta, bestea, Portugaleteko estropadakoa, Kontxaren aurrekoa.

Ezin da ezkutatu zuen eta Urdaibairen artean harremana ez dela on-ona ere. Baina, hala ere, haien garaipenak zoriontzen ikusi zaituztegu.

Denok kirolariak gara, eta saiatzen gara lana ahalik eta ondoen egiten. Gero, galtzen denean, aurkariari errespetua zor zaio. Lehia bukatzen denean, saiatu behar da kanpora ez eramaten uretako tentsioa. Lehiakortasunean sartzen da kirolariari errespetua izatea, arlo guztietan.

Datorren urtera begira, aldaketa gutxi taldean?

Atseden hartu eta arraunaz ahaztu nahi dugu pixka batean. Gero hasiko gara hizketan datorren urtera begira.

Esan al dizu arraunlariren batek uztera doala?

Ez. Zain egon behar dugu orain.

Denboraldiaren balorazioa eskatu behar dizut, zure taldea aparte lagata.

Oso polita joan da. Aurkari bakoitzak izan ditu bere helburuak, eta horregatik ere badira ederrak estropadak; ona da arraunerako. Ligan, antolakuntza ondo joan da. Kontxako Banderan, berriz, iruditzen zait antolakuntzak baduela zertan hobetu, eta hobetuko litzateke adituen aholkuak entzungo balitu.

Ondarroa igo dela-eta liga nagusira, zu han hasi zinen entrenatzaile lanetan.

2000n eta 2001ean egon nintzen; asko poztu nau igoerak. Oso oroitzapen onak dauzkat, eta asko pozten nau datorren urtean Ondarroak ligako estropada izateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.