Patricia Maraña. Realeko belar hockeyko jokalaria

«Partida erabakigarrietan hazi egiten gara, eta ezustea eman dezakegu»

Talde txuri-urdinak ligako finalerdiak jokatuko ditu larunbatean, Bartzelonan. Polo etxeko taldea izango dute aurkari. Marañak uste du haiek etxean jokatzeagatik izan dezaketen presioa baliatu behar dutela

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Igandean ezustea eman zuen Realeko belar hockey taldeak, liga titulurako final-laurdenetan Complutense kanporatuta. Poloren aurkako finalerdiari «ilusioz eta baikor» helduko diote, Patricia Maraña jokalariak nabarmendu duenez (Donostia, 1992). Ez dio garrantzia ematen faborito ez izateari. «Gu erosoago gaude faborito ez izanda».

Berriro ere lauko final batean zaudete. Duela aste batzuk ia ezinezkoa zirudiena lortu duzue. Pozik egongo zarete, ezta?

Oso pozik. Guretzat sasoia oso gogorra izan da. Batez ere bigarren itzulia, puntu asko galdu genituelako, eta maila ez galtzeko borrokan aritu ginen Egararekin, Taburienterekin eta Atletico Terrasarekin batera. Azkenean, seigarren amaitu genuen. Igandean, final-laurdenetan, Complutense kanporatzea balentria izan zen: zelai faktorea aurka genuen, lehen partida galdu egin genuen, haiek sartu zuten lehen gola... Baina beste behin erakutsi genuen egoera zailak gainditzeko gai garela. Talde gaztea gara, baina gure lanean konfiantza osoa dugu. Sasoi osoan trebatzaile batekin egin dugun lanak asko lagundu digu, partidetako egoera zailak eta emozioak kudeatzen jakiteko.

Igandean irabazteko gakoa kudeaketa hori izan al zen?

Guztiz. Lehen partida galduta, eta bigarrenean atzetik hasita, bat-batean geure buruari esan genion: «Lasaitu egin behar dugu, eta guk dakigun moduan jokatu. Gainontzean, gaizki pasatuko dugu norgehiagoka amaitzeko falta diren minutuetan». Benetako presioa ez jaisteko borrokan izan genuen. Lauko finalerako sailkatzeko lehian egotea sari gisa hartu behar genuen. Gai izan ginen hori egiteko eta emaitza iraultzeko. Ikaragarria izan zen, lehen jardunalditik ez genituelako lau gol sartzen.

Emozioen lanketak gero eta garrantzi handiagoa du goi mailako kirolean?

Dudarik gabe. Aurreko denboraldian eskarmentu handiko jokalariek utzi zuten taldea. Emozioen kudeaketa hori oso lotuta dago eskarmentuarekin, eta halako belaunaldi aldaketa bat gertatzen denean, zaila izaten da kudeaketa hori transmititzea eta ulertaraztea. Norberak bizi behar duen zerbait da. Psikologoaren edo trebatzailearen laguntzaz emozioen eta egoera zailen lanketa hori egiten saiatzen gara.

Non dago aipatu duzun zailtasun hori?

Ni, adibidez, oso pertsona emozionala eta zuzena naiz, eta batzuetan gazteek ez dute behar bezala ulertzen, edo hartzen, nik esandakoa. Baina denborarekin konturatzen dira esan diedana euren mesederako dela.

Poloren aurka jokatuko duzue finalerdia. Nolako partida espero duzu?

Lauko finaletako partida gehienak izaten diren modukoak: lehiatuak eta estuak. Kosta egingo da gol bat sartzea, eta, sartzen badigute, emaitza irauliko dugu. Ligan, guk baino 23 puntu gehiago lortu zituzten, baina hau kanporaketa bat da. Haiek joko oso erasokorra egiten dute, goian presioa eginez eta aurrelarien abiadura baliatuz. Baina gu indartsu zelairatuko gara, lehiatzeko asmoa dugula erakutsiz. Presiorik eta beldurrik gabe goaz, ilusioz. Norgehiagoka fisikoa egiten saiatuko gara, eta kontraerasoan haien zuloak aprobetxatzen. Gogotik egin beharko dute lan guri irabazteko.

Etxean jokatuta, eta ligan izan den aldea kontuan hartuta, faborito argiak dirudite. Zer diozu hortaz?

Horrek ez gaitu batere kezkatzen. Alderantziz. Gu erosoago sentitzen gara faborito ez izanda. Pentsatu behar dugu teknikoki, fisikoki eta mentalki lan handia egin dugula hona iristeko, eta baliatu egin behar dugula. Garrantzitsua da partida ondo lehiatzea eta garbi izatea oso aukera ona dugula aurrean. Izan ere, guk eta Club de Campok irabaziz gero, Europarako sailkatuko ginateke. Haiek etxean jokatzeagatik eta bigarren geratu izanagatik presioa izan dezakete, eta hori balia dezakegu.

Finalera iritsiz gero, irabazteko aukerak ikusten dituzu?

Bai Juniorren aurka eta bai Club de Camporen aurka nor baino nor gehiago lehiatzeko gai izan ginen liga erregularrean, eta, gugan sinesten badugu, eta lana ondo egiten badugu, aukera izan dezakegu. Finalarekin amesten dut, badakidalako zer bizitzen den eta hori oso presente dudalako.

Animoz ondoen iristen zareten taldea al zarete?

Baietz uste dut. Igandekoa bultzada handia izan zen. Halako txapelketetan, gainera, hori oso garrantzitsua da. Gu, gainera, partida erabakigarrietan hazi egiten gara. Realak beti erakutsi du hori. Ondo lehiatzen gara.

Realean zaudenetik hau al da denboraldirik gogorrena?

Bai. Lan kontuengatik lehen partidak ezin izan nituen jokatu, Zeelanda Berrian nengoelako. Taldeari ezin nion lagundu, eta gaizki pasatu nuen. Baina gogo handiz itzuli nintzen, baita Olatz Goñi ere. Hura ere kanpoan zegoen tesia egiten. Gu fresko iritsi ginen, eta uste dut horrek lagundu egin ziola taldeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.