Batzuek xahutzen dutena besteen janari

Saltoki handietan eta etxeetan egunero xahutzen dira elikagaiak iraungitze data gainditzean. Gero eta gehiago lan egiten da elkarteekin, iraungitze data heldu baino lehen inork erosiko ez dituen elikagaiak haiek erabiltzeko. Produktua iraungita, beste erabilpen batzuk eman ahal zaizkio.

Produktu gehienetan ez dira erraz ikusten iraungitze data edo kontsumo data hobetsia. NAHIA GARAT.
Bidatz Villanueva
2017ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Europan urtero 1.300 milioi tona janari baino gehiago xahutzen dira Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzara Erakundearen arabera, eta, aldi berean, 870 milioi pertsona baino gehiago daude goseak mundu osoan. Saltokiak eta multinazionalak ez dira horren errudun bakarrak, biztanleek ere ehunka kilo janari xahutzen baitituzte urtean: Europako Komisioaren 2014ko datu batzuen arabera, pertsona bakoitzeko 179 kilo urtean, batez beste. Horregatik saiatu dira abiatzen xahutzea murrizteko politikak azken urtean.

Xahutzea produktuen iraungitze datarekin dago askotan lotuta. Izan ere, supermerkatu askok data heldu baino lehen ere erretiratzen dituzte produktuak. Horren susmoa dute Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkartean. Alberto Lazkoz komunikazio saileko langileak uste du aurrerapausoak eman direla xahutzea kontrolatzeko. Aldiz, gardentasun falta handia dagoela deritzo saltokien aldetik; alegia, saltokiek ez diote kontsumitzaileari argi adierazten zer gertatzen den produktu iraungiekin, nora eramaten dituzten eta non botatzen dituzten. Halaber, nabarmendu du produktuen iraungitze datak ez dituztela adierazten era argian, eta horretan indar handiagoa jar lezaketela.

«Kontsumitzeko ondo ez dauden produktuekin bezeroak zer gertatzen den jakiteko, legedi zorrotzagoa egin liteke. Beharbada, kontsumitzailearentzako ez daude ezin hobeto, baina Irachen pentsatzen dugu beste erabilera bat eman ahal zaiela». Gaineratu du enpresa askok ez dutela ahaleginik egiten beste kontsumitzaileari informazioa helarazteko. «Markak gardenak dira soilik gauza onak kontatzeko». Produktuekin zer gertatzen den jakitea beste irizpide bat izan daiteke,bezeroak erabakitzeko zer eta non erosi.

Izan ere, diru anitz mugitzen da elikagaien industrian. Iraungitze dataren ezartzea osasun irizpide batzuen arabera egin beharko litzatekeela dio Lazkozek. Kontsumitzaileen elkarte gisa, lehen helburutzat dute bezeroek kontsumituko dituzten produktuak ezin hobeto izatea. «Ez naiz ausartzen erratera zein irizpideren arabera erabakitzen dituzten iraungitze datak. Diru asko dago jokoan», gaineratu du.

Iraungitze data ezartzeko, ekoizleek kontuan hartu behar dute ekoizleek produktua fabrikatzean zein mikroorganismo egon daitezkeen, edota zeintzuk bultzatuko duten produktuaren hondatzea. Elikagaia ustelduko duten mikroorganismoen azkartasuna ere neurtu behar dute.

Produktu iraungiak produktuak berrerabiltzearen aldekoa da Irache elkartea, kutsadura murrizteko, besteak beste. Animalientzako jan bihur daiteke, edota konpost gisa erabil. «Bukaeraraino ahalik eta gehiena erabiltzeko apustua egiten dugu».

Lazkozek aipatu du enpresa askok botatzen dutela jana data heldu baino lehen; «askotan, enpresen antolaketagatik». Hori kontrolatzen duen neurririk ez dago, eta enpresen eskuetan gelditzen da produktuak botatzea. Gero eta gehiago bultzatzen da bota behar diren produktuak laguntza elkarteei edo elikagai bankuei ematea.

Baionako elikagai bankuak, esaterako, egunero jasotzen ditu elikagaiak, eta, horiekin, 5.200 pertsona elikatzen dituzte urtero. 150 lagunek parte hartzen dute, eta BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) eskualdeko azpiegitura handiek ematen dizkiete produktuak. «Egunean bertan iraungitzen diren produktuak jasotzen ditugu, eta, gero, elkarteei banatzen diegu janaria. Asko eskertzen dute. Esaterako, Table du Soir elkarteari eramaten dizkiogu elikagaiak», azaldu du Louis Mendiburu elikagai bankuko presidenteak. 32 elkartetan banatzen dute janaria.

Dena den, saltoki guztien jarrera ez da zintzoa. Ez du saltokirik seinalatu nahi, baina duela egun batzuk, soilik bi supermerkatutatik jaso zituzten produktu iraungiak. «Sistematikoki bota genituen». Legeak ez du onartzen produktu iraungiak eskaintzea elikagai bankuak, eta isun handiak ordaindu beharko lituzke inspektore bat horretaz jabetuz gero, Mendiburuk azaldu duenez. «Zorrotzak izan behar dugu horrekin; ezin iragan daitekeen marra da. Ezin ditugu produktu iraungiak eman».

«Baina gu behartuta gaude dena hartzera; nahiz eta ez den guztiz legezkoa, baitezpada hartzen dugu», aipatu du. Izan ere, saltokiek erabaki dezakete elikagai bankua gehiago ez hornitzea. «Nik deituko ditut gertatutakoa jakin dezaten. Baina arreta jarri behar da, gaizki har ez dezaten. Gerta daiteke erratea guk ez baldin badugu behar beste norbaiti emanen dizkiotela produktuak».

Ez da soilik elikagai bankuak ezin dituela produktu iraungi horiek banatu, baizik eta ekidin nahi duten xahutzea gertatzen dela. Hau da, supermerkatu horiek egun bat lehenago helarazi balituzte produktuak, iraungitze dataren egunean, jangarriak izanen lirateke oraindik, eta ez lirateke zakarrontzira bota beharko.

Daten nahastea

Irache elkarteko Lazkozen iritziz,produktuekin zer egiten den informa dezaten eskatzeaz gainera, onuragarria litzateke kontsumitzaileak formatzea ere. Izan ere, produktuetan ezartzen den data ez da beti iraungitzearena. «Ez dira nahastu behar iraungitze data eta kontsumo data hobetsia», azaldu du. Iraungitze data gainditzen duen produktua saltokietatik kendu egin behar da,arriskutsu bilakatzen delako osasunarentzat kontsumituz gero. Ostera, kontsumo data hobetsia iraganda, produktua ez da kaltegarria. Propietateak galtzen ditu soilik, hala nola testura, usaina, zaporea edota kolorea. Entzimen eraldaketagatik eta eraldaketa kimikoagatik gertatzen da hori. Data hobetsia gainditzean, saltokiek ez dituzte gehiago komertzializatzen. «Jendeak, oro har, ez daki datak bereizten, eta garrantzitsua izanen litzateke hori jakitea», uste du Lazkozek.

Gogoratu du jogurtekin izandako tirabira bat. Saiakera bat izan zen iraungitze dataren ordez kontsumo data hobetsia jartzeko jogurtei. «Ez zegoen argi ongi zegoen jogurtei jartzen zitzaien iraungitze data». Ezerezean gelditu zen asmo hura. Lazkozen arabera, «lehiakortasunarekin loturiko beste alor batzuek eragin zuten horretan».

«Eztabaidagarria da komertzializa daitekeen edo ez kontsumo data hobetsia gainditzen duen produktu bat», hausnartu du Lazkozek. Hori aztertu beharko litzateke produktuen arabera, batzuk galkorrak direlako: elikagai freskoak, esaterako; eta, beste batzuk, ez. Administrazioa jo du hori guztia kontrolatzearen erantzule.

Eroski kooperatibaren aburuz, kontsumitzaileen ardura ere bada produktuen xahutzea txikitzea. Produktuen kontserbaziorako antolaketa eta leku egoki bat egokitu behar da, eta elikagaiak txandatzea bermatu. Alegia, jateko,lehenago erositako produktuak hobetsi, ondoren erositakoen aldean. Garrantzitsu deritzo produktuak ordenatuta eta begi bistan izateari. Horrez gain, elikagai askok bizi luzeago bat dute hozkailuan gordez gero: arrautzek, esaterako. Kooperatibaren ustez, horren ondorio izanen da janari baliabideak hobeto kudeatzea eta gutxiago xahutzea.

Behartsuaren legea

Bada esan bat, behartsuaren legea esaten zaiona: lehenago lehertu, ezen ez sobratu. Ezer bota baino lehen bezeroen artean banatzen du janaria Farid Le Boucher (harakina) Baionako Vival saltoki bateko buruak. Ez du bere abizena eman izan nahi. «Auzo xume batean egiten dut lan. Jatorri eta erlijio askotariko herritarrak daude, eta pobrezia ez da horren araberakoa. Arabiarrak, musulmanak, kristauak, euskaldunak, italiarrak, espainolak... pobreak gara denak. Janaria ematen diet, eta kontent dira».

Iraungitze data gainditu aurretik ematen dizkie elikagaiak bezeroei. Ongi dauden produktuak izan ohi dira. Gainera, saltoki txiki bat izanik, hobe kontrola dezake eskatzen duena, eta, hala, xahutzea kontrolatu. Produktuak ez baldin bada ongi —kaxa edo ontzia apurtuta—, banatzaileari itzultzen dizkio.

Bere saltokiak ez du lankidetza egiten elikagai bankuekin edo halako elkarteekin. Haren ustez,berak funtzio bera betetzen du haien ingurukoekin. Bere bezeroak kontent dituela nabarmendu du, eta bere negozioak ongi funtzionatzen diola. «Janaria bota? Ez dut inoiz botatzen. Jan behar badut, jaten dut», dio Faridek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.