Plazak dantzan jartzeko

DJek hogei urte baino gehiago daramate euren bidea egiten Euskal Herrian. Giro 'underground'-etatik irten gabe aritu izan dira ia beti orain dela gutxi arte, baina azken urteetan saltoa eman dute taberna eta gaztetxeetatik herriko plazetara.

Las Tea Party. Eva Gutierrez eta Lorea Argarate, taldeko bi kideak, saio batean. Las Tea Party.
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Euskadin Rock and Rollak ez du inoiz dirurik emanen, inon baino alaiagoa izanen da», abesten zuen Hertzainak taldeak 80ko hamarkadaren hasieran. Ez ziren gitarra elektrikoak jo zituzten lehenak, Errobi eta Itoiz, besteak beste, pixka bat lehenago hasi baitziren. Orduko euskaldun askorentzat sakrilegioa zen Ameriketatik zetorren musika moderno hura euskaraz abestea. Baina rocka geratzeko heldu zen, eta esan daiteke estilo horrek izan duela ondorengo 30 urteetan Euskal Herriko eszenaren hegemonia. Horrek, neurri batean, bestelako estiloak baztertzea eragin du. Hala ere, azken urteetan musikarekiko beste jarrera bat zabaldu dela dirudi, eta orain arte toki handirik ez zuten musikariek plazak bete dituzte: DJak.

Hogei urte dira Euskal Herriko lehen DJak euren lanak publikatzen hasi zirela, besteak beste DJ Makala eta DJ Pez. Batzuek izena egin badute ere, zaila izan dute agertoki nagusian tokia egitea. Hainbat arrazoirengatik, egoera aldatu egin da, eta gaur egun gero eta ohikoagoa da DJak agertoki gainean ikustea. Alberto Iriarte, Dodo; Iñaki Etxeberria, Selektah Stepi, eta Las Tea Party —Eva Gutierrez eta Lorea Argarate— dira horren hiru adibide.

ALBERTO IRIARTE, 'DODO'
«DJ batek etxean lan egin behar du, teknika garatu behar du»


Raperos de Emaus taldeko DJa da Alberto Iriarte, Dodo. Hamasei urte zituenean hasi zen taldearekin jotzen, eta hamar urtean Euskal Herriko eta kanpoko hamaika txokotan jo du. «Taldeko lehenengo kontzertua eman eta hurrengo lau urteetan ia asteburu guztietan jo genuen». Horrek esperientzia handia eman zion zuzeneko emanaldietan, baina etxean praktikatzeko denbora asko kendu zion. «DJ batek etxean lan egin behar du, teknika garatu behar du. Ez da bakarrik abesti on bat jarri eta eskuak altxatu».

Musika beltzarekin lan egiten du Iriartek, besteak beste, hip-hop, funky, soul, reggae eta dancehall musikarekin. Batzuetan, musika elektronikoarekin nahasten du, baina beti mantentzen du musika beltzaren oinarria. Hasieran, Iriartek Raperos de Emauseko oinarriak jartzen zituen, eta pixkanaka kontzertuen ostean saio txiki batzuk eskaintzen hasi zen. «Kontzertu bat genuenean, esaten zidaten: 'Aizu, kontzertua bukatzean badago tarte bat eta musika jar dezakezu'». Hori gero eta gehiagora joan zen, eta, urteekin, bera bakarrik ere mugitzen hasi zen. «Raperosekin jo dudan toki askotatik geroago deitu didate nik bakarrik jotzeko».

Bere saioetan beste artista batzuekin lan egitea gustatzen zaio. Azken bi urteetako saioetan Rocco Tennor saxofoi jotzailearekin batera egin ditu emanaldi gehienak. Orain bi proiektu berri garatzen ari da: alde batetik, Norzzone Iruñeko rap abeslari euskaldunarekin, eta, bestetik, Barañaingo Iseo abeslariarekin reggae abestiak egiten ari da. Urte luzeetan besteentzako musika jarri eta gero, bere musika propioa sortzen ari da. Duela bi urte kaleratu zuen Animal diskoa, reggae oinarria duten hainbat nahasketarekin. Iaz, Hegoak lana egin zuen, Donostiako Orfeoiak Mikel Laboaren Txoriak txori abestiarekin egindako bertsioa oinarri hartuta. «Gero eta gusturago nago egiten ditudan lanekin, baina badakit ez dutela oihartzun handirik». Interneten jartzen ditu lan guztiak, baina kopia fisikoak egitea ere halabeharrezkoa ikusten du. «Urte erdiko lana soilik Facebookeko lotura bat bihurtzen bada, ordu erdian bi katuren bideo batek lurperatuko du».

Iriarteren ustez, hip hoparen eskutik etorri da DJen azken urteetako gorakada. Bad Sound Systemek 2003an atera zuen lehen diskoa, eta handik bi urtera Euskal Herrian raparen loraldia gertatu zen. «Rap talde asko sortu ziren 2005. eta 2007. urteen artean, eta giro euskaldunetan atzean utzi zituzten antzinako hainbat aurreiritzi, eta hip hop kontzertuak antolatzen hasi ziren». Horrela hasi ziren DJak agertzen agertoki askotan. Iriartek gogoratu du 2013ko Gazte Danbadan DJentzako gune berezi bat egon zela. Haren aburuz, azken urteetan musikarekiko beste interes bat piztu da giro herrikoi eta euskaldunetan. «Guztientzako tokia dago. Hau da, jaietan rocka jar daiteke, baina baita hip hopa eta beste edozer ere. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait, edozein estilotako artistei ate asko irekitzen dizkielako».

IÑAKI ETXEBERRIA, 'SELEKTAH STEPI'
«Lehen emanaldietan, askok ez zekiten ezta zer egiten genuen ere»


Lan egiten zuen tabernan musika jartzen piztu zitzaion musikarekiko grina Iñaki Etxeberria Selektah Stepi-ri. «Larunbatetan taberna bete-beteta egoten zen, eta musika jartzen nuen». Hasierako saioak garatzeko beharra sentitu zuen: nahasketak landu eta biniloak jartzeko platerak erosi zituen. Etxeberriak, beste bi lagunekin, Bad Sound System DJ taldea sortu zuen 1998. urtean. Urtebete egon ziren hirurak elkarrekin, eta hainbat saio eskaini zituzten. Gerora, Etxeberria hiru abeslarirekin elkartu, eta lehen diskoa atera zuen 2003an.

Musikaren egoera asko aldatu da Etxeberria DJ lanetan hasi zenetik. «Lehenengo emanaldietan, askok ez zekiten ezta zer egiten genuen ere. Noizbait jotzen hasi eta galdetu ziguten: noiz hasiko da kontzertua, gitarrak eta?». Garai horiek atzean geratu direla uste du Etxeberriak, eta jendeak badakiela DJ bakoitzak zer estilo lantzen duen. Baina ez du uste entzuleen bat-bateko aldaketa izan denik. «Gu asko mugitu gara gaztetxeetan. Pentsatzen dut jende horrek urteekin gauza handiagoak egiteko aukera izan duela, eta horregatik deitzen digute herriko jaietara. Uste dut gauza asko batu direla».

Etxeberriak reggae musika lantzen du, dancehalla bereziki. Betidanik izan da reggaezale amorratua. Egun, Interneti esker ezagutzen du musika asko, baina garai batean bidaiatu beste aukerarik ez zuen. «Nik biniloekin lan egiten dut, eta horiek lortzeko joaten ginen Bordele, Paris eta Londresera». Etxeberriaren aburuz, Iparraldetik hurbil egoteak musikan bestelako eraginak jasotzeko balio izan die. Horrekin batera, 1990eko hamarkadaren bukaeran Negu Gorriak taldeko zenbait kidek Irunen ireki zuten BertsoHop dendak ere lagundu zien kultura musikala handitzen.

Lehenengo kolpean begiratuta, Euskal Herriko eszenan DJ asko agertzen ez badira ere, mugimendu oparoa dagoela uste du Etxeberriak, baina inguru underground-etan aritzen direla. Sare hori indartzeko asmoz, sei urte daramate Zubiak ekinbidearekin Irungo Depor tabernan. Hilero Euskal Herriko eta kanpoko DJak eramaten dituzte bertan jo dezaten. «Euren burua DJtzat daukaten guztiekin harremetan jartzen saiatzen gara». Horrez gain, ikasteko modurik onena elkarlanean aritzea dela esaten die hasiberriei. «Nik entseatzen dudan tokian badaude beste DJ batzuk scratch-a lantzen dutenak. Haiek erakutsi didate hori garatzen, eta nik nahasketekin lagundu diet. Oso aberasgarria da». Etorkizunera begira produkzio propioak egiten ari da Etxeberria, «hasierako dunbaletik, azkenengo gitarraraino». Lokalean sartuta, erritmoak sortzen orduak egiten ditu. Hori baita DJaren beste ezaugarri bat, ordu askoko lana.

LOREA ARGARATE (LAS TEA PARTY)
«Orain arte mundu iluna izan da, eta badirudi aldatzen ari dela»


«Guk agertokia behar dugu, edozein taldek behar duen argiztapen eta potentzia guztiarekin», dio Lorea Argaratek. Bera eta Eva Gutierrez dira Las Tea Party. Bilboko bikote hori 2010ean hasi zen DJ munduan murgiltzen. Bost urte eskasean, musikaren lehen lerrora heldu dira. Moombathon, EDM eta trap musika lantzen dute gehienbat. Euskal Herrian iraultza txiki bat egin dute musika elektronikoa giro herrikoietan gogor sartuta.

«Beti egon gara musika munduan». Santutxuko Zarata Jazz tabernan ibili ohi dira Argarate eta Gutierrez. Musikari ugariren topalekua da hori. Han ezagutu zuten Hector Serna DJ He, eta Gutierrez harekin ikasten hasi zen. «Praktikatzen hasi eta gutxira Evak esan zidan: 'probatu behar duzu'». Hasieran funkya eta elektroswinga lantzen zuten, eta gerora jo zuten musika elektronikora. Estilo horretako musikan biniloak lortzea zaila denez, CDak erabiltzen hasi ziren. Horrela jarraitzen dute gaur egun.

Bi urtez Bilboko hainbat tabernatan jo ostean, Astrabuduko diskoteka batean jotzeko aukera izan zuten. Arrakasta izan zuten, eta bertako DJak izatera pasatu ziren. Han euren musika garatu zuten. «Hiru gela daude bertan, orduan abesti batzuk ez dira jarri, ondoko gelan jartzen dituztelako. Horrela garatu genuen gure estilo propioa». Egun, Bilboko diskoteka ezagun bateko DJak dira.

Argaratek uste du aldaketa egon dela DJaren irudian azken urteetan. «Orain arte oso mundu iluna izan da, eta badirudi aldatzen ari dela». Haren aburuz, DJak Euskal Herrian beti egon dira apur bat ezkutuan. Eurek irudi hori apurtzeko lan egiten dute. «Gu ez gara bazter ilun batean egoteko DJak».

Jendearen aldetik jarrera aldatu dela dio Argaratek. «Jendeak dantzatzeko gogo handia zuen, baina tabu antzeko bat egon da». Haren ustez, «euskal musika ez dena» kontsumitzearen inguruko tabua zegoen hainbat girotan. «Hori kalean; etxeetan mundu guztiak denetarik entzuten baitu». Antza, tabu eta aurreiritziek atzera egin dute, txosnak zein gaztetxeak betetzen baitituzte doazen lekuetan.

Euskal Herriko gainerako DJekin duten harremana nabarmendu du Argaratek. «Hasi berriak gara, eta oso harrera ona egin digute». Estilo ezberdinak lantzen dituzten DJekin harremanak dituzte, eta hori ere euren musikarako aberasgarria dela dio. «Estilo bakoitzak teknika bat eskatzen du, eta elkarren arteko eragin hori oso aberatsa da».

Orain euren musika sortzen buru-belarri ari dira Las Tea Partyko bi kideak. Udan ez ziren gelditu, eta negua aprobetxatzen ari dira abesti berriak sortzeko. Kalitatean ere aurrera egin nahi dute, eta estudioan sartu dira. «Abesti asko egin ditugu punk eran. Orain master hobeekin eta kolaborazioekin egiten ari gara». Nahi duenak entzungai ditu Las Tea Partyren kantuak Interneten, libre uzten baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.