Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Elkartasunaren aldarria

Maysaloun Hamoud zinemagilearen Bar bahar filmeko fotograma bat.
Beñat Eizagirre Indo.
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Bar bahar / In Between'

Zuzendaria: Maysaloun Hamoud. Herrialdea: Israel-Frantzia. Iraupena: 102 minutu.

Maysaloun Hamoud zinemagilearen opera prima-k, Bar bahar / In Between filmak, txalo zaparrada ugari eragin zituen Kursaal aretoan. Aurreikus zitekeen bezala, Mendebaldeko gizartea askatasunaren eta justiziaren eredutzat jartzen duten Ekialde Hurbileko ekoizpenek Mendebaldeko jaialdietan harrera beroa eduki ohi dute. Izan ere, era guztietako injustiziak salatzea gauza bat da, baina oso bestelakoa da Mendebaldearen bizimodua eredutzat hartzea. Mendebaldeko gizartea kritikagarria da guztiz, baina emakumeen egoerari dagokionez eredugarria da beste herrialdeetako emakumeentzat. Askatasunaren inguruko aldarria da Bar bahar, baina ez nolanahikoa, emakumearen askatasuna baitu jomugan; genero sistemak munduko txoko guztietan eragiten duen desberdintasuna salatzea baita egilearen asmoa. Eta emakumezkoen autonomiaren aldeko defentsa irmoa egiten du, gainera.

Hiru emakume palestinarren istorio sinple eta eraginkorra kontatzen digu Hamoudek, eta indarkeria eta bortxarekin batera, alaitasuna eta itxaropena lantzen ditu. Gordintasuna muturreraino eramatea oso ohikoa da autore gazteen filmetan, baina gizakiaren aurkako gurutzada egitea zentzugabekeria hutsa da, faltsua izateaz gain. Beraz, eskertzekoa da egilearen saiakera biziaren gazi-gozoak zintzotasunez islatzerakoan. Nur izeneko protagonistaren bizitza goitik behera aldatuko da egun batetik bestera, kasualitatez lesbiana eta abokatu batekin bizitzen jartzen denean. Egilearen aburuz, emakumeen arteko elkartasuna ezinbestekoa da jazarpenari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.