KRITIKA. Dantza

Anaia Otso

Agus Perez.
2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

Kindertotenlieder - Apparition



Konpainiak: Marseillako Ballet Nazionala eta Amsterdamgo ICK. Kontzeptua eta koreografia: Emio Greco, Peter C. Scholten. Musika: Gustav Mahler. Musika moldaketa eta interpretazioa: Frank Krawczyk. Irudi proiektatuak: Ruben van Leer. Argiak: Henk Danner. Jantziak: Clifford Portier. Abeslariak: Bilboko Koral elkarteko ume korua. Zuzendaria: Jose Luis Ormazabal. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 19.

Kindertotenlieder izenburu germaniko pean hiru hitz dautza, eta euskaraz Haur hilen kantak esango genuke kontzeptu bera adierazteko. Kontua da alemanaren joera hitzak elkartzearena dela, baina ez gaude hemen hizkuntza-kontuak aztertzeko. Hala ere, esan beharra dago Apparition (Agerpen) azpi-izenburuak esan nahi duela gaur ikusi duguna proposamenaren erdia baino ez dela eta beste batean Disparition (Desagerpen) atala ikusiko ei dugula.

Emio Greco eta Peter C. Scholtenen kontzeptuari jarraikiz, Gustav Mahlerren lied edo kantak eraman dira eszenara, beste musika batzuekin batera eta umeei protagonismo eszenikoa emanez. Friedrich Rückert alemaniar ilustratuak bere seme-alaba batzuen heriotzaren ostean idatzitako poemak daude lied haien oinarrian, eta oraingo honetan Bilboko Koral-elkarteko hamalau umek abestu dituzte, ezin hobeto abestu ere, hori koloreko kapusaiak jantzita eta Marseillako balleteko zein Amsterdameko ICK-ko zazpi dantzariren parte hartzearekin.

Hasierako musika-esaldien ostean, aurreko aldera hurbildu dira piano-jolearen atzean zeuden abeslari gazteak, eta haien inguruan jarri dira konpainiako dantzariak —txandalaren osteko munduko janzkera zatarrenarekin agertu dira— eta umeen inguruan garatu dituzte segida dinamiko batzuk. Abeslarien taldea sakabanatu denean, dantzariek aingeru estrainioen antzera ibili dira umeen artean, beharbada garbikuntza errituak eginez hildakoen arimen salbaziorako, batek daki. Labur esanda, dantzaren alorrean beste munduko ezer ez emanaldiaren lehen hiru ordu laurdenetan. Amaiera aldera, ordea, Mahlerren liedekin batera hasi dira Gernikako Arbola-ko lehen bertsoak tartekatzen eta Haurtxo polita sehaska kanta ere entzun dugu. Tarte horietan ekin diote dantzariek koreografia kolektibo bati, duo batean hasieran eta bikoteari banan-banan gehituta gero, guztien kategoria, energia eta zehaztasuna agerian utzita txorien kantak eta umeen esaldi xuxurlatuak entzuten genituen bitartean.

Aipatzekoa da, era berean, luze proiektatu direla oihal zeharrargi batean Ruben van Leerren irudi informatizatuak. Haietan otso baten kaskezurra eta letaginak irudikatu dira lehen, eta gero otsoak hartu du protagonismo osoa, haren esangura esku-programan esan denaren guztiz kontrakoa izan arren: animalia sozial bezala ikusten du Van Leerrek, umeen ezkutuko izpiritua animatzen duena, euren instintua, euren pertzepzioa agerrarazten duena… Izan ere, Anaia Otsoren irudi proiektatuak izan dira oraingo lanaren berrikuntza bat, juxtu-juxtu orain urtebete—2017ko urtarrilaren 20an hain zuzen ere— Emio Grecoren, Peter C. Scholtenen eta Frank Krawczyken Passione ikusi genuelako. Orduko hartan ere era guztiz frontalean zegoen Frank Krawczyk teklatuan, orduko hartan ere integratu zen pianista bera agerraldi eszeniko batean eta, orduko hartan bezala, gaur ere ikusi ditugu dantzariak kolore askotako jantziekin amaierako eszenan. Horrek guztiak zer pentsatua eman behar digu eta, bide batez, zalantzan jarri Greco, Scholten eta Krawczyken ustezko sormen-gaitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.