Mugaz gaindiko lankidetza. Akitania-Euskadi

Mugak hausteko «mugarria»

Akitania-Euskadi euroeskualdeko lehentasunak zehaztu dituzte aurrenekoz 2014-2020rako plan estrategikoan.Harremanak indartu eta mugikortasuna areagotuko dute.AHTa dute abiapuntutzat

Eusko Jaurlaritzako eta Akitaniako Eskualde Kontseiluko ordezkariak, Urkullu eta Rousset buru dituztela, atzo, Hendaiako Antoine d'Abbadie auditoriumean egindako aurkezpenaren ondotik. NICOLAS MOLLO.
Oihan Vitoria.
Hendaia
2014ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Aspaldikoa da harremana. Hiru urte baino ez dira hartu-emana ofizial egin zutenetik, baina mugaz gaindiko lehen lankidetza hitzarmena 1989an izenpetu zuten. Elkarlan horren «fruituak» plazaratu ditu Akitania-Euskadi euroeskualdeak. Edonola ere, egungo errealitatearen diagnostikotik abiatuta osatu du 2014-2020ko aldirako plan estrategikoa. Lehen aldiz jaso ditu lankidetza ildoak, eta «bururaino» eraman ditu, hizkuntza, ekonomia eta ingurunea bezalako gaietan elkarlana bultzatzeko. Aliantzaren izateko arrazoia zehatz-mehatz erakusten du plan estrategikoak. «Egun seinalatua», Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat. Europari buruzko «mesfidantza» amaitzeko «baliagarria», Alain Rousset Akitaniako presidentearentzat. Bost milioi biztanletik gora. 2.500 udalerri. Desberdinen arteko harremanak sendotu nahi dituzte lankidetza hori ahalik eta esparru gehienetan bistaratuta. Bide batez, «palanka tankerako» bultzada izatea espero dute, iraganaren eta geroaren artean hesia ezartzeko, mugekin hausteko. «Mugarria» izatea, finean. Planaren nondik norakoak ezagutarazi zituzten atzo Hendaian (Lapurdi). Jarraian dira hurrengo sei urteetarako elkarlanaren ardatz nagusiak, xehatuta:

MUGIKORTASUNA

AHTa, mugatik harago

Tren lotura bermatzea, sendotzea eta garatzea da planaren lehentasun nagusietako bat. «Berebiziko arreta» ipini dute AHT abiadura handiko trenean. 2017. urterako espero dute Paris eta Bordele batzea. «Historikoa» izango dela dio Roussetek. Ez du askitzat jo, halere: tren lasterra Euskal Herriraino ailegatzea nahi du. Azaldu duenez, Bordele eta Gasteiz arteko bidea trenetik jaitsi gabe egitea da jomuga; bai bidaiarien eta bai zama daramaten horien «erosotasuna» aise bermatze aldera.

Trenbideak eta geltokiak egokitu beharko dituzte horretarako. Besteak beste, EAEko errailen bide zabalera aldatu edo beste bat erantsi beharko dute, trenek eragozpenik gabe egin dezaten ibilbidea. Zabalera diferentea dute trenbideek Europan eta Iberiar penintsulan; Europakoak 232 milimetro estuagoak dira. Horren eraginez, linea batetik bestera pasatzeko gelditu egin behar dute. Eten hori saihestea da helburua, tren lasterra mugatik harago irits dadin. «Ororen abiapuntua da».

Elkarrekiko harremanak errotik aldatuko dituen urratsa izango dela nabarmendu du Roussetek: «AHTak hainbeste eraldatuko du Euskadirekin daukagun hartu-emana, oso nabarmen indartuko dira kooperazioa eta elkarren arteko konfiantza». Baina elkargune gisa bakarrik ez. Euroeskualdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko inportantea eta «egokia» ere izan daitekeela uste du Akitaniako presidenteak.

AHTaren bide berriek eragiten duten gaitzespena eduki du ahotan Roussetek. Dena dela, ez dio «garrantzi handirik» eman nahi izan. «Gutxiengo» baten mobilizazio «eskasa» dela ohar egin du.

Mugikortasunean dituzten xedeak ez dira AHTaren eraikuntzara mugatzen. Hiriarteko loturak ere garatu nahi dituzte, turistikoak izan edo ez. Loturok errazteko, autobusak, trenak, metroa eta beste bil ditzakeen geltoki intermodal bat egingo dute Hendaian. Erabaki horrekin, autobideko zirkulazioa arintzea espero dute: «Oso erabilia da, eta, hori gutxi balitz bezala, kutsadura handia eragiten du», esan du Roussetek, eta erantsi egun %1,5 inguruk baino ez dutela erabiltzen bi eskualdeen arteko trenbide sarea. Orobat, Baiona eta Donostia batuko dituen autobus linea zuzen bat ere abian jartzekoak dira.

EKONOMIA ETA BERRIKUNTZA

Enpresen arteko lankidetza

Ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia sustatuko du planak, lehiakortasuna hobetzeko eta lanpostuak sortzeko. Bide horretan, egitasmo eraginkorrak martxan jartzea eta euroeskualdeko enpresen artean lankidetza bultzatzea jarri dute xede gisa. Finean, bi eskualdeetako lantegien arteko lankidetzaren gakoak finkatu dituzte, biei onurak dakarzkielakoan. Egitasmoak partekatu, turismo politikak koordinatu eta enplegu gune bat ere garatuko dute, langabeziari aurre egiteko.

HEZKUNTZA ETA HIZKUNTZA

Nortasun berezia euskarari

«Mugarik gabeko» unibertsitate campusa da euroeskualdeko ardatz nagusietako bat. Kontzeptu berria, erreferente izateko helburuz eratua. EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak elkarrekin eskainiko dituzte ikasketa batzuk, eta estudianteen arteko trukea handia izango da; campus bat partekatuko dute bi zentroek. Aukerak ere irekiko dira euskararentzat: hiru hizkuntzen artean —okzitaniera, frantsesa eta gaztelania— ito ez dadin, euskarak «nortasun berezia» izango du, eta haren «garapena bultzatuko dute, betiere eleaniztasunari bidea itxi gabe.

HERRITARTASUNA

Gazteen aldeko apustua

Argi zehaztu dute: gazteriak du etorkizunaren giltza. Gazteenen alde apustu irmoa egiteko asmoan bat dator euroeskualdea, uste baitu haiek direla «mugarik gabeko geroaren protagonista nagusiak». Urkulluk berak gazteen garrantzia goraipatu du etorkizuneko gizartea eraikitzeko. Haien jardunarekin lotu du euroeskualdea indartzeko premia: «Euroeskualdea sendotu nahi dugu, gure etorkizuna ere Europa indartsuago batean baitago». Kultura aniztasunaren eta ezberdinen arteko elkar ezagutzaren bidetik hesiak eraistea posible dela dio planak.

GOBERNANTZA

Maila askotarikoa, irekia

Gobernantza zabala; maila askotariko proiektuen araberako kudeaketa sustatuko dute. Indarrak ere metatuko dituzte euroeskualdeaz harago, jakinda mugaz gaindi badirela zeresana eduki dezaketen erakunde gehiago. Foro bat abiaraziko dute beste erakundeekin harremanean aritzeko. Zehatz mintzatu da Rousset: «Akitanian bizi garenok hegoaldera begiratzen dugu iparraldera baino gehiago». Urkulluk ere horri eutsi dio: «Mugak desagertzea da egiazko erronka; muga efektua kendu behar dugu burutik».

INGURUNEA

Lurralde iraunkorra xede

Besteak beste, esparru naturalak, parkeak eta baserri eremuak babestu eta zaintzearen aldeko gakoak finkatu ditu planak. Energia berriztagarrien alde egin eta kutsadurari bizkar ematea hitzartu dute; funtsean, «lurralde iraunkor bat» lortzea da lehentasuna.

OSASUNGINTZA

Zahartzaroan irmo eragitea

Buruko gaixotasunen gorakadaz eta gizartearen zahartzaroaz kezkatuta, euroeskualdeak elkarlan estua bultzatu asmo du bi alor horietan. Justuki, asteon sinatu dute hitzarmena Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Akitaniako presidenteordeak. Buruko eriengan eta zahartzaroan jarri dute arreta; kasu horiei aurre egitea da erronka. Hala, nahitaezkotzat jo dute berrikuntzan eragitea, sendabideak eta gaixoen zaintzarako hobekuntzak topatuz. Aukera ekonomikoak ikusi dizkiote, halaber. Aurreneko proiektuak abian dira hainbat zentrotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.