Askapenaren aurkako epaiketa. Absoluzio epaia

Askapenakoak, azkenik aske

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Wendelin, Ganboa, Basañez, Vazquez eta Soto.Bost urteren ondoren, Askapenak ETArekin «harreman zuzenik» ez duela ebatzi dute epaileek

Bost auzipetuak —aurrean— Espainiako Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean, iazko urrian, epaiketa hasi zen egunean. J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ia bost urte eta erdiren ondoren, aske dira Askapenakoak. Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Gabi Basañez, Unai Vazquez eta Dabid Soto auzipetuak, eta ez du legez kanporatuko erakunde internazionalista. 2010eko irailean Pablo Ruz epaileak haien aurkako polizia operazioa agindu zuenean, «ETAren nazioarteko frontea» osatzea egotzi zien. Orain, auzipetuek kartzela, sakabanaketa, bermeak, baldintzapeko askatasuna eta epaiketa pasatu ondoren, Javier Martinez Lazaro buru duen epaimahaiak onartu du ez dela «inolako harreman zuzenik» frogatu Askapenaren eta ETAren artean.

Funtsean, auzipetuek akusatuen aulkitik defendatutakoa onartu dute epaileek sententzian. Hala azaldu zuen Wendelinek epaiketan: Askapena ENAM Euskal Nazio Askapen Mugimenduko kide da, beste hamaika herri eragile bezala, baina ez du egiturazko harremanik harekin. Alegia, espazio politiko-ideologiko bat dela ezker abertzalea, eta mugimendu bat ENAM. Eta ETA ere horren parte izan arren, urteetan Auzitegi Nazionalak defendatutakoaren kontra, dena ez dela ETA. «Egitura iraunkorrik ez dago, mugimendua delako».

Beste modu batean argudiatu dute hori epaileek: bereizi egin dituzte ETAk «sortu eta zuzendutako» erakundeak —erakunde «maskaratuak»: KAS-Ekin, HB-Batasuna eta Jarrai-Haika-Segi, esaterako—, eta «periferikoak» edo «sektorialak». Hala jaso dute 96 orriko sententzian: «[Askapena] Ez da, aurrekoak bezala, ETAren egiturako parte den erakunde bat». Hau da, «ezker abertzalearen balioak» bere eginda, baina «internazionalismoaren eta herrien arteko elkartasunaren eremu zehatzean» jardun duela.

Hasierako akusazioetan, ETAko kide izatea leporatzen zieten auzipetuei. Ondoren aldatu zuen tesia fiskaltzak, Askapenako kideek ETAri «lagundu» ziotela esanda. Hala, seina urteko zigorra eskatu zuen akusatuetako bakoitzaren aurka —hamarna urtekoa AVTk, eta zazpina urtekoa Dignidad y Justiciak—, eta Askapena,Askapeña Konpartsa eta Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen legez kanporatzea. Azken ondorioetan, erretiratu egin zuen azken hiru elkarteen aurkako eskaera.

ETArekin harremanik ez

Akusazioak «kide» izatetik «laguntzaile» izatera pasatzeak badu garrantzia. Izan ere, Askapenak ETArekiko «lotura zuzenik» ez duela eta legezko erakundea dela aintzat hartuz gero, Askapenako «zuzendari» izateak ez dakar inolako deliturik, epaileek azaldu dutenez. Askapena bera «terroristatzat» jotzeko, esaterako, «militantzia bikoitza» frogatu behar litzakete; hau da, Askapenako hainbat kide ETAko edo hark «zuzendutako» erakundeetako militante izan direla aldi berean. Eta halako kasurik ez dagoela ebatzi dute epaileek.

Hala, azken akusazioetan ETAri laguntzeari buruz bakarrik aritu da fiskaltza, eta, beraz, frogatu behar dena da auzipetu bakoitzak, hark egindako jarduera konkretuen bidez, ETAri lagundu diola. Adibidez, jendea zelatatuz, etakideak ezkutatu edo garraiatuz, haiei diruz lagunduz... Eta halakorik ez dago auzipetuen kasuan. Askapenaren jarduerari lotutakoak bakarrik daude instrukzioan, auzipetuek beraiek onartutakoak: brigadak antolatzea, foro sozialetan parte hartzea, EHL Euskal Herriaren Lagunak elkartasun batzordeekin harremanak izatea, jardunaldiak antolatzea...

Lan horretarako, Auzitegi Nazionalak ETAren erakunde «maskaratutzat» jotakoekin—eta beste askorekin— elkarlanean aritu izana onartu zuten auzipetuek. Vazquezek azaldu zuen estrategikoa dela hori Askapenarentzat, internazionalismoa ez dutelako «sektore» gisa ulertzen: «Askapena desagertzeko sortu zen, internazionalismoa, tresna gisa, sektore denek landu behar dutela uste baitugu». Epaileek onartu dutenez, harreman horiek izatea —Batasunarekin, Segirekin eta halakoekin izan arren— ez da ETAri laguntzea: «Erakunde 'maskaratu' horien izaera paralegalak, eta erakunde sektorial horien jarduna politikaren elementu periferikoen ingurukoa izateak ez du ahalbidetzen jarduera hori ETAri laguntzea dela esatea».

«Zantzuak» bai, frogarik ez

Azken batean, argudio horrekin ezetsi dute epaileek akusazioen tesia. Deigarriak dira horren inguruan egin dituzte bi aipu. «Akusazio idatziak [Espainiako Poliziaren] inteligentzia txostenen kopia dira, ia osorik», diote pasarte batean. Eta, hala ere, Askapenak beste erakundeekin izandako harremanekin justifikatu dute instrukzio osoa. Hau da, nolabait, esan dutena: orain auzitegiak berak jarduera politiko zilegitzat jotakoa bost pertsona atxilotu, espetxeratu eta epaitzeko nahikoa «zantzu» badela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.