Euskara. Euskaltzaindiaren mahai ingurua

Berrikuntzarako zimendu bila

Euskara biziberritzeko bidean egin beharreko aldaketak aztertu dituzte Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldi batean.

Adostasuna dago ziklo amaiera bat heldu dela eta aldaketak egin beharko direla
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzako aretoa leporaino bete zen atzo, <em>Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak</em> jardunaldirako.
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzako aretoa leporaino bete zen atzo, Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak jardunaldirako. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko otsailak 13
Adostasuna erabatekoa da jada: euskara biziberritzeko bidean ziklo baten amaiera dator, eta aldaketa batzuk egitea nahitaezkoa da. Bistakoa da azken hamarkadetan aurrerapausoak eman direla, baina hutsuneak ere badaude; besteak beste, ezagutzaren gorakadarekin batera ez dela etorri erabileraren igoaldia. Nola bideratu egoera hori, hainbat aldetatik aztertu zuten egoera atzo Bilbon, Euskaltzaindiak antolatutako Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak jardunaldietan. Oraingo egoeraren hutsuneak jarri zituzten agerian, eta soluzio bide batzuk proposatu ere bai. Estilo horretako saio gehiago antolatzeko asmoa dauka Euskaltzaindiak.

Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuko zuzendariak eginiko eskari baten haritik antolatu zuen atzoko jardunaldia akademiak. «Lidergoa» hartzeko eskatu dio Saezek Euskaltzaindiari. Iritzi ezberdinak sortu dira azken asteetan horri buruz. Andres Urrutia euskaltzainburuak saio hasieran esan zuen Euskaltzaindiak «zeregina eta zeresana» duela euskara biziberritzeko bidean. «Ez gatoz inoren lekua betetzera, ez inoren kontra». Bide beretik, Sagrario Aleman Sustapen Batzordeko zuzendariak esan zuen akademia beti aritu dela sustapen lanean, eta orain ere hala ari dela. «Hasiera besterik ez da gaurkoa».

PATXI SAEZ Soziolinguista

«Beharra badago, ezagutza eta erabilera etortzen dira»

Lorontzi baten irudiarekin alderatu du euskararen egoera Patxi Saezek: «Lur gehiago dugu, baina ez dio landareari indar gehiago ematen. Hiztunak irabazi ditu euskarak, baina ez da indartzen».

Euskara beharrezko egitea, hori da gakoa, Saezen ustez. Gurdiaren paradigma aurkeztu du. Batetik, bi gurpil: ezagutza eta erabilera. Bestetik, ardatza: beharra. «Beharra badago, ezagutza eta erabilera etortzen dira». Gaur egun, baina, ez du ikusten halakorik: «Non da beharrezkoa euskara? Inon ez». Hori ezean, alferrekoa da herritarren nahia eta motibazioa ardatz gisa jartzea, Saezen esanetan. «Borondatea izateak ez du bermatzen euskaraz egitea». Besteak beste, proposatu du «euskaraz egiteko ziurtasun eremuak» sortzea, euskaldunek jakin dezaten hor euskaraz aritu daitezkeela arazorik eduki gabe.

Aldaketa soziolinguistikoei begira ere jarri da. Batetik, euskara ez dela euskaldun gehienen lehen hizkuntza, eta gaztelaniaz erraztasun handiagoa dutela; bestetik, euskaldun gehienak inguru erdaldunetan bizi direla gaur egun. Erabileran eragina dauka horrek.

Elefantea ikusi agiria ere aipatu du; iaz aurkeztu zuen, ohartarazteko euskararen erronka nagusia lan mundua euskalduntzea dela.

BITTOR HIDALGO Euskal Filologian doktorea

«Euskal herritar guztiek euskaraz dakitenean egongo da zoru komuna»

Euskaldunek «irabaztekoa» dutela, eta horretarako gidalerro batzuk aurkeztu ditu Bittor Hidalgo doktoreak. Euskaldunen komunitatea kontzeptua hartu du oinarri: euskaraz jakin eta hala bizi nahi duten herritarren multzoa. Komunitate «plurala» dela uste du, eta «adjektiborik gabea» izan behar duela. «Irabaztea» aipatuta, berriz, bi aukera: batetik, euskaldunak euskaraz «eroso» bizi ahal izatea Euskal Herrian ?«demokraziarekin lotua dago hori»?; bestetik, herritar guztiak euskaraz bizitzea ?«desideratuma»?.

Lehen gidalerroaren oinarri gisara, hain justu, demokrazia hartu du: erdaldunen eta euskaldunen arteko berdintasuna lortzea. «Euskaldunentzat, irabaztea litzateke hori». Horretarako baldintza bat ikusten du: euskaraz jakitea euskal herritar guztiek. «Orduan egongo da zoru komuna». Bide horretan, uste du erdaldunei gogorarazi behar zaiela «zorra eta betebeharra» dutela euskal hiztunekiko. Bigarren ildoarekin, pauso bat harago jo du: «Intsumisioa». Euskaraz egitea «dakiten guztiei, ulertzen duten guztiei eta jakin beharko luketenei». Horretarako abagunea badela uste du, elebidunen eta elebidun hartzaileen kopuruei begiratuta. «Baina koldar batzuk gara». Hirugarren ildoa da zein hartu bigarren hizkuntza modura: gaztelania eta frantsesa atzerago uztearen alde egin du Hidalgok, eta ingelesa izatea bigarren hizkuntza.

KIKE AMONARRIZ, JASONE MENDIZABAL Topalabea taldea

«Osasuntsu ez gaudela denok ikusi dugu; ez dira aurreikuspenak bete»

Euskararen biziberritzeari buruz gogoetan ari dira batean eta bestean, eta joan den uda aurretik dokumentu bat prestatu zuten hamar adituk, Topagunearen altzoko Topalabea taldean: Berrikasi eta berrikusi. Hainbat herritan aurkeztu dute agiria. Taldeko bi kide izan dira jardunaldian: Kike Amonarriz soziolinguista eta Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria. Orain arteko bidearen errepaso kritikoa egin dute, eta ondorioa atera: «Ez gaudela osasuntsu denok ikusten dugu. Genituen aurreikuspenak ez dira bete», esan du Amonarrizek. Aldaketa garaia sumatzen du: belaunaldi aldaketa, aldaketa soziopolitikoak eta aldaketa globalak.

Euskalgintzak «arrakasta erabatekorik» ez duela lortu ohartarazi du Mendizabalek: «Ez du hegemoniarik irabazi». Proposamen batzuk egin dituzte Berrikasi eta berrikusi dokumentuan. Besteak beste, «euskaltzaleen konpromiso partekatua» adostea, zoru komuna kontzeptuarekin. Hizkuntza politikaren gidaritzari dagokionez, hiru alde jarri dituzte: alderdi politikoak eta instituzioak, eragile sozialak eta «autoritate zientifiko bat, denek onartua». Eta alderdi politikoei eskatu diete «blindatzeko» euskararen gaia: «arnasgune politikoa» nahi dute.

Hizketaldirako tartea sortu du dokumentuak. Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, adibidez, azaldu du alderdien arteko liskarretan zerikusia baduela euskararen gaiak ere, eta zatiketak ez direla alderdien artekoak bakarrik: «Euskalgintzan ere badaude». Bidenabar, «sukalde lana» eskatu du. «Orain bakoitza berean ari da». Aleman euskaltzainari «zaila» iruditzen zaio alderdien «arnasgune» hori lortzea: «Ideologia jartzen dute euskararen gainetik». EH Bilduko parlamentari Xabier Isasik politika aldarrikatu du: «Zer kalte egiten dio lehia politikoak euskarari? Ez diogu kalte egiten». Amonarrizek erantzun du gatazkarako erabiltzeak egiten duela kaltea: adibide modura aipatu du Lesakako Udala Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik nola atera berri den.

PATXI JUARISTI Euskaltzain urgazlea

«Gatazka beti egongo da, baina ahuldu daiteke»

Hizkuntzen arteko gatazken aurrean zer egin, hori izan du hizpide Patxi Juaristi soziologo eta euskaltzain urgazleak. Haren esanetan, bi hizkuntza ukipenean daudenean gatazka sortzen da. «Euskal Herrian ere elebitasun desorekatua dugu, mendekotasun harremanak». Gatazka hori diskurtsoetan nabari dela azaldu du. Bi joera nagusi bereizi ditu. Batetik, euskararen aldeko diskurtsoa: diru publikoa bideratzearen aldekoa, lanpostuetan euskara exijitzearen aldekoa... Bestetik, kontrakoa: hainbesteko ahaleginak ez duela merezi, euskara baino garrantzitsuagoa dela ingelesa ikastea... «Gatazka beti egongo da, baina ahuldu daiteke». Uste du arauak behar direla, baina horiek «barneratzea» dela erronka.

Balio etikoetan oinarritutako diskurtsoak behar direla adierazi du Juaristik. Lau gako aipatu ditu: egia ?«aurreiritzien eta esamesen aurka»?, askatasuna ?«hautatzeko eskubidea»?, errespetua ?«elkar ulertzea batzuek eta besteek»?, eta justizia ?«hizkuntza bakoitzari bere egoeraren arabera lagundu behar zaio; euskararen aldeko politikak bultzatzea justiziazkoa da, euskararen eta erdaren arteko desoreka eta ezberdintasunak murrizten direlako»?.

OLATZ ALTUNA Soziolinguistika Klusterreko kidea

«Erabilera gaztetu egin da; zenbat eta gazteago, erabilera handiagoa da»

Kaleko erabileraren neurketaren arduraduna da Olatz Altuna, Soziolinguistika Klusterreko kidea ?hain justu, aurten egitekoa dute neurketa?. Orain arteko datuen eboluzioa aztertu du. 1989-2011 artean 2,5 puntu igo da euskararen kaleko erabilera Euskal Herrian, baina herrialdetik herrialdera desberdintasun handia dago: bere horretan dago Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ?pilatuta dituzte Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datuak?; Gipuzkoan hamar puntu igo da erabilera; eta Bizkaian, berriz, jaisten ari da azken urteetan.

Zenbakien azpian, joera bat: «Gaztetu egin da erabilera. Zenbat eta belaunaldi gazteagoa, erabilera handiagoa da. Hurrenkera egokiena da hizkuntza berreskuratzeari begira». Tartean badira, hala ere, kezkatzeko motibo batzuk: Nafarroan, adibidez, jaitsi egin da umeen euskara erabilera.

Hainbat proposamen ere egin ditu Altunak. Batetik, ikerketari begirakoak: «bizitzaren zikloa» aintzat hartzea ikerketetan ?nabaritu dute nerabezaroan eta 50 urtetik aurrera erdararako joera handiagoa dela?, hizkuntza gaitasunaren kategorizazioa egokitzea eta gazteei ahotsa ematea. Bestetik, erabilera sustatzeari buruzkoak: ahozko komunikazioa lantzea gazteekin eta hezitzaileekin, gazteen kirolean euskara aintzat hartzea, lan arloan hizkuntza ohiturak aldatzeko irizpideak zabaltzea, Lanbide Heziketa euskalduntzea, adinekoekin lan egitea...

Beste proposamen bat ere bai: «Prestigioa ematea tokian tokiko euskarari». Hipotesi bat du oinarrian eskari horrek. Bizkaian erabilera jaitsi egin dela eta, uste dute horrek zerikusia izan dezakeela bizkaieraren eta euskara batuaren arteko ezberdintasunarekin. Hori zuzentzeko proposamena da.

BIKAIN URKIDI Lemoizko barnetegiko irakaslea

«Euskarak zoriontsu egiten gaitu? Horretan lagundu behar digu»

Emozioei begiratu die Bikain Urkidi Lemoizko barnetegiko (Bizkaia) irakasleak ?euskal girotze barnetegia da; 8-13 urteko ikasleak joaten zaizkie ikastetxeetatik?. Bertsotan egin du hitzaldi gehiena. Azaldu du «gatazkak normal hartzea» dela bidea. Hau esan du: «Derrigorrean eginaraziz, eta gero penetan; orain arteko estrategia ez da egon bihotzetan». Ildo horretan, Saezek mahai gainean jarritako elefantearen irudia erabili du argudiotzat: «Elefantea bihotza da». Hori lantzeko, baina, «norberaren emozioak kudeatzen» ikastea nahitaezkotzat jo du Urkidik. Gogoetarako gaia jarri du airean: «Euskarak zoriontsu egiten gaitu? Zoriontasunean lagundu behar digu euskarak».

PAXKAL INDO Euskal Konfederazioko kidea

«Zerbait gehiago egin ahalko dugu tresna berriak lortuta»

Aldaketa garaiak dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Euskal Konfederazioko ordezkari Paxkal Indok azaldu du mankomunitate bat lortuko duela Ipar Euskal Herriak datorren urtetik aurrera, eta hor aukerak izango direla euskara biziberritzeko: «Zerbait gehiago egin ahalko dugu tresna berriak lortuta».

Ohartarazi du Frantziak hizkuntza gutxituak ezagutu gabe jarraitzen duela, eta euskararen aldeko lana gizarte zibilaren esku dagoela «kasik osoki». Hezkuntzan egindako lana jarri du adibide gisa. «Borroka batzuk» irabazi dituztela ere nabarmendu du; adibidez, Parisen hizkuntza gutxituei buruz esaten dituztenak ez direla jadanik Ipar Euskal Herrian entzuten. Euskara garatzeko bideak nondik ireki, hori dute kezka. Frantziako legeek onartu duten aukera bat aipatu du: esperimentazio gisa, murgiltze eredua ezartzea, adibidez. «Eskumen gehiago ukaiteko estrategia da».

JOSU WALIÑO Puntueus fundazioko zuzendaria

«Euskararen irudia handiago agertu behar dugu Interneten»

Euskararen erabilerari buruz hitz egitean Internetekin inor gutxi gogoratzen dela ohartarazi du Josu Waliñok, PuntuEus fundazioko zuzendariak. Alor horrek garrantzi handia duela azaldu du: Andras Kornai hizkuntzalariaren ikerketa baten arabera, munduko hizkuntza guztien %5 bakarrik erabiltzen dira sarean, eta gainerakoak «hiltzera kondenatuak» daude. Horregatik, euskarak alor hori «konkistatu» egin behar duela nabarmendu du Waliñok. Anjel Lertxundi idazlearen ideia bati tiraka, zortzigarren lurraldea kontzeptua hartu du. «Ez, ordea, geografikoki planteatua, euskal hiztun digitalen erreserba gisa». Ispilu izan behar du sareak, baina handituta: «Euskararen irudia handiago agertu behar dugu Interneten». Euskarak komunitate digital aktiboa daukala aitortu du Waliñok, baina txikia da komunitate hori. Horregatik, euskararekin konpromisoa dutenak erakarri behar direla uste du, «sarean bizirik dauden hizkuntzen %5 horretan euskara ikusgai mantentzeko». Gisa horretan Interneteko eragile handiek euskara aintzat hartuko dutela esan du.

Hori lortzeko bidea .eus domeinua izan daiteke, Waliñoren esanetan. Domeinu hori duten webguneen %88k dute euskarazko edukia; gainerakoetan, %20k. Elkarlanerako deia egin du, hortaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna