Sutea Nafarroan

Sute eremua, egonkor

Azken 30 urteetan Nafarroan izandako suterik handiena da Puiukoa, eta 3.000 hektareari eragin dio. Foruzainek zigarrokin bat aurkitu dute sua piztu zen tokian
AP-15 autobidean hasi zen sua, erdibitzailean. Irudian ikusten da nola hasi zen hedatzen, erabat zabaldu arte.
AP-15 autobidean hasi zen sua, erdibitzailean. Irudian ikusten da nola hasi zen hedatzen, erabat zabaldu arte. NAFARROAKO GOBERNUA

Iker Tubia -

2016ko abuztuak 27
Malkoak begietan, baina lasaiago daude Nafarroako Erdialdean. Dagoeneko lortu dute sutearen perimetroa egonkortzea, eta sua ez da herrietara ailegatu. Hala ere, paisaia erabat belztu da Tafalla inguruan. Herenegun, sua piztu zen Puiun, AP-15 autobidearen parean, eta 2.700 eta 3.000 hektarea ingururi egin die kalte. Hamabi kilometroko perimetroa izan du suteak, eta larrialdi zerbitzuetako langile anitz behar izan dituzte sua kontrolpean hartzeko. Nafarroan azken hiru hamarkadetan izan den suterik handiena da. Foruzainek uste dute gidari batek autotik kanpora botatako zigarrokin batek eragin duela, sua piztu zen tokian zigarrokin bat aurkitu baitute.

Atzo goizean, Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Maria Jose Beaumont Presidentetza, Justizia, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilaria Puiun izan ziren, beste agintari batzuekin batera, igerilekuan paratu duten aginte postuan. «Ez bada inolako konplikaziorik, 24 orduan sutea bukatzea espero dugu», azaldu zuen Barkosek. Gainera, sua itzaltzen aritu diren langile eta boluntario guziei eskerrak eman zizkien, haiei esker sua ez baitzen herrietara ailegatu; nahiz eta anitz hurbildu zen: Garinoaindik 600 metrora, Añorbetik 700 metrora eta Artaxoatik 800 metrora gelditu zuten. Tafallako eta Puiuko herrien lurrei ere eragin zien suak.

Kalteak, kalkulatzeko

Barkosek azaldu zuenez, oraindik goiz da kalteak zenbatekoak diren jakiteko. Batik bat, idorreko nekazaritza lurrak, idorreko baratzeak, baratzeak, sasiarteak, artadiak eta hariztiak, eta basotzeko landuriko pinuak erre dira. «Suak eremu handiari eragin dio, baina horrek ez du esan nahi, halabeharrez, eremu hori osorik erre denik», azaldu zuen. Izan ere, haize boladen eraginez, suak abiadura handia hartu zuen, batik bat hasieran, eta, beraz, sastrakak erre baziren ere, hainbat baso ez.

Arturo Goldarazena Tafallako alkatea ere Puiura joan zen, eta gertatutakoa «hondamendia» izan dela esan zuen. «Eremuari dagokionez, kalterik handiena ez da Tafallan izan, baina, balio ekologikoari dagokionez, Muskil mendiko hariztia erabat erre da. Harizti oso zaharra da; Nafarroan oso gutxi dira ezaugarri horiek dituztenak». Nafarroako Gobernua heldu den astean bilduko da kaltetutako herrietako alkateekin.

Sua Puiu eta Tafalla artean piztu zen herenegun, AP-15 autobideko erdibitzaile batean, ustez, gidari batek botatako zigarrokin batengatik. Larrialdi zerbitzuek deia jaso zuten 11:55ean. Bien bitartean, su korridorea oso agudo zabaldu zen, bospasei orduan hamabi kilometrora zabaldu baitzen. Autobideko bi bide, bazterbidea, trenbidea eta N-121 errepidearen gainetik igaro zen, eta baratzeak zeuden inguru batera ailegatu. Orduan, bi aldetara ireki zen sua, hego-mendebaldeko haizeak bultzaturik. Sutearen adar bat Artaxoa ingurura zabaltzen hasi zen, eta bestea, iparraldera, Añorbe ingurura.

Lan gogorra

Larrialdi zerbitzuetako kideek «lan oso gogorra» izan zutela azaldu zuen Javier Baiona Nafarroako Gobernuko suhiltzaile zerbitzuko zuzendariak. Bezperako egoera meteorologikoa antzekoa zen atzo; beraz, sutearen boladarik larrienean zegoen langile kopuruari eutsi zioten. «150-200 lagun aritu dira gauez lanean, eta haientzako oso gogorra izan da. Tenperaturak eta eremuaren egoera aurka zituzten; beraz, meritu handia dute».

Larrialdietako zerbitzuak ez ezik, sua hasi zenetik hainbat herritar ere joan ziren itzaltzeko lanetan laguntzera. Beaumontek gogoratu zuen nekazariek traktoreekin egindako suebakiak, adibidez, «oso garrantzitsuak» izan zirela. Beste batzuk baliabide onik gabe baina gogotsu joan ziren laguntzera. Adibidez, Juantxo Garaigordobil. Puiun bizi da, eta beste herritar batzuekin batera abiatu zen sutearen eremura. «Erabat etsiturik joan ginen. Ez zen modurik. Sugarrek txapar bat hartuko zutela ikusirik, agudo joaten ginen hara adaxkekin sua itzaltzeko, baina, bat-batean, sua izugarri handitzen zen, eta atzera egin behar zenuen. Beraz, hura ikustea baizik ez...», esaldia ezin izan zuen bukatu, negarrez hasi baitzen. «Deus ezin duzula egin ikusirik, egoera oso gogorra da, eta sentsazioa... Izorraturik geratzen zara». Emozionalki ez ezik, fisikoki ere oso gogorra izan zen lana: «Eguerditik zeudenak jota zeuden arratsalderako, eta gainera leher eginda, bero handia egiten zuelako».

Atzo ere, Puiuko herritarrak etsiturik ziren. Batzuk Santiago baselizara igo ziren suaren ondorioak ikusteko, hori baita herriko punturik gorena. Panoramika beltza zuten handik. Txaro Guillen puiuarrak buelta bat eman zuen erretako txokoetan barrena. Hunkiturik mintzatu zen. «Beldurra izan genuen. Sua etxeetara iristeagatik ez, baina, sua hain azkar zabaltzen ikusirik, oso gaizki pasatu genuen». Mindurik zegoen, bere zelai eta bideak kiskalirik ikusita. «Zenbat denbora igaroko da landaredia berpiztu arte? Ez dakit hori berriz ere berde ikusiko dudan».

Txirrindulariak ere gerturatu ziren; ohiko bideak zituzten horiek. Antzera ibili ziren inguruan zeuden herrietako biztanleak ere. Bada eremu bat, puiuarrek mendia deitzen dutena. Berdea zen, baina orain beltza da. Bertako haritzak eta arteak erre egin dira. Eremu berdeak irlatxoak ziren lehen, paisaia idorrean. Orain, hori ere ez da geratzen. Guillen etsiturik zegoen: «Betiko berdea orain joan egin da».

Nafarroan aspaldi ez zen horrelako suterik izan; 1989. urtetik, alegia. Garai hartan, sute handi batek 2.781 hektarea kiskali zituen Bortzirietan. Eremu horretatik, 801 hektarea mendia zen; 755, larrea, eta 1.225, basotzeko landuriko hostozabal eta erretxinadun inguruak. Kalteak Bidasoa-Berroaran eta Kokoriko mendietan izan ziren, baita Etxalar, Igantzi, Bera, Lesaka eta Arantzako lur eremuetan ere. Hala ere, Euskal Herrian ez da hainbeste denbora igaro antzeko zabalerako suteak gertatu ziren azkenengo alditik. 2012. urtean, 2.380 hektarea erre ziren Arabako Mendialdearen eta Trebiñuren artean piztutako sutearen ondorioz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna