Maroko. Protestak Rifen

«Rifeko autonomia eskatuko bagenu, tankeak ere aterako lituzkete kalera»

Marokok eragotzi egin du Al-Hoceiman atzo egitekoa zuten martxa. Milaka polizia daude kaleetan, eta berrehun eta hirurehun lagun artean atxilotu dituzte. Protestekin bat egin duten ordezkariekin izan da BERRIA.

«Rifeko autonomia eskatuko bagenu, tankeak ere aterako lituzkete kalera».
Kristina Berasain Tristan.
Al-Hoceima
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun

Tetuandik Al-Hoceimarako bidean lau polizia kontrol daude. Itsasertzetik doan errepidea desertu bat da, mendi idorren artean; ur bila astoan doazen neskatoak ikusten dira tarteka, lasto fardel eskergak daramatzaten emakumeak, arrantzan ari diren gizon bakanak, eta herrixken artean, etxetxoak, mazelatan, zintzilik bezala. Paisaia idiliko horretan ahaztuta eta baztertuta dagoen herri bat bizi da. «Amazig herria amore ematen ez duen herri bat da. Inori ez dio otoi egiten, eta ez du inoren eskua musukatzen. Riftarrak beti borrokatu dira euren duintasunagatik, eta horixe egiten ari gara orain ere; gure oinarrizko eskubideen alde borrokatu, justiziaren alde, gure identitatearen alde».

Anir eta Massin ari dira hizketan. Izen asmatuak dira, benetako izenik ez aipatzea jarri baitute baldintza gisa elkarrizketa egiteko, baita topaketaren lekuari inolako erreferentziarik ez egitea ere. Hirak al-Xaabi Herri Mugimenduaren ekimenekin bat egin duten bi gazteok badakite zein den gaur egun hitz egitearen ondorioa; beraz, modu klandestinoan elkartu dira BERRIArekin.

«Nasser Zafzafi buruzagia atxilotu zutenetik, maiatzaren 29an, berrehun eta hirurehun lagun artean atxilotu dituzte. Hiria militarizatuta dago. Inoiz ez dugu horrelakorik ikusi; gerra batean ere ez duzu horrenbeste militar ikusten. Salbuespen egoera batean bizi gara».

Rif eskualdeko hiriburuko sarreran dago polizia kontrol handiena. Hirian barrena erruz ikus daitezke estatuko indar militar guztiak, bazterretan sakabanatuta, han eta hemen, izkina guztietan, asko eta asko kaleko jantzita. Al-Hoceimak 56.000 biztanle ditu, eta egunotan, ekintzaileek zabaldu dutenez, 20.000 militar inguru daude. Hiriaren inguruetan hiru kanpaleku militar ezarri dituzte.

Mouxine Fikri gaztearen heriotzaren ostean piztu ziren protestak isilaraztea da militarrak kalera erruz ateratzearen helburua. Anirrek, baina, argi dauka ez dutela lortuko euren asmoa: «Diktadura sendo bat da hau: ezin da protesta egin ere, ezin da hitz egin ere egin, baina, nahiz eta buruak eta hankak kentzen saiatzen diren, bihotzak eta kemenak jarraitzen dute».

Massin bat dator lagunarekin: «Horrenbeste atxiloketen ondoren, ez dugu atzera egingo. Denok dugu gure familian senideren bat atxilotuta, semea ez bada anaia, edo, bestela, laguna... Beldurra galtzen ari gara; 'sar nazatela ni ere', pentsatzen duzu. Borroka bidezkoa da, eta zure alea jarri behar duzula uste duzu. Hortxe dago esperantza, denok egin dugula bat borrokarekin. Denok gara Hirak al-Xaabi. Eta Rif osoa ez da kartzelan sartzen. Hesi bat eraiki beharko lukete hemen ere».

Ramadanaren bukaera

Ilundu du, eta beste gau batez kalera atera dira herritarrak. Atxilotuak aska ditzatela eskatzea da orain manifestarien aldarrikapen nagusia. Atzo egitekoa zuten martxan ere hori eskatu nahi zuten: kalera ehunka lagun atera baziren ere, ordea, militarrek protesta ekintza eragotzi zuten. «Milaka polizia daude kaleetan, hiriko sarrera guztiak itxi dituzte, baita inguruko herrietara doazenak ere; Imzurenera, Bukidarenera, Ait Abdalara, Ait Kamarara, Beni Buayaxenera... Estatu polizial bat da hau». Sidi Abid auzoan hainbat lagun atxilotu zituzten.

Ramadanaren Eid al-Fitr festan, azken barau egunean, protesta erraldoi bat egitea zen asmoa. Egun sinboliko horretan agintariek bihozberago jokatuko zutela uste zuten, baita erregearen indultua etor zitekeela pentsatu ere, baina egoerak okerrera egin zuen berriz ere, duela zortzi hilabetetik, iragan urriaren 28tik, egunez egun gertatu den bezala.

Fikri hil zuten egun horretan. Arraina saltzen ari zen, baina haren merkantzia kendu eta zabor kamioi batera bota zuten hiriko portuko zaindariek. Saltzailea kamioi barrura sartu zenean, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu egin zuten, eta hantxe bertan zapalduta hil zen.

Horrek inflexio puntu bat ezarri zuen. Anirrek eta Massinek ondo gogoan dute egun hura, baita ondoren piztu zen herri erantzuna: «Amazig herria ez da inoiz hil, lotan zegoen eta egun horretan esnatu egin zen».

Oinarrizko eskubideak eskatzeari ekin zioten orduan; unibertsitateak, ospitaleak, azpiegiturak... Independentzia eta autonomia aldarrikapenik ez ote duten egin galdetuta erantzun argia eman du Anirrek: «Rifeko autonomia eskatuko bagenu, tankeak ere aterako lituzkete kalera. Pentsa zer ari diren egiten oinarrizko erreforma sozial, ekonomikoak eta politikoak eskatuta. Uste dut funtsean inork ez duela sistema horrekin bizi nahi, baina ez dugu arriskatu nahi hemen genozidio bat gertatzea. Independentzia eskatu bagenu ezereztatu egingo gintuzkete».

Gazteen arabera, baina, herri baten identitatea ere badago jokoan: «Identitate batean dauka jatorria borroka honek. Amazigak gara, berebereak, eta erresistitzen jakin duen herria da gurea, islamizazioaren, arabizazioaren, kolonialismoaren aurrean. Horren erakusle da bizirik gaudela, eta orain ere erresistentzian ari garela, gure kultura babesten, amazigeraz mintzatzen, tarifitaz. Min ematen die horrek guztiak, min handia, badakitelako lur honen jatorrizko herritarrak garela, eta zilegi diren eskubideak aldarrikatzen ditugula. Horiek kendu nahi dizkigute, gure historia ezabatu nahi dute».

Amazigek azken mendean sufritu duten jazarpen eta bazterketak zauri sakona utzi du Rifen. «Genozidio asko gertatu dira hemen. 1958-1959an Hassan II.ak, artean errege ez baizik printzea zenean, genozidio bat egin zuen hemen: zibilei eraso egin zien, napalm eta fosforo zuriarekin; emakumeak bortxatu, etxeak arpilatu, herritarrak torturatu. Milaka lagun hil zituzten, eta zauri hori oraindik zabalik dago».

Arma kimikoak

Anirrek denboran atzerago egin du, historiaren errepaso zehatz bat eginez, zauriak zaharragoak direla esanez, amazigek memorian iltzatuta dauzkateb datak gogoratuz, ulertarazteko egungo erresistentzia mendeetakoa dela, behinolako injustizia amaigabeen ondorio, eta egunotakoa urteetan pilatutako amorrua dela.

«Espainiako armadak 1921 eta 1927 bitartean arma kimikoak bota zituen Rifen». Annualgo borrokaz ari da: amazigek kolonizatzaileak garaitu zituzten, 1921eko uztailaren 15ean, eta lau urtez iraun zuen errepublika aldarrikatu zuten, Yemauria Rifia. Espainiaren erantzuna berehalakoa izan zen; hegazkinek ziape gasa bota zuten zibilen kontra. «Eskualde horietan minbizi tasa izugarriak daude gaur egun; horregatik eskatzen dugu ospitale onkologiko bat», azaldu du Massinek.

Errepublikako garai hura idealizatuta dute, arbasoen bidez bizirik mantendu baitute. «Mohammed Abd el-Krim el-Khattabiren seme alabak gara», dio Massinek. Rifeko errepublikako liderraren izpiritua bizirik dago, eta horren erakusle da manifestazioetan gero eta gehiago direla haren irudia daramaten gazteak.

«Abd el-Krim sinbolo bat da guretzako eta bizirik dago guregan. Momentu historiko batean gaude berriz ere». Errepublika garaiko ikurra kalean ikusteak, belaunaldi gazteen eskuetan, garai hura ahaztu ez duten seinale da: «Gu errepublikako banderarekin identifikatzen gara. Rifeko errepublikako bandera kalean ikusteak bereziki ematen dio mina erregeari. Amazig ikurra, amazig herri guztiak ordezkatzen dituena, onartuta dago, baina errepublikakoa bi urteko kartzelarekin dago zigortuta. Errepublika hitza aipatze hutsagatik kartzelan sar zaitzakete».

Rifen, urre beltzarekin, haxixarekin etengabeko kontrabandoan aritu diren bezala, modu klandestinoan sartzen ari dira orain errepublikako ikurra. Marokokoa bezala, bandera gorria da hau ere, baina erdian erronbo zuria dauka, eta horren barruan ilargi erdi berdea eta sei puntako izarra. Inork ez du esaten nola eskuratu duen, baina diasporan dauden amazigak ekoizten ari direla zabaldu da.

Marokorentzat ikur separatista da, eta oso gutxitan ikusi ahal izan da orain arte publikoan. 2012ko martxoan hainbat ekintzailek oso leku esanguratsuan paratu zuten, Axdirren, Abd el-Krimen jaioterrian, Rifeko Errepublikaren Komandantzian.

Errepublika labur hura sortu eta ia mende batera ikurra berriro ikus daiteke Rifen. Marokoren independentziatik, 1956tik, debekatuta egon bada ere. Hassan II.ak, jada errege zenean, 1984an, beste matxinada bat zapaldu zuen indarkeria osoz, aitaren lekukoa hartuz. «Orduko gazteek abiatu zuten protesta, ikasleek bereziki, eta 500 lagun sartu zituzten kartzelara».

Hirak al-Xaabi mugimenduan daudenetako askok garai hartako matxinadan ere hartu zuten parte. MCA Amazig Kulturaren Mugimenduan ere aritu da Anir.

Mohamed VI.a egungo erregearekin ere bazterketa bere horretan dela dio. «1999an iritsi zen tronura. Al-Hoceimara ere etorri zen; Abd el-Krimen semeari ere eskua eman zion, pentsa, baina orduko promesak ezerezean geratu dira».

Begi bistakoa da errepideak konpontzen hasi direla, baina gazteen hitzetan «sinbolikoak» dira. «Makillaje hutsa da, ez dira erreformak: ez duzuna egin 60 urtean ezin da bi egunetan egin. Hemen ez dago estolda sistemarik, ez baliabiderik kaleak argiztatzeko, etxe guztietan ura izateko, ez dugu zinemarik... Orain esaten dute unibertsitate bat egingo dutela, baina, nahiz eta ospitale bat egin, unibertsitate bat, zer gertatuko da gero? Al-Hoceima hiri ederra da, baliabide naturalez betea, itsasoa, mendiak, parke naturalak... baina ez dugu ezer; langabezia tasa %65 da».

Marokoko hiri handi guztietan dauka jauregia Mohamed VIak. Al-Hoceimakoa badiara begira dago eta uda honetan gerturatuko den ikusteko dago. «Astebete pasatu izan du hemen orain arte», diote bi gazteek. Erregeak asteburuan bertan egindako adierazpenekiko ere mesfidati agertu dira. PGD Justizia eta Garapenaren Alderdi islamistari leporatu dio proiektuen atzerapena komunikatu baten bidez, «atsekabetuta, etsituta eta kezkatuta» dagoela ez direlako obrak ezarritako epean gauzatzen ari. Massinek hitz betean laburbildu du: «Barregarria da».

Amazigen hizkuntza

Agintean bost urte daramatzaten islamistentzat ere ez dute hitz onik. «Eskubideak ukatu dizkigute. Hezkuntzaren alorrean, ezin dugu amazigen hizkuntzan ikasi». Hezkuntza sistemaren egoerari erreparatu diote Anirrek eta Massinek. «Analfabetismo tasa itzela daukagu, eta herrialde baten etorkizuna hor dago; liburuak dira armarik eraginkorrenak, bada hemen hutsaren hurrena da hezkuntza. Munduko herrialdeen zerrendan azkenekoetan gaude; Libia Maroko baino hobeto dago, eta gerran daude».

2011ko otsailean, iraultza arabiarrak bete-betean zeudenean, amazigera hizkuntza ofizial egin zuten protestak saihesteko —bost gazte amazig hil zituzten orduan Al-Hoceiman—, baina errege dekretua ez zen bete, eta eskoletan amazigera ikasteko akordioa bertan behera utzi zuten islamistek. «Tarifit hizkuntza ofizial egin nahi zuten, baina alfabetoa aldatu gabe, hau da, alfabeto arabiera erabiliz eta 'ez alfabeto txinatar hori', horrela esan zuten islamistek, gure alfabetoa txinatarrarekin alderatuz, modu iraingarrian».

Rifeko haurrek etxean ikasten dute amazigera, baina ez dago libururik ama hizkuntzan, eta eskolan arabieraz ikasten dute; hortaz, ez dakite amazigeraz irakurtzen eta idazten. «Elebitasuna ez da bermatzen eta herrien izenak ere ez dira amazig alfabetoan idazten», salatu du Massinek. Alderdi politiko amazigak ere debekatuta daude, eta orain arte antzuak izan dira alderdi propioak sortzeko ahalegin guztiak.

Anir eta Massin, hala ere, harro daude amazig izateaz: «Herri zaharra da gurea, milaka urteko kultura bat dauka, bakana, hizkuntza, janaria, janzkera, musika, artea, toponimia propioa daukagu... Arabizazioa itzela izan da, emakumeek zapia janzten dute orain, berez laikoak bagara ere, baina iraganean bezala erresistitzen jarraitzen dugu, oraindik gure herria eta gure kultura bizirik dago. Izatea edo ez izatea. Hori da gakoa. Gizon eta emakume libreak izatea, hori da amazig hitzaren esanahia»

Mohamed VI. plazan ez da inor ikusten, poliziak baino ez, 40 bat furgoi. Hori izan da protesten epizentroa, baina, orain isilik dago, Martirien plaza. Tarifitez jarri diote izen berria herritarrek, bazter batean pintatuta. Al-Hoceimako sarreran dagoen mendi muinoan, arabieraz, zuriz pintatutako harriekin osatutako esaldiaren azken hizkia ere aldatu dute. Jainkoa, aberria eta erregea, irakur daiteke letra larriz. Hirak al-Xaabi mugimenduko gazteek herrialde osoan nonahi ikus daitekeen esaldi horren egokitzapen propioa egin dute: Jainkoa, aberria eta herria, diote orain. Ijan wawar ikfaa, hitz bakar batekin aski da, amazig esaera zaharrak dioen bezala.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.