Eusko Jaurlaritza. Urte politikoaren hasiera

Espetxeen kudeaketa negoziatuko du Jaurlaritzak, ez espetxe politika

Estatutua «betetzera» mugatuko da Jaurlaritza, Madrilekin irailerako finkatuko dituen negoziazioetan. «Errealitate nazionalak» aitortzeko eskatu die Urkulluk Espainiako Estatuari eta Europari

Eusko Jaurlaritzako gobernu taldea, Donostiako alkatearekin eta Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera, atzo Donostiako Miramar jauregian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
Donostia
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak urte politikoari hasiera eman dio, atzo Donostiako Miramar jauregian eginiko gobernu bilerarekin. Autogobernua, Katalunia eta atentatu jihadistak izan ditu hizpide, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gobernu bilera osteko prentsaurrekoan. Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketetarako datak irailean finkatuko dituztela. Horietan, Gernikako Estatutua betetzeko geratzen diren eskumenen inguruan arituko dira, 34 guztira. Jaurlaritzarentzat lehentasunak Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eta espetxe sistema dira.

Urkulluk argitu du espetxe sistemaren inguruan estatutuan ageri dena «bakarrik» eskatzen duela, «beste erkidego batzuek—Kataluniak— duten bezala». Hortik kanpo kokatu ditu espetxe politika eta «presoen egoera». Halere, lehendakariak adierazi du Espainiako presidente Mariano Rajoyk ezagutzen dituela Jaurlaritzaren planteamenduak. Jaurlaritzaren azken proposamena sakabanatuta dauden presoak gutxienez Euskal Herritik 250 kilometrora gerturatzearen aldekoa izan zen, Urkulluk Rajoyri uztailean gogorarazi zion moduan. «Esperantza» du Urkulluk, Rajoyk euskal presoen gaian pausoren bat eman dezakeelakoan.

Lehendakariak dio Jaurlaritza «diskrezio osoz» ari dela lanean «biolentziaren amaiera ordenatua lortzeko». Hor barnean kokatu du espetxe politika kudeatzeko «beste era bat»: «Biktimak, presoak eta euren senideak kontuan izango dituena». Eskumenen inguruko elkarrizketetan, ordea, ez dute gai hori negoziatuko.

Lehendakariarentzat, «ukaezina» da egungoa ez dela apirilaren 8ko egoeraren —ETArenarmagabetzearen— eta 2011ko urriaren 11koaren —ETAren jarduera armatuaren behin betiko etetearen— berdina. Gainera, «abaguneko testuinguruaren arabera» lan egin eta hausnartu beharra azpimarratu du. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak «gizarteratzeko bide legalari heltzeko erabakia» hartu izana ere garrantzitsua iruditzen zaio.

Egiteko geratzen den «beharrezko» pausoetako bat da ETA desegitea, Urkulluren arabera: «Beste erabaki batzuk bezala, hau ere iristea espero dugu». Horretarako euren esku dagoen guztia egiten ari direla azaldu du.

Lehendakariak, halaber, garbi utzi du Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari dagokionez ere estatutura mugatzen direla. «Azkenaldian, Espainiako Konstituzioan eta EAEko Estatutuan oinarritzen ez diren adierazpenak entzun ditut», azaldu du, zabaldu diren hainbat informazio euren planteamenduetatik urrun daudela azpimarratzeko.

Hitz egiteko deia

Urkulluren esanetan, Espainiako Estatuaren «nazio aniztasunaren» artikulazioa konpondu gabe dago: «Aitorpen falta dago errealitate nazionalei». Horiek Madrildik eta Europatik iritsi behar direla uste du.

«Euskadik ez du bozkatu zuen estatutua», adierazi du, «ezta Kataluniak ere». Horrek ardura politikoak eskatzen ditu lehendakariaren esanetan. Kataluniako prozesuaren hasiera duela urte batzuk kokatu du. 2006an, «Kataluniako gizarteak babestutako» estatutuaren erreformaren ondoren, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hainbat puntu konstituzioaren aurkako zirela erabaki zuen. «2010ean izan zen hori, eta ordutik ez da ezer egin konponbide politikoa mamitzeko».

Lehendakariak azaldu du, ordea, politika «konponbideak aurkitzeko» dagoela, eta dei egin die Espainiako eta Kataluniako gobernuei urriaren 1a —erreferendumaren eguna— baino lehen hitz egitera: «Hilabete eskas egon arren, denbora dago elkarrizketa eraikitzaileetarako». Halere, agerian utzi du nekez egin daitekeela hilabete batean zazpi urtean egin ez dena.

Lehendakariak esan du, Kataluniarekin alderatuz, Eusko Jaurlaritzak ideia ezberdina duela: «Horregatik azpimarratzen ditugu legealdi hasieran lortutako akordioak». Helburuak «adostasunez banatu» behar direla azaldu du. Kataluniako egoerak egun Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan eragin dezakeen galdetuta, Urkulluk ezetz erantzun du: «Gure aldetik ez». «Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioek autogobernuaren berezitasuna aitortzen dute, eta harremanetan aldebikotasuna sendotu», gehitu du.

Aldebikotasunaren bidea hartuta, «falta diren eskumenak bereganatzea Jaurlaritzaren gobernu programan ageri da, eta estatutuari atxikita doa», Urkulluk dioenez. Horri Eusko Legebiltzarrean martxan dagoen Autogobernurako Batzorde Txostengilearen lana gehitu dio.

«Legez dagokiguna betetzea planteatzen dugu». Horretarako,estatutua osorik betetzeko geratzen diren 34 eskumenak bereganatu nahi ditu Jaurlaritzak. Hori da atzo azaldu zuen proiektuaren lau zutabeetako bat: «Autogobernu gehiago eta hobea». Giza garapena eta integrazio soziala, enplegu eta suspertze ekonomikoa eta, bizikidetza eta giza eskubideak dira beste hirurak.

Jihadismoaren «mehatxua»

Larunbatean Bartzelonan eginiko manifestazioan egon zen Urkullu, eta hango eta Cambrilseko atentatuetako biktimak izan ditu gogoan urte politikoaren hasieran. Lehendakariak azaldu du Kataluniako hiriburura agertu zela «terrorismo guztien gaitzespena» beharrezkoa dela erreibindikatzeko: «Elkartasuna eta terrorismoaren gaitzespena ziren manifestazioaren helburuak».

Jaurlaritza jihadismoari aurre egiteko plan integral bat garatzen ari dela gogorarazi du. Lehendakariak adierazi du plan hori prest egongo dela irailaren amaierarako edo urriaren hasierarako. Arlo horretan, Segurtasun Sailak bi helburu nagusi ditu: «Zibersegurtasuna eta terrorismoa». Jaurlaritzako hainbat sail lanean ari dira jada «sortzen ari diren fenomeno berri horiei aurre egiteko». Segurtasun, Hezkuntza, Enplegua eta Gizarte politika sailei Lan eta Justizia saila batuko zaie orain. Horiek, Bizikidetza eta Giza Eskubideen idazkaritza nagusiarekin batera, ari dira lanean plan berria aurrera ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.